2014/12/14

#Eusgara

Euskararen Eguna dela eta, hainbat apunte edota galdera:
  1. Euskararen ezagutza handitu omen da azken urteetan baina ez erabilera. Euskara Batuaren ekarpena inork gutxik jartzen du zalantzan (nik ez behintzat), baina ez ote da garaia euskalkien erabilera sustatzeko, betiere testuingurua eta erregistroaren arabera, eta batez ere ahozkoan? Koldo Zuazok kontatzen du anekdota: bost urteko Elgetako ilobari galdera egin, zein dira asteko egunak?¸eta erantzuna: astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostirala, zapatua eta domeka. Eskerrak eskolarik ez den asteburuetan!
  2. Zaldieroren Mitxelena XVIak eta Yodak bezala, ez ote gara gehiegizko zuzentasunarekin larregi tematzen? Twitterren izan nuen eztabaida, duela hilabete batzuk, itsas-denborale ikaragarri hura izan zenean, eta olatu erraldoi haien erakusgarri hainbat bideo eta argazki argitaratu zirenean sarean, Zarautz aldeko asko “Itsasaldia” izenburupean. Ez omen du “itsasaldi” hitzak adiera hori ezein hiztegitan, ez omen da sekula santan horrela erabili, ea zertan ari ziren “denboralea” edo “itsas-denboralea” erabili beharrean hitz hura erabiltzen, beti omen gabiltzala erdal jatorria duten hitz aski jatorrak aurreiritzien erruz baztertzen… Agian, arrazoi zuten, baina nago ez ote ditugun goizegi eta errazegi kimatzen horrelako saiakerak. Beharbada, “denboralea” orokorregia egin zitzaien, apika luzeegia “itsas-denboralea”. Larriena, nire ustez, jendeari hizkuntzarekin jolasteko gogoa kentzea da. Pentsa, “itsasaldi” hartatik “itsazaldi” kuriosoa sortu izan bagenu, milaka zaldien indarrez datorren itsas-denborale ikaragarria adierazteko…
  3. Sautrela eta Tribuaren Berbak kalitatezko telebista baten erakusle dira. Pena daukat halako gehiago egon ez izanaz, zineaz edo musikaz dihardutenak esaterako, lasai eta oparo. Baina, eta, zenbat pelikula porno daude euskaraz? Ez dakizue? Ba nik bai: oker ez banago bakar bat. Jatorriz gaztelaniaz egina da, eta 2011ean bikoiztu zuten euskarara. Kalitate zalantzagarria baina audientzia ikaragarria duten saio horiek zergatik ez egin euskaraz, eta gaztelaniaz azpititulatu? Adibidez, “El conquistador del fin del mundo”?. Zergatik ez egin ETB2a gaztelaniara azpititulatutako euskarazko produktu hutsekin?
  4. Abian da .eus domeinua. Izan bedi sareko euskal komunitatearen bilgune. Webgune bat duzu? Pasa zaitez .eus domeinura!
  5. Bukatzeko, proposamen bat twitterren dabiltzan txiolari euskaldunentzat. Zer iruditzen ingelesezko WTF! (what the fuck?) akronimoa euskarazko 11I! (hamaika ikusteko!) jatorrarengatik aldatzen badugu?
  6. Irudimena (eta umorea!) behar dugu, euskaldunak mantendu eta erdaldunak pixkana-pixkana gure hizkuntzara erakartzeko, eta datorren urteko abenduaren 3a ez dadin bihur “el día del euskera”.

    Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014/12/04ean)

2014/11/02

Argazkiak (aitatasunaren ajeak eta biajeak XVI)

Badut ezagun bat bere alabaren jaiotza koaderno bat aldean zeukala bizi izan zuena. Une garrantzitsu haren detaileak ahazturan galtzeko beldur, apuntatu egin zituen lehen kontrakzioak, bikotearen izerdi-minak, lehen hatsaren hotsak.

Geure memoriarekin ez garelako fio egiten omen ditugu argazkiak.

Lehengo ostegunean, “plan berezi bat egitera” eraman nuen lau urteko semea: Donostiako nire txoko gogokoenak bisitatuko genituen, eta argazkiak egin beharko zizkidan berak.

Otaegi gozotegitik igaro ginen lehendabizi, eta eskaparatean zeuden Euskal Pastelak erakutsi nizkion. Amona Iñaxirengana bazkaltzera joaten nintzenero, postrerako halako bat eramaten zidala azaldu nion, eta amonarekin gogoratzen naizela, oraindik ere, Euskal Pastel bat jaten dudan bakoitzean. Bat erosi genuen meriendaren ostean erdibana jateko, ez ordea eskaparate aurrean lehen argazkia egin baino lehen. Klik.


2014/10/06

Cinema Paradiso (aitatasunaren ajeak eta biajeak XV)

Pelikula zoragarri honen gailurretako batean, tren-geltokian esaten dio Alfredok Totóri film hau ondoen laburbiltzen duen esaldia. Qualunque cosa farai, amala, come amavi la cabina del “Paradiso” cuando eri picciriddu: egiten duzuna egiten duzula, maita ezazu, txikia zinenean “Paradiso”ren kabina maitatzen zenuen moduan.
Cinema Paradiso, G. Tornatoreren pelikulako fotograma bat

2014/08/02

Putak eta putasemeak

Pertsona talde mespretxatuak, azpiratuak, desberdinak izateagatik soilik kondenatuak direnak erabiltzen ditugu iseka egiteko, irainetarako. Subnormala, marikoia, puta edo putaseme gisakoak gizartearen desberdinarekiko beldurraren ispilu hutsak dira. Norberaren burua desitxuratuta bueltatzen duten ispiluak. Normala ez dena, normatik kanpokoak darabiltzagu, norberaren etikatik at –taldeko diziplinatik kanpo– daudenak zentsuratzeko. Lau txupito segidan edaten ez duena, marikoia; sei gizon desberdinekin oheratu dena, puta; nahi genuen eran jardun ez dena, subnormala. Hitz horien faltan, motz geratzen gara aldamenekoari burla egiteko. Literatura egitean ere gertatzen den kontua da: sinesgarritasuna lortzekotan, eta irainen bat behar izanez gero, aipatutako horietara kondenatuta zaude.

2014/07/30

Maricón el que no bote

Sanmartzialetan izan zen, duela hamabost bat urte. Joan ginen parrandara Irunera, eta halaxe genbiltzan, gozo-gozo, hogei urte izateak ematen duten inozo sentipen epel horrekin, denboraren erlojuak artean axola ez zitzaizkigula. Sanpelaiotan hasten ziren udako oporrak guretzat, herriko jaietan, eta huraxe izaten zen ordularia etxeko tiraderan uzteko eguna, San Joan sua baino errito garrantzitsuagoa. Estudiante tunante, eta lanik egiteko obligaziorik gabe (ez beste lagun batzuen tankeran, zortekoak gu!), festaz festa, parrandaz parranda ibiltzen ginen orduz geroztik.

2014/06/20

O templo do futebol


Berria-tik proposamen "lizun" batekin etorri zitzaizkidan: futboleko mundialak irauten duen bitartean, artikulu bat egunero, eta trukean Riora joateko hegazkin-txartela eta ostatua. Ez nuen gehiago behar.

Hemen topatuko duzue nire bidaia-koadernoa: O templo do futebol

Paulisson Miuraren argazkia

2014/05/28

Ametsen jokalekua


Ahaztu egin zaigu amets egitea. Esna gaudela, esan nahi dut. Berezkoa dugulako lotan gaudela amets egitea. Baina esna gaudela... Esna amets egite soila galarazi egin digute, eta guk ez dugu horri buelta ematen jakin. Zer esanik ez ametsak lortzen ahalegintzeaz... Gure ametsen atzetik joateko ausardia galdu dugu. Gure ametsen atzetik joateko ausardia kendu digute, eta kentzen utzi diegu gainera. Bi eskuekin ametsa lepotik ondo heldu beharrean, eskapatzen uztera ohitu gara. Borrokarik apenas egin gabe. Egunari eustea bihurtu dute askorentzat amets bakar, soldata bat lortzea helburu bakan, eta beldurra erein dute inguruetako baratzetan: ez joan aldirietara, ez fidatu inorekin, ez egin marrurik, ez hitz egin ezezagunekin, ez margotu marratik kanpora.

Horregatik, barruak mugitzen dizkigu ezinezkoak ziruditen ametsak betetzen irudikatzeak. Egingarri bihurtzen diren utopiak dira ederrenak, utopiak ez diren utopiak.

2014/05/20

aitatasunaren ajeak eta biajeak (XIV): mundiala!

Duela lau urte, zehatz, lagun mina etorri zitzaidan zeharo kezkatuta, garagardo bat hartzera joateko erreguarekin, hirekin hitz egin beharra zeukaat. Ez naiz lagunen arazoei izkin egiten dieten bihozgabe horietakoa, eta are gutxiago problemaren soluzioa tabernan eztabaidatzekoa denean. Ezin izan nion beraz muzin egin halako betebehar gogorrari. Zortzietan Mogambon, adostu genuen.

Urduri zegoen, taberna kanpoko mahai altuan garagardoa bukatzear utzita ni iristerako, zigarroari zupada ematen ez bazen, beste eskuko hatzei azazkalak jaten. Susmo txarra hartu nion kontuari gizona hain larri ikusita. Ihesean zebilen bere lagunen bat gorde ote zuen? Lana galtzeko arriskuan ote zegoen? Emazteak ere, berak bezala, maitalea zuela jakin ote zuen? Baita zera ere!

- Espainiako Selekzioko kamiseta eskatu zidak semeak -esan zidan zigarroari beste behin gogor asko tira egin eta gero.
- Xabierrek? -hemezortzi urteko semea zen Xabier.
- Unaik! -sei urtekoa Unai.

Barrez hasi nintzen karkaila betean.

2014/04/09

Artisten borroka pribatuak

Artisten egoak hegoak baino zabalagoak izaten direla esan ohi da, eta horregatik, akaso, lan bat gaizki ateratzen zaienean, ezkutatu, deuseztatu nahi izaten dute. Stanley Kubrick handiak, kasu, ez omen zuen bakerik izan "Fear and desire" bere lehen lanaren kopia guztiak desagerraraztea lortu arte. Ez omen zuen lan haren egile zela aitortu ere egin nahi. Idazle askok ere uko egiten diote beren lanen zirriborroak erakusteari: ezin hitz bat irakurri, lan osoa bukatutzat eman arte.

Mito moduko hori hausten duen proposamena aurkeztu dute Donostian berriki, antzezlan baten sortze-prozesuan parte hartzeko aukera emanez; hain zuzen, David Harrowerrek idatzitako "Blackbird" lanaren prestaketan. Hamabost bat lagun jardun gara antzezlanaren entseguak segitzen, lanaren zuzendari den Ttanttaka konpainiako Fernando Bernuesekin eta Isidoro Fernandez eta Fariba Sheikhan aktoreekin batera. Prestaketa lanen garapena bertatik bertara ezagutu eta antzezlan bat taularatzearen konplexutasuna ikusi eta ulertu ahal izan dugu honela.

2014/03/06

Biribilguneak

Idazteko (eta amodioa egiteko) bi modu daude.

Egin behar duzuna aurrez ondo pentsatzean datza lehendabizikoa: nondik hasi, nora jo, zein hitz ukitu, eta zein ferekatu ukitzera iritsi gabe, edo zeini putz egin laztantzera iritsi gabe, zeini hortzak sartu, nondik bueltatu, nora igo, nora jaitsi, zein hitz goxatu eta zein mespretxatu, eta ondo mamitu nola heldu bukaerara, bertsolarien gisan sari potoloena amaiera borobil bat egitean datzala dakienaren zuhurtziarekin.


"Emak Bakia baita" O.Alegriaren pelikulako fotograma bat
Edo bigarren bidea hautatu, eta abiatu. Abiatu, zer egin ondo ez dakizula ere, eta ikusi hitz bakoitzak, hots bakoitzak, zein eragin duen; probatu, orain hemendik, orain handik, zentzu handirik gabe, ez bada barrenak agintzen dizuna; segi ezkerretara edo hartu eskuinetara hurrengo biribilgunean, poliki orain, arriskutsua da hitz hori, jarraitu senari. Aurrera segi noraezean ariko bazina bezala, maparik gabe, iparroratza etxean utzita. Jakinik handia dela tronpatzeko aukera, jakinik atzera egin beharko duzula sarritan, behin eta berriz desegin egin beharko duzula hasitako bidea. Iritsiko zara bukaerara, ohartu gabe iritsiko zara bukaerara, agian (irakurlea) bera ere ez da ohartuko bukaerara iritsi zarela, ez bada testuko hitz guztiak (eskuko hatz bustiak) hortxe bertan amaitzen direlako. Bukatu da? Bai, bukatu da. Bukaerara iritsi gabe bukatu da. Baina zein ederra izan den bidea egitea, konpai!

2014/02/17

Ez zaizkit komikiak gustatzen. Larria al da, mediku jauna?

Persepolis komikiaren iruditako bat
Medikutara joan nintzen lehengoan, ez da broma. Komikiak ez zitzaizkidala gustatzen eta larrituta nengoen. Literatura baietz, kontatu nion, literatura zinez atsegin dudala, eta zinea ere bai (zinea ere zinez), eta zer dira ba komikiak?, hitzak eta irudia, zinea bezala, eta horiek hainbeste maite baditut, nola den posible komikiak ez gustatzea. Ez zaidala halakorik buruan kabitzen, ez dudala ulertzen, horixe azaldu nion, larria al da, mediku jauna? Sentsibilitate falta izan nezakeela pentsatuta negoen, irudiekiko halako indiferentzia sendaezin bat. Neutraltasunaren hiriburua iruditzen zitzaidan komikia, literaturaren eta zinearen arteko hirugarren mundu gerrako hiri neutral bakarra, kukozko erlojuz betetako lurralde antzua. Irakurrita neuzkan komikietan klasikotzat jotako hainbat, Watchmen, Maus, Persepolis eta abarrak, baina alferrik, ez hunkitu, ez negar, ez kezka, ez barrezka. Bai, ederrak dira marrazkiak, gidoiak ere onak askotan, baina alferrik, ezin igaro emozioaren filtroa. Gaitzak erabat harrapatuta nindukan.

Ukendu bortitzen bat, jarabe likitsuren bat, pilula potoloren bat eskatu nion medikuari, erregutu.

- Gaizki erabiltzen ari zara komikiaren errezeta -erantzun zidan berak, kontu bera enegarren aldiz azaltzen ari denaren aurpegiarekin. - Komikiak parrandaren biharamonean irakurtzekoak dira, ajearen antidoto perfektuak, igande arrats literalki okagarriak gainditzeko modurik onena. Horrela, eta soilik horrela, estimatuko dituzu behar den neurrian. Hori eta curryz ondo bustitako kus-kusa. Eta akabo ajeak!

Atzo arte ezin izan nituen praktikan jarri medikuaren hitzak. Larunbatean, ordea, sagardotegian izan ginen, eta luzatu egin zitzaigun kontua etxeratzerako. Curryz aromatizatuak ditut oraindik hatzak, baina pozik nago! Sendatu egin naiz! Eta ez dut ajerik izan gainera!

2014en irakurritako liburuen inbentarioa

2014an irakurritako liburuen inbentarioa eramango dut hemen:

- Bihotz sinplea (Flaubert). Pasarteren bat dezente gustatu zaidan arren, ez zait nobela ona iruditu, egilea Flaubert bera izanagatik. Zer egingo zaio, ba. Ez du nire klasiko gogokoen artean tokia egitea lortu.

- Muskuiluak afaltzeko (Virgit Vanderbeke). Oso ona!

- Lolita (Nabokov). Liburuaren lehen herena bikaina iruditu zait, baina hortik aurrera luzeegia egin zait eta bukatu ezin ibili naiz. Gustura irakurriko nuke gai berarekin hasiera batean Nabokovek egin zuen ipuin luzea (berak propio suntsitua).

- La leyenda del santo bebedor (J. Roth). Ona.

- Degenerado (Chloe Cruchaudet). Gerra handitik desertatu ostean, zigor ez zezaten emakumez jantzita hamar urte egin zituen Paul Grapperen benetako istorioan oinarritutako nobela grafiko benetan bikaina.

- Contra el tiempo (A. M. Shua). Mikroipuinetan aparta omen den idazle argentinarraren ipuin luzeen antologia hau gustura irakurri dut, baina ipuin-liburuetan usu gertatzen den moduan, zapore gazi-gozoa utzi dit. Ederki hasten da liburua, hiru ipuin bikainekin: "Como una buena madre", "La revancha" eta "La sala del piano", baina ondorengo ipuinek ez dute mailari eustea lortzen, "La señora Luisa contra el tiempo" apartarekin ez bada.

- El cuaderno dorado (D. Lessing). Zapore gazi-gozoa utzi dit D. Lessing nobel saridunaren nobela mardul honek. Zati batzuk benetan bikainak iruditu zaizkit, beste batzuk, ordea, eskas samarrak, eta orri dezente sobran dituelakoan nago. Gizonei buruzko emakumeen ikuspuntua eta aske izan nahi duten (60. hamarkada aldean izan nahi zuten) emakumeen zailtasunen kontakizuna da, zalantzarik gabe, liburu honetako indargune handiena, eta pertsonaia nagusiak bere buruari egiten dion gehiegizko psikoanalisia ahulena.

- Samina (M. Duras). Oso ona.

- Bartleby y compañía (Vila-Matas). Oso ona ezaren literaturari buruzko liburu hau, bukaeran indarra galtzen duen arren.

- Marinela (Pessoa). Ona! "Oraina arretaz begiratuz gero, iadanik iragana iruditzen zait."

- El amante (M. Duras). Oso ona.

- Sueños de Bunker Hill (Fante). Ona. Erditik aurrera metxa galtzen du bikain hasten den liburu honek. Nahiko barre, Bandini antiheroi gizajoaren abenturekin.

- Años Luz (J. Salter). Oso ona. Zahartzeaz eta zatartzeaz. Bikote-harremanei buruz. Elkarrizketa bikainak, baina pertsonaia gehitxo denak ondo definitzeko.

- El fútbol, a sol y sombra (E. Galeano). Ona.

- Brasil, país de futuro (Zweig). Interesgarria.

- Baita hondakinak ere (I. Astiz). Ez naiz poesia-liburu gehiegi irakurri zalea, baina honako hau benetan ona iruditu zait (pena daukan azal irentsezina; ikus aldameneko argazkia). Kritika bikainak zituela entzuna nuen, eta oraingoan ados egon behar kritikariekin. Aipagarriak dira, besteak beste, "Audiogida", "Maitasun sorpresa demografikoa", "Garaipenna", "Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua" (hau apur bat esplizituegia iruditu zaidan arren), "Esperimentu metafisikoa logelan", "Objektuak" eta "Euskal Herria (Ginsberg erara)". Eta bikainak "Esperimentu presentziala eskaileretan", "Denbora neurtzeko", "Oroitzapena (zuzendua)" eta "Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko" hunkigarria. Ezin gehiago eskatu. 

- Euli giro (U. Alberdi). Gorabeheratsua iruditu zait Uxue Alberdiren azken ipuin-liburua. Nago, zenbait ipuinetan, bukaerari halako indarra eman nahian edo, ez ote diren neurriz kanpoko gertaerak kontatzen ipuinaren hondar hitzetan. Uxue bertsolariaren ajeak, akaso. Baina baditu ipuin onak, eta baita kontatzeko trebetasuna ere. Aipamen berezia merezi du "Opariak" ipuin bikainak; liburuko onena, nire uste apalean.

- 14 (J. Echenoz). Ona Echenozen azkenengoa. Gerra handia eta orduko ikaragarrikeriei buruz dihardu ehun orri eskasetan, bidaia turistiko bat egiten dabilenaren kontaera neutroarekin. Desertzioaren kontakizuna ez zait berehalakoan ahaztuko.


-Wilson (D. Clowes). Komiki ona. Wilsonen bizitza orri bateko istorio motzen bidez josia. Alde handia dago batetik bestera, baina batzuk oso onak dira.
-Zebra efektua (H. Cano & I. G. Holgado). Komiki ona. Canoren gidoi ona, eta marrazki dotoreak.


-Bonsái (A. Zambra). Nobela motza. Gustura irakurri dut, baina ez nau asebete. 


-Intemperies. Babes bila (L. Oñederra). Nire uste apalean, ez du larregi asmatu Oñederrak nobela honekin. Pertsonaiak ez daude nahikoa karakterizatuta, neutroegiak dira; elkarrizketak oro har ez dira zorrotzegiak (batuaren ordez gipuzkera erabiltzea, batzuetan bai, besteetan ez, koherentzia handirik gabe, oso arraroa egin zait); eta Eva haurraren atzean dagoen istorioa melodramatikoegia da, nire gusturako. Sinesgarritasunean irabaziko luke nobelak gehiegi iradokitzen ez duen umearen istorio horren ordez, sinpleago bat, normalago bat izango balu, bikote protagonista elkar ezagutzeko aitzakia gisa. Hala ere, badaude eta gustura irakurri ditut emakumeen eta gizonen izaerari eta jokaerari buruzko gogoeta interesgarriak.

-El metro revisitado (M. Augé): saiakera honek baditu kontu interesgarri zenbait, baina kitto.

2014/01/24

2014ko pelikulen inbentarioa

2014an zinematan ikusitako pelikulen inbentarioa egingo dut hemen (eta zinemetatik kanpo ikusitako aipagarrienak ere gehituko ditut), eta saiatuko naiz pelikula bakoitzaren kritikatxo bat -edo iruzkintxo bat, bederen- egiten.

2014/12/30: Mommy
Estetika berezi eta dotorearekin, eta Truffaut-en "Les quatre cents coups" (1959) bikaina gogoratzen duen gidoiarekin, pelikula oso ona ondu du Xavier Dolan gazteak. Gertutik jarraitzeko moduko ibilbidea darama Dolanek, 25 urte eskasekin: http://es.wikipedia.org/wiki/Xavier_Dolan

2014/12/13: Magia a la luz de la luna
Ona da Allenen azken pelikula. Ona gidoia, onak aktoreak, forma aldetik txukuna eta mamia ere badu. Baina Augusto Monterrosok esan ohi zuen bezala, istorio on bat idazteko ez dago formula majikorik, eta formula majikoa lortzen baduzu, igarri egiten zaizu, eta iada ez dauka graziarik. Hori gertatzen zaio W. Alleni nire ustez. Pelikula on eta atseginak egiteko formula majikoa lortu du, baina kitto. Ez doa harago. "Zelig"-en egin zuen eran arriskatzea nahiko genuke, aurretik eginda dituen formulak errepikatzen ibili beharrean. "La maldición del escorpión de Jade"tik gertu dagoen pelikula honek gozo-gozo baikaramatza, baina kasik sekula harritu gabe, aberatsenen saloi garesti eta -ai- erosoegi horretako besaulkian eserita.

2014/11/27: Loreak
Bikaina iruditu zait Garaño eta Goenagaren filma. Gidoi, argazki eta aktoreen lan paregabearekin, sotilki baina dotore egiten du aurrera pelikulak, sentsibilitate eta samurtasun handiarekin egin ere. Ez galtzekoa!

2014/11/20: La sal de la tierra
"La sal de la tierra" filmeko argazki bat
Salgadoren argazki-erreportaje aparten bidez eta musika dotorearekin, munduaren ustela erakusten digu Wendersek, XX. mendeko gatazka gordinei erreparatuz. "Gure historia, gerren historia da", diosku Salgadok, baina baita "gu gara, gizakiak gara, lurraren gatza". Hainbeste sarraski eta gero ere, bada esperantzarik. Lastima irudiekin hain argi geratzen den mezua, filmaren bukaeran idatzita eta hain esplizitu ematea.

2014/11/13: Lasa eta zabala
Ondo dago pelikula, Lasa eta Zabalaren auzia kontatze hutsak bai baitu meritua. Euskal Herriko historia beltzenetakoaren pasarte honek badu hemendik aurrera  kontakizun zinematografiko duina, eta ez da gutxi. Baina pelikulak baditu "zinematografikoki" hainbat arazo, nire ustez. Hasieran du nabarmenena. Pelikularen lehen ordu erdia igaro arte, ez dakigu zein izango den protagonista. Lasa eta Zabalari segika hasten da filma, Alicanteko poliziari gero, eta Iruinen rola jokatzen duen Unax Ugalderekin geratu arte, noraezean dabil apur bat, nire ustez. Ikuspuntua zeinena izango den argi geratzen denean, hasten da pelikula ere kilateak irabazten. Eta, hala ere, Iruinen pertsonaiari "pertsona"ren ikuspuntua falta zaiola iruditzen zait, bere abokatu lanaren kanpoko bizitza, alegia. Bestalde, Iruinen pertsonaian sakontzeko, abokatuari laguntzaile "fiktizio" hori gehitzea ere, gutxien-gutxienez zalantzagarria zait: batetik, errealitateari hain lotuta dagoen pelikula batean, kontaera desbirtuatzen duelako (batez ere, benetan gertatua ezagutzen dugunontzat); bestetik, helburu zinematografikoekin egina izanik ere, lortzen den emaitza irregularra delako: tramari egiten dion ekarpena nabaria eta onuragarria da, baina pertsonaia zuriegia da nire ustez, planoegia, zintzoegia, xaloegia, "aingeruegia" infernu beltzenean. Lan txukuna "Lasa eta Zabala", baina zinematografikoki irregularra.

2014/11/10: 20000 days on earth
Nick Cave musikariari buruzko rockumental ederra. Bere sorkuntza-prozesuari buruz, baina batez ere zuzenekoen magiari buruz dotore -eta in crescendo- diharduen pelikula ona.


2014/10/29: Magical girl
Oso ona! Badu zerbait pelikulak, berezia egiten duena, eta nik uste tonoa dela, pelikularen tonoa. Almodovarrena izan zitekeen istorio melodramatiko bat abiapuntu gisa hartuta, kontatzeko tono askoz sosegatuagoarekin, emaitza berezia lortzen du. Ikustekoa!

2014/10/22: Relatos salvajes
Ona. Batez ere, azken laburra gustatu zitzaidan, baina denek dute maila ona.


2014/10/01: Lucy
Eskasa

2014/09/22 - 2014/09/29 (Zinemaldikoak)
Pasolini (A. Ferrara): Ona
Boyhood pelikulako irudi bat
[+gogoratzea ere merezi ez duten beste bi pelikula]


2014/09/15: Boyhood (R. Linklater)
Haurtzarotik nerabezarorako jauzia, bizitzari zentzua hartu nahi dion protagonistaren begietatik. Ona da pelikula, oso ona, baina saldu zidaten maisulanetik urrun samar geratu zait (akaso, espektatiba handiegiak nituen). Nire ustez, guraso bananduen pertsonaietan dago pelikula honen altxorra: ondo baino hobeto definituak, bata besteari kontrajarriak, bizitzaren filosofia (ustez) desberdinei atxikita bakoitza. Bizitzaren absurdua, poliki kontatua (eta 12 urteko errodaje baten beharrik gabe egin zitekeena, emaitzari kalterik eragin gabe).

...iruzkin gehiago jarraian...

Harri txintxarren terapia

Uste dut Cortázar izan zela esan zuena nostalgia dela sorkuntzarako motor indartsuena.
Bere nostalgia dauka jende askok iaztik, Rayuela argitaratu zela 50 urte bete baitziren 2013an, eta jaio zela ehun urte beteko baitira aurtengo abuztuan. Egingo dizkiote omenaldiak, berrargitaratuko dituzte bere liburuak. Bada, beraz, nahiko aitzakia bere liburuak irakurri edo berrirakurtzeko. 


XX. mendeko ipuingile onenetarikotzat dauka hainbatek, baina Rayuela nobelagatik ezagutzen dute gehienek, honek eman baitzion nazioartean ospea. Oraintsu egin dudan berrirakurketan, txundituta geratu naiz beste behin: izugarria da Cortázarren kontatzeko modua (irakurri lehen paragrafoa adibide gisa: gogoangarria da ¿Encontraría a la Maga? galderarekin hasten den hasiera), eta hori gutxi balitz, pertsonaia bikainak sortzeko gaitasuna dauka (antiheroi gisa sortutako Horacio Oliveira memorablea da, eta la Maga, berriz, literaturaren historiako emakume liluragarrienetakoa dela ezin uka). Ez da irakurketa errazeko liburua, baina literatura onaren plazeraz gozatu nahi baduzu, jarri zure mesanotxean lehenbailehen. Ez zaizu damutuko.


Nostalgiaz ari da La grande bellezza film italiar ezinbestekoa ere. Cortázarren eran baina bere estilo propioan, estetika txundigarriarekin eta pertsonaia bikainekin ondu du Sorrentinok edertasunaren —gaztetasunaren— galerari buruzko pelikula itzel hau. Igarotako urteen mirak eta heriotzaren nolabaiteko gertutasunak ataka existentzialista estuan jartzen du protagonista gautxoria bere 65. urtebetetzeaz geroztik, eta haren urratsei segika, eta Erromaren dotorezia heldua metafora gisa hartuta, ipuin txikiz osatutako collage ezin ederragoa osatzen du zuzendari italiarrak, une askotan Fellini gogora ekartzen duen surrealismo finarekin.

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net