2015/02/25

2015ean irakurritako liburuak

El loro de Flaubert (Barnes)

Erdia edo irakurri dut, oso gustura, ona dela iruditzen zait, baina kitto.

Zorion handiegia (A. Munro)

Principito

Los Mandarines (Simone De Beauvoir)

Hasierako eta bukaerako tramoak, bikainak. Tartekoan, erdia-edo sobran. Luzeegia.

Poemak (J. Mirande)
Oso ona.

Nadja (A. Breton)
Ezinbestekoa.

Mala índole (J. Marias)
Maríasi ezagutzen ez nion erregistro batean, umorearenean, eroso dabil idazlea, eta Coen anaien tonora gerturatuz istorio oso ona osatzen du, Elvis Presley-ren Acapulcoko itzultzaile espainiarra protagonistatzat hartuta.

Desgracia (J.M. Coetzee)
Lehen zati gogoangarriarekin, liburuaren erdiko gertakizunek norabidez aldatzen dute erabat liburua, nire ustez melodramarako joerara eta moralinaren kiratsera gehiegitxo -arriskugarriki- hurbilduz, baina Coetzee-ren prosa lehorrak ondo agoantatzen du enbidoa, eta nobela bikain borobiltzen du. Guztiz gomendagarria.   

Romain zen bere izena (J. Agirre)
Oso ona iruditu zait Agirreren nobela. Sinesgarritasunari erabat uko eginez ere, nobela on askoak idatzi daitezkeela frogatu dit. Lehen 90 orriak benetan bikainak iruditu zaizkit, Vila-Matas eta Chandlerren bidegurutze arraro batean idatziak. Nobela bukatutakoan, 40 bat orri sobran dituela esango nuke, baina nobelaren baitan biltzen diren hainbat eta hainbat altxor txikirengatik soilik merezi du Agirreren nobelak. 

Memory Dump (M. Lasa)
Euskal poesian aztarna handia utzi zuen liburu bakarreko poeta dugu Mikel Lasa. Bere "Poema-bilduma" hura argitaratu eta hainbat urtera, 1993. urtean hain zuzen, bere poema haiek guztiak berrargitaratu zituen Euskal Herriko Unibertsitateak, Lasaren beste hainbat testu-gogoetarekin batera. Horixe da esku artean izan dudan liburua. Hainbat poema denborak erasanda daudela esango nukeen arren, baditu batzuk benetan gogoangarriak iruditu zaizkidanak; berdin, bukaeran datozen testu-gogoeten artean ere.

Blitz (David Trueba)
Ez nau asebete Truebaren nobelatxoak. Topiko eta txiste txar dezenterekin, errazkeriarako joera hartu diot, nahiz eta baduen une gogoangarririk ere.

Nadie encendía las lamparas (F. Hernández): Ipuin-liburu bikaina. Guztiz gomendagarria. Ahaztezinak dira "El balcón" edota "Menos Julia" gisako ipuin gogoangarriak.


Intemperie (J. Carrasco): Oso ona iruditu zait liburua. Batez ere xaharra eta haurraren arteko hitz gutxiko harremana nola eraiki duen gustatu zait. Pena Cormac McCarthyren "The road" hura horrenbeste gogora ekartzea.  

Niveles de vida (J. Barnes):
Hiru zatitan banatutako liburu ona da Barnesena. Lehenengo biak bikainak iruditu zaizkit. Globo aerostatikoen aitzakian, maitasunaz eta bizitzaz -heriotzaz- maisutasunez baitihardu Barnesek. Azken zatiak apenas dauka -itxuraz- zerikusirik aurreko biekin: Barnesek bere emaztearen heriotzak eragindako mina kontatzen du bertan, lehen pertsonan kontatu ere. Zati hau, pertsonalagoa izanagatik, eskasagoa iruditu zait. Literaturatik gutxi eta saiakeratik herren, aurreko bi zatien ondoan jartzeak ez dio mesede egiten liburuari. Irakurtzekoa, hala ere.

2015/02/02

Zarauzko eskubaloiaren nire alfabetoa

Argazkia: sasoian.info
Zarauzko eskubaloiak 50 urte egiten zituela eta, ea hitzalditxo bat prestatuko nuen esan zidatenean, 1etik 50era doazen zenbaki bakoitzarekin gertaera edo anekdota edo Zarauzko eskubaloiaren ezaugarriren bat kontatzea bururatu zitzaidan lehendabizi, urteurrenaren omenaldi moduan. Desesperatuko zaizkik, esan nion nire buruari (eta pintxoak hoztuko).

Alfabetoarena okurritu zitzaidan gero. Euskal alfabetoak 27 letra ditu, baina ñ-a kentzen badugu (ñoñoegia delako) eta y grekoarekin hasitako hitzak euskaraz 20 soilik direla kontuan harturik (tartean, yanki, yarda, yemen, yate, yoga, yucatan eta yuppie), pentsatu nuen, bi buelta eginez gero gelditzen ziren 25 letra horiekin (joan eta etorria, a-tik z-ra, eta z-tik a-ra, y grekotik ostutako yo-yoa erabiliz), orduan ere 50 izango zirela, eta modu honetan ere gorazarre egin niezaiokeela urteurren hain seinalatuari. Ez nion jendeari gehiegi sufriarazi nahi, ordea!

Joan-etorria egin ordez, joatearekin bakarrik konformatuko gara. Bueltarako txartelik gabeko bidaia izango da gurea. Izan ere, bidaia zirraragarrienak halakoak dira, joanekoak soilik. Heriotza bezala, ezta? Ez baita berdina Siberiara joatea, bueltako txartelarekin edo gabe. Kubara bueltako txartelarekin edo gabe joatea berdina ez den modu berean.

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net