2011/07/28

Seuleko argazkiak txukun webgunean

Seulen egon gineneko argazkiak txukunduta jarri ditut www.bertolarrieta.net webgunean.
Hemen klik eginda ikus ditzakezu.

 Zure iritzia eman dezakezu, mezu honi erantzunez.
Mila esker,
Bertol

2011/07/06

Xala txapeldun: hausten den hezurra sendatzen denean

Final gogoangarrian lortu zuen Xalak buruz buruko txapela, igandean. Perfekzioaren marratik gertu jokatu behar izan zuen Olaizolari irabazteko. Hilabetean, apendize bat galdu eta txapel bat irabazi du Lekuineko pilotariak.

Asko dira beste Xala bat ikusi zutenak, sutsuagoa, beroagoa, oldarkorragoa, emozionalki osoagoa. Beste adjektibo bat gehituko nuke nik: espiritualagoa, mistikoagoa. Kirol-lehia egin dutenetako batzuek zertaz ari naizen jakiteko zortea izango dute: bada une bat, bihotzak eta buruak bat egiten dutenean, emozioak urtetan landutako gaitasun guztiak airean jartzen dizkizunean, partidaren tentsioak eta zure kontzentrazioak marraztutako marra zuriak infinituan elkartzen direnean, ikusleen indarra zure sentitzen duzunean, adrenalina zainetan dantzan sumatzen duzunean, bada une bat garaiezina zarena, patua zure alde duzula badakizuna: zurea da garaipena, zurea izango da, ez dauka atzera bueltarik. Berdin dio kontrarioak zer egiten duen. Deitu inspirazioa. Deitu kirolariaren estasia, kirol-orgasmoa. Deitu nahi duzun bezala. Nik, nire hirugarren mailako eskubaloi-atezainaren paper xumean, hori sentitzeko zortea izan dut, eta, zinez diotsuet, zirraragarria da momentu hori.

Xalak ­­––badakit––, une mistiko hori bizi zuen kantxan, lehengo igandean. “Batzuetan begi itxiekin astintzen nuen pilota, eta dena barruan sartzen zen”, esan berri du (DV). “Patua izango zen, agian. Nork daki. Ebakuntza egin ez balidate, agian ez nukeen irabaziko”, esan du, era berean (Berria). Baina esan dituen guztietatik, hauxe gustatu zait gehien (Berria): “gertatzen zaizun guztia zerbaitengatik da, eta ahal bada, pertsonalki aberats zaitzan baliatu behar da. Hausten den hezurra sendatzen denean, gogorragoa bihurtzen da.”

Zorionak Xala! Zorionak txapeldun!

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net