Sartu zen moduan atera zen tabernatik, ezer saldu gabe, tragorik hartu gabe, eta ezer eskaini ez izana damutu zitzaidan, berandutxo, hala ere.
Hemen nago orain, seme lokartuari begira: ba al da ederragorik, umetxo bat lotan goxo ikustea baino? Elurra epel erortzen zure egongelako leihotik?
Urte eta erdi da gaur semea jaio zela, eta haren jaiotza etorri zait gogora, urterdimuga honetan, eta jaiotzarekin batera, elefante marroi-granate txikitxo hau, esku ahurrean eroso eserita daukadana; atzeko hanken gainean eserita baitago elefantea, eta tronpa altxatuta. Hainbat gauza idatzi ditut dagoeneko aitatasunari buruz, baina oraindik ez dut hasiera kontatu... Urte eta erdi behar izan ote dut hau idazteko adorea biltzeko?
Ondo joan zen erditzea azken unera arte, luzea eta gogorra lehen erditze guztien pare, baina normal antzean. Emaztea azken bultzadak egiten ari zenean etorri zen sustoa. Egun, kontrolatuta daukate dena, eta makina batek umetxoaren bihotz-taupadak markatzen ditu; emazteari hauspoa ematen ari nintzen aldamenetik, bat-batean, makina haren pi-pi monotono eta erritmikoa denboran luzatzen hasi zenean.
Goizeko bostak-edo izango ziren; ilunantz goxo batean zegoen erditze-gela. Hamabost bat ordu generamatzan ospitalean, aurrera eta atzera, oinez hasieran, oinez eserita eta etzanda tartekatuaz gero, ahal zen moduan hurrena, eta epidurala jarri eta geroztik etzanda eta majo lasaituta emaztea azkenik.
Azken bultzadak ziren, azken ahaleginak, iristear zen unerik ederrena, laster izango genuen semea besoetan... Makinaren doinu txistukaria mantsotzearekin batera azkartu ziren nire bihotz-taupadak. Hasieran, makinak akatsen bat izan zezakeela pentsatu nuen, erizaina ere makinari begira jarri baitzen, zerk huts egiten zuen beha balego bezala. Tresnaren hitz bakarreko jardun errepikakorra mantsotzetik, are gehiago mantsotzera pasatu zen, ordea, eta soinu haren oihartzun isila luzatzen nire barnean. Geroz eta zabalagoa zen pi batetik hurrengorako denbora tartea.
Agudo bete zen gela medikuz eta erizainez, hiru pertsona egotetik, zazpi egotera igaro ginen segundo gutxitan: bultza egin behar zen, atera egin behar zen haurra nola edo hala, baina derrepentean. Makinaren isiltasun erabatekoak okerrenean jarri ninduen, hilda jaiotzen diren umeen ehuneko txikian pentsatzen, guraizeak dantzan hasi ziren, erizain bat besoarekin emaztearen sabeletik bultzaka...
Eskerrak emaztea bera ez zen ezertaz ohartu... Nahikoa bazuen bere bultza behar harekin...
Atera zen azkenean, baina negarra kateatuta zeukala, ez baitzuen hiruzpalau segundo luzetan negarrik egin. Egin zuen arte.
Azterketa azkar baten ondoren primeran zegoela ziurtatu eta amaren gainean utzi zuten Gari, negar batean, zikin odolez eta likido amniotikoz.
- Susto ederra hartu dut –esan nion erditze guztia gurekin egin zuen emaginari.
- Baita nik ere –aitortu zidan berak, zurbil. Ahaztu zait bere izena, bere aurpegia. Zer diren gauzak...
Negarrez zegoen emaztea Gariren alboan goxo, aldamenean zeukan apendize berri hura nondik atera zen sinetsi ezinik. Irribarre egin zuen niri begiratu zidanean:
- Zer duzu? –esan zidan nire susto aurpegia ikusita.
- Ezer ez.
- Zerbait pasa da?
- Kontatuko dizut.
- Baina ondo dago?
- Ondo dago, ondo dago.
Hirurak bakarrik utzi gintuzten, erditze-gelan bertan, une nahiko luze batez. Ez nuen emaztea besarkatzen besterik asmatu. Hitzak eta malkoak kateatuta nituen.
Umea apur bat garbitu, emaztea ohez aldatu, eta plantara eraman gintuzten goizeko 6ak aldera. Lo zegoen txikia. Orduan jakin nuen ez dagoela ezer ederragorik ume jaioberri bat lo-gozoan ikustea baino; elurra epel erortzen, zure egongelako leihotik.
Emazteak harrituta begiratzen ninduen. Nire malko-zaparradaren zain balego bezala.
- Ondo zaude? –errepikatzen zidan sinesgogor.
Gertatu zena kontatu nion arte ez zen lasaitu. Lo geratu zen bera ere, eta komunerako bidea hartu nuen.
Komunaren alboko gelatxotik deitu nion nire gurasoei. Amak hartu zidan, eta dena ondo zegoela, dena ondo joan zela kontatzen nion bitartean isuri nituen ordura arte askatu ezin izan nituen malkoak. Nire semearen berri nire amari ematen nion bitartean. Horra, zer den bizitza: ama bat, seme bat, eta bietako inor gabe munduan barrena dabilen beltz batek emandako elefante marroi-granate moduko bat, zorte ona ematen duena. Ez ahal da marfilezkoa izango...
Hunkigarria Bertol! Benetan.
ErantzunEzabatuNik ere badiat beltz batek emandako elefante bat. Zortea ematen duten horietakoa. Borondate truk eskaini ziguna. Plastikoak ere badik bere indarra nonbait!
IEP epelde! eskerrik asko!
Ezabatubertol
Haurrekin izaten diren sustoak, haurdunaldikoak, jaiotzakoak edo ondorengoak, dira gogorrena guraso batentzat... Oso hunkigarria.
ErantzunEzabatuhala da, bai.
EzabatuEskerrik asko!
b.