2012/02/23

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (V): bidaia, norberaren barrunbeetara

Duela hamabost bat egun, semearekiko harremanak ondo bideratzen ikasteko aitzakiarekin, komunikazio ez-bortitzari buruzko ikastaro biziki interesgarrian parte hartu nuen, Nerea Mendizabalen eskutik (Antiguoko Txintxirrin haur eskolan). Semearekiko harremanak soilik ez, ingurukoekin ditugunak ere egoki jorratzeko bidea erakutsi zigun Nereak, edozein gatazka-egoerari modu ez-bortitzean erantzuteko metodoa, baina, batez ere, norberaren barrunbeetara begira jarri gintuen, norberaren erraietarainoko bidaia proposatu eta geure buruak ondo ezagutzeko parada eman zigun. Bidaia hori, esan beharrik ez dago, ez da doakoa; mingarria da, barrenak mugitzen dizkizu, inori ez baitzaio norberaren miseriak argitara ekartzea gustatzen, baina bidaia bere helmugaraino eramanez gero, zinez eskertuko duzu, gure burua ulertzeak baitakar ingurukoak hobeto konprenitzeko bidea.
Guraso izateagatik hurbildu ginen ikastarora gehienak, baina baziren hezitzaileak eta irakasleak ere. Gehien harritu ninduena, hala ere, emakume-gizon proportzioa izan zen. Ezetz asmatu? Hemezortzi emakume eta ni. Eta blog honetan inoiz hitz egin dudan gai bat ekarri zidan gogora: emakumeak gizonen plazetara erakartzeko gizartean egiten den ahaleginaz, baina emakumezkoen plazetara gizonak erakartzeko egiten ez denaz (hemen).

Marshall Rosenberg-ek markatutako bidea segitzen du Nereak bere ikastaroan (Comunicación no violenta: lenguaje empático liburuan azaldutakoa), komunikazio ez-bortitzaren muina azaltzeko. Eta komunikazio ez-bortitzaren muina, hain zuzen, norberaren eta ingurukoen behar asegabeak antzematen eta ulertzen saiatzean datza. Motzean esanda, keinu edo imintzio edo oihu desatsegin baten atzean, pertsona horrek zein behar asegabe daukan ulertzen saiatu beharko genuke; beste era batean esanda, gure solaskidearen larruan jarri beharko genuke, eta ulertzen saiatu zergatik esan duen esan duen hori esan duen moduan, zein den ase gabe daukan beharra horrela jokatzeko edo hitz egiteko.

Hain lerro gutxitan azalduta, azalkeria bat dirudi, baina oso buelta interesgarria dauka kontu honek guztiak.

Izan ere, hau guztia ulertutakoan, zure ingurukoak epaitzen hasten zara segituan, haien gabeziak ikusten, esanaz bezala “gizajoak, hainbeste behar asegabe dituzte... Normala hain bihotz gabeak izatea, hain krudelak, hain bortitzak euren komunikatzeko moduan...”. Baina lehen urratsa besterik ez da hori; izan ere, zuk zeuk izan dituzun hainbat eta hainbat komunikazio bortitzekin gogoratzen hasten zara ia segidan: bikotekideari ahotsa altxatu zenion egun hura, lagunaren komentarioari mespretxuz erantzun zenion beste aldi hura, gurasoei edo semeei hain era ez-egokian hitz egin zenienekoak, oihuka jardun zineneko hura... Eta orduan, ikastaroa ia bukatzen ari zarela, ohartzen zara ez dela horrenbeste besteen beharrak zein diren ulertzea, edo ez dela hori bakarrik behintzat; izan ere, besteek behar asegabeak dituztela eta horien erruz bortizki komunikatu direla ulertzea, zure erantzuna neurtuagoa izaten laguntzeko lehen urratsa da, baina baita teoria honen parterik errazena ere. Komunikazio ez-bortitzaren giltza norberarekin lotuta baitago, batez ere: jokaera ez hain atsegin horien atzean norberak dituen behar asegabe horiek identifikatzean datza, hain zuzen, gakoa; norberak behar horiek dituela asimilatzea eta geure burua onartzea ditugun behar horiekin guztiekin. Geure begietara geure arimari jartzen diogun maskara kentzea, hitz batean. Maskara hori kentzea gure buruari mesede egitearren, ez behintzat ingurukoei mesede egitearren soilik, ez maite gaituztenei bakarrik, ezta gorroto gaituztenei soilik ere; gure buruari mesede egitearren, batez ere; maskara kentzea guk geuk gure aurpegia ikus dezagun. Geure barrunbeetara begiratzea, gure estoldetako ur zikinetatik edatea, horrek gehiago zikinduko gaituen beldurrik gabe, gure miseriak ondo murtxikatuta irenstea, jakinik horiek direla gure eguneroko ogia, jakinik hori dela bidea, geure burua hobeto ezagutuz, ingurukoekin errespetuz eta enpatiaz jarduteko.


1 iruzkin:

  1. Komunikazio ez-bortitzari buruz gehiago hemen:
    http://es.wikipedia.org/wiki/Comunicaci%C3%B3n_no_violenta
    http://www.comunicacionnoviolenta.com/

    ErantzunEzabatu

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net