Puzzle baten moduan antolatuta dago
George Perecen La vie mode d'emploi liburua
(“Bizitza eta erabilpen-argibideak”): hartu etxe oso bat, eraikin
oso bat, eta bertan bizi diren guzti-guztien bizitzak kontatzen ditu,
banan-banan eta pausoz pauso. Zehatzegia dirudien ekintza honek,
ordea, pixkanaka, puzzle eder bat osatzera garamatza.
Atezainik dorpeena
nola, halaxe harrapatu nau ni ere, kontrako hankaren gainean, aste
honetarako artikulu hau egin beharraren gaztiguak (aste santuko
oporren ajeak, seguru asko), eta halakoetan, jakina da, segurua da
gola. Nire koadernoetako larrialdi-irteeretan hazka hasi naiz agudo,
sute-eskaileran gora edo behera egin zalantzan.