Puzzle baten moduan antolatuta dago
George Perecen La vie mode d'emploi liburua
(“Bizitza eta erabilpen-argibideak”): hartu etxe oso bat, eraikin
oso bat, eta bertan bizi diren guzti-guztien bizitzak kontatzen ditu,
banan-banan eta pausoz pauso. Zehatzegia dirudien ekintza honek,
ordea, pixkanaka, puzzle eder bat osatzera garamatza.
Atezainik dorpeena
nola, halaxe harrapatu nau ni ere, kontrako hankaren gainean, aste
honetarako artikulu hau egin beharraren gaztiguak (aste santuko
oporren ajeak, seguru asko), eta halakoetan, jakina da, segurua da
gola. Nire koadernoetako larrialdi-irteeretan hazka hasi naiz agudo,
sute-eskaileran gora edo behera egin zalantzan.
Eguraldiarekin
batera begien kolorea aldatzen zaion neskatila topatu dut, txikitako
oroitzapen zimelduak, poema mikatzegi edo gozoegiak (ez: zaurian
hatza sartzea bezala behar du poema batek).
Nire izatearen
piezak koaderno hauetan gordeta ditudala ohartu naiz, nahiz eta
fikzioa egiteko ideiak izan asko eta asko. Ez naiz oroitzen nola otu
zitzaidan idaztea hori adibidez, eguraldiarekin batera begien kolorea
aldatzen zaion neskatilarena, baina ziur naiz horretara iristeko izan
nuen arrazonamenduen, bihozkaden edo bulkaden segida naizen puzzle
iragankor hau osatzeko baliagarri litzatekeela. Idatzi ditudan poema
gutxi horiek garai beretsukoak izate hutsak ere osatzen du zati bat.
Gauza bakoitza idazteko hartu dudan patxadak edo presak (letraren
utzikerian edo txukuntasunean nabarmentzen denak), beste bat.
Semeak bota
dizkidanak topatu ditut han-hemen: “Aita, tortillak egiten erakutsi
behar didazu, zuek hiltzen zaretenerako”, edo Katalunia aldeko zeru
beltz eta izartsuaren erdian ilargi beteari begira izan genuen
elkarrizketa hura (lau urte egitear izango zen):
- Eta zer dira hor dauzkan bi mantxa horiek?
- Begiak, igoal.
- Eta ahoa?
- Ez du izango...
- Bai, aita! Zerua da ilargiaren ahoa!
Erabilpen-argibiderik
ez dakarren tramankulu zentzugabe bat besterik ez da bizitza.
Urola Kostako Hitzan argitaratua (2015/04/16)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol