Euskararen Eguna dela
eta, hainbat apunte edota galdera:
- Euskararen ezagutza handitu omen da azken urteetan baina ez erabilera. Euskara Batuaren ekarpena inork gutxik jartzen du zalantzan (nik ez behintzat), baina ez ote da garaia euskalkien erabilera sustatzeko, betiere testuingurua eta erregistroaren arabera, eta batez ere ahozkoan? Koldo Zuazok kontatzen du anekdota: bost urteko Elgetako ilobari galdera egin, zein dira asteko egunak?¸eta erantzuna: astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostirala, zapatua eta domeka. Eskerrak eskolarik ez den asteburuetan!
- Zaldieroren Mitxelena XVIak eta Yodak bezala, ez ote gara gehiegizko zuzentasunarekin larregi tematzen? Twitterren izan nuen eztabaida, duela hilabete batzuk, itsas-denborale ikaragarri hura izan zenean, eta olatu erraldoi haien erakusgarri hainbat bideo eta argazki argitaratu zirenean sarean, Zarautz aldeko asko “Itsasaldia” izenburupean. Ez omen du “itsasaldi” hitzak adiera hori ezein hiztegitan, ez omen da sekula santan horrela erabili, ea zertan ari ziren “denboralea” edo “itsas-denboralea” erabili beharrean hitz hura erabiltzen, beti omen gabiltzala erdal jatorria duten hitz aski jatorrak aurreiritzien erruz baztertzen… Agian, arrazoi zuten, baina nago ez ote ditugun goizegi eta errazegi kimatzen horrelako saiakerak. Beharbada, “denboralea” orokorregia egin zitzaien, apika luzeegia “itsas-denboralea”. Larriena, nire ustez, jendeari hizkuntzarekin jolasteko gogoa kentzea da. Pentsa, “itsasaldi” hartatik “itsazaldi” kuriosoa sortu izan bagenu, milaka zaldien indarrez datorren itsas-denborale ikaragarria adierazteko…
- Sautrela eta Tribuaren Berbak kalitatezko telebista baten erakusle dira. Pena daukat halako gehiago egon ez izanaz, zineaz edo musikaz dihardutenak esaterako, lasai eta oparo. Baina, eta, zenbat pelikula porno daude euskaraz? Ez dakizue? Ba nik bai: oker ez banago bakar bat. Jatorriz gaztelaniaz egina da, eta 2011ean bikoiztu zuten euskarara. Kalitate zalantzagarria baina audientzia ikaragarria duten saio horiek zergatik ez egin euskaraz, eta gaztelaniaz azpititulatu? Adibidez, “El conquistador del fin del mundo”?. Zergatik ez egin ETB2a gaztelaniara azpititulatutako euskarazko produktu hutsekin?
- Abian da .eus domeinua. Izan bedi sareko euskal komunitatearen bilgune. Webgune bat duzu? Pasa zaitez .eus domeinura!
- Bukatzeko, proposamen bat twitterren dabiltzan txiolari euskaldunentzat. Zer iruditzen ingelesezko WTF! (what the fuck?) akronimoa euskarazko 11I! (hamaika ikusteko!) jatorrarengatik aldatzen badugu?
- Irudimena (eta umorea!) behar dugu, euskaldunak mantendu eta erdaldunak pixkana-pixkana gure hizkuntzara erakartzeko, eta datorren urteko abenduaren 3a ez dadin bihur “el día del euskera”.
Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014/12/04ean)