Txundigarria da, zinez, hizkuntzaren
eskuratzea nola egiten duten umeek. Soinu arraroenetatik hasita, ziztuan
igarotzen dira silaba itxura dutenetara, eta horien errepikapenez lehen
hitzak sortzera. Entzuna neukan p edo
t hizkia erroan duten hitzak sortzea
errazagoa dela umetxoentzat, m hizkia
dutenak baino, eta horregatik esaten dituztela lehenago aita edo papá gisakoak, ama edo mamá lakoak baino, eta ez aiten harrotasuna puzteko balio lezaketen
arrazoiengatik… Hala, nahiko ohikoa omen da egun osoa amarekin igaro arren aita izatea umeak dioen lehen hitza, ama
saiatu eta nekatuaren etsipenerako usu.
Gure umeak, aldiz, ma deitzen zion amari eta na deitzen zidan niri, urtea ondo
konplitua zuela. Hala, bioi deitzeko, mana
kuriosoa oihukatzen zuen. Halakoetan (manaaaaaa!!!),
zera itzultzen zuen tarte-hizkuntza arraroen nire itzulpen-motor berezituak: aita edo ama, berdin zait nor, baina etorri oraintxe
bertan!
Garai hartan pasa zitzaidan kontatzera noana,
siesta luze baten ondoren semea esnatu eta ni haren ondoan gertatu nintzen
batean, hain zuzen.