la grande belleza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
la grande belleza etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/01/24

Harri txintxarren terapia

Uste dut Cortázar izan zela esan zuena nostalgia dela sorkuntzarako motor indartsuena.
Bere nostalgia dauka jende askok iaztik, Rayuela argitaratu zela 50 urte bete baitziren 2013an, eta jaio zela ehun urte beteko baitira aurtengo abuztuan. Egingo dizkiote omenaldiak, berrargitaratuko dituzte bere liburuak. Bada, beraz, nahiko aitzakia bere liburuak irakurri edo berrirakurtzeko. 


XX. mendeko ipuingile onenetarikotzat dauka hainbatek, baina Rayuela nobelagatik ezagutzen dute gehienek, honek eman baitzion nazioartean ospea. Oraintsu egin dudan berrirakurketan, txundituta geratu naiz beste behin: izugarria da Cortázarren kontatzeko modua (irakurri lehen paragrafoa adibide gisa: gogoangarria da ¿Encontraría a la Maga? galderarekin hasten den hasiera), eta hori gutxi balitz, pertsonaia bikainak sortzeko gaitasuna dauka (antiheroi gisa sortutako Horacio Oliveira memorablea da, eta la Maga, berriz, literaturaren historiako emakume liluragarrienetakoa dela ezin uka). Ez da irakurketa errazeko liburua, baina literatura onaren plazeraz gozatu nahi baduzu, jarri zure mesanotxean lehenbailehen. Ez zaizu damutuko.


Nostalgiaz ari da La grande bellezza film italiar ezinbestekoa ere. Cortázarren eran baina bere estilo propioan, estetika txundigarriarekin eta pertsonaia bikainekin ondu du Sorrentinok edertasunaren —gaztetasunaren— galerari buruzko pelikula itzel hau. Igarotako urteen mirak eta heriotzaren nolabaiteko gertutasunak ataka existentzialista estuan jartzen du protagonista gautxoria bere 65. urtebetetzeaz geroztik, eta haren urratsei segika, eta Erromaren dotorezia heldua metafora gisa hartuta, ipuin txikiz osatutako collage ezin ederragoa osatzen du zuzendari italiarrak, une askotan Fellini gogora ekartzen duen surrealismo finarekin.

2013/01/02

2013an ikusitako pelikulak: inbentarioa

Aurten zinean ikusten ditudan pelikulen inbentarioa eramango dut hemen (eta zinetatik kanpo ikusitako aipagarrienak):

- 2013/12/11: La gran belleza (Sorrentino)

Nostalgiari buruzko pelikula ederra da "La gran belleza", edertasunari buruzkoa, baina batez ere edertasunaren galerari buruzkoa, bizitzari buruzkoa baina bizitzaren gainbeherari buruzkoa. Eta bikain egina dago filma, estetikoki dotorea, eta Fellini gogora ekartzen duten xehetasunekin borobildua, batez ere absurdoaren eta surrealismoaren erabileragatik, Jarmuschen eran sortzen dituen pertsonaia harrigarri horiengatik, eta atzeko teloi handi eta metafora gisa Erroma erabiltzen duen moduagatik.
       Protagonistak 65 urte betetzen dituen egunean hasten da pelikula, neurri gabeko festa baten ondoren, bat-batean bere bizitzaren gainbehera datorkiola ohartzen denean. Nostalgiaz betetako bidaia bat egiten du filmak, eta pertsonaia nagusiaren atzetik istorio txikiz osatutako collage indartsua osatzen du Sorrentinok. Komikotik badu, elkarrizketa dizdiratsuekin; aktoreen lana bikaina da, argazki-lana eta musika dotoreak; baditu une hunkigarriak, eta baita mistizismorako tartea ere (agian, azken horretantxe dauka nire ustez ahulguneren bat, izatekotan).
      Pelikula borobila ondu du, dena dela, Sorrentinok, eta aurtengoa izanagatik, klasiko kutsua hartzen diozu zinematik ateratakoan. Izateko bidean da.

- 2013/12/22: De tal padre, tal hijo (H. Kore-Eda)

Sei urte eta gero, eurekin hazi duten umea eurena ez dela jakingo du aita zorrotzeko bikote japoniar gazte batek, semea beste familia batekoarenarekin trukatu zietela jaiotzean. Antena 3 kateko igande arratsaldetako pelikula siesta arazleen gidoia dauka, beraz, Kore-Edaren honek, baina alde ederreko finezia eta dotoreziarekin egina dago. Japoniar gizartean hain errotuta dagoen lanarekiko atxikimendua eta aitatasun afektibo baten hutsunea leuntasun handiarekin eszenaratzen ditu Kore-Edak, Bach-en piano doinu sotilak tarteko, eta Canneseko sari berezia eta Donostiako publikoaren saria eramateko balio izan diote merituok. Kritikaren eta publikoaren arrakastak hauspotuta joan nintzen zinemara, baina gidoi negar arazleak, pertsonaien jokaera askotan ulertezinak (nahiz eta gehienetan sinesgarriak izan) eta kameraren mugimendu leun baina etengabeak aztoratuta eta apur bat mariatuta atera nintzen. Aitatasunaren balioei buruz gogoeta egin nahi duenarentzat egokia izan liteke pelikula (eta ni neu naiz horietako bat), baina zer nahi duzue esatea, hala eta guztiz ere, ez nau konbentzitu.

- 2013/12/18: La vida de Adele (A. Kechiche)

Adele izeneko nerabe baten begietatik kontatutako pelikula honek, ezin gertuagoko lehendabiziko pertsonan kontatzen dizkigu protagonistaren ibilerak, bere sexualitatearekiko zalantzetatik abiatu eta desioaren eta maitasunaren zirrikituak ondo arakatzeraino. Bikain kontatutako pelikula da lehen planoaren erabilera ia obsesiboak apur bat aztoratzen bazaitu ere, baina hori da segur aski zuzendariaren asmoa, eta ondo lortzen du horrela protagonistaren larruan sentiaraztea, zeure
egiteraino bere desioak, beldurrak eta minak. Horretarako, bikote protagonistaren lan ezinhobea goraipatu beharra dago, hain gutxirekin hainbeste esateko duten gaitasuna: parkean lehen aldiz elkartzen direnekoa da ziurrenik pelikulak duen unerik gogoangarriena, hunkigarriena, daukan sentiberatasunarengatik eta desioaren adierazpen sotilarengatik (sexu eszena esplizitu gehienak baino askoz ederragoa dena bidenabar esanda, nahiz eta sexu-eszenak ere ederrak diren bere gordintasunean). Justu kontrakoa gertatu zait, ordea, bukaera aldeko tabernako eszenan, non sinesgarritasuna kinka larrian jartzen baita Adeleren erreakzio, nire ustez, gehiegizkoan.

Pelikula ona Kechicherena, Cannesko zinemaldiaren Urrezko Palmorria eta Fipresci sariarekin besapean etortzeagatik, espektatiben azpitik geratu bazait ere. Nabarmendu beharrekoa da nobela luzeen gisan, nola xehetzen dituen Adeleren ibilerak errealismo ikaragarriarekin, eta nola lortzen duen ikusleak protagonistarekiko, eta bereziki bere minarekiko, erabat enpatiko bihurtzea ere.

Kritika gehiago hemen...

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net