2012/12/23

Alter ero: elkarrizketak

Berrian atera denarekin, nik uste "Alter ero" liburuari dagozkion elkarrizketa guztiak egin ditudala. Denak jarriko ditut hemen, norbaitek interesa izanez gero, baina batez ere inbentario moduan:

Irakurtzekoak:

Zarauzko Hitza (2012-10-04): Zarauzko Hitzan eginiko elkarrizketa
Argia (2012-10-21): Garbiñe Ubedak egindako elkarrizketa
Hitzen Uberan (2012-11-09): Oier Guillanek egindako elkarrizketa

Berria (2012-12-20): Igor Susaetak egindako elkarrizketa 
 El Correo (2012/10/27): Iraitz Urkulok egindako elkarrizketa:


Entzutekoak:


Euskadi Irratia: ArantxaIturberekin.mp3
Bizkaia Irratia: Irakurriera saioan


2012/11/12

Alter ero: 4. kritika

Aho-zapore gazi antzekoa utzi dit kritika honek... Zer egingo zaio, bada (Kritika irakurri nahi baduzu, klikatu "segi irakurtzen" jartzen duen loturan, hemen beheraxeago).
Zuk ere irakurri duzu liburua? Zer iruditzen zaizu kritika hau? Mezu honi erantzunez utz dezakezu zure iritzia.

2012/10/29

"Alter ero": hirugarren kritika

Orain arteko kritikarik "gozoena" egin du Txani Rodríguezek Radio Euskadi irratiko "Pompas de papel" saiorako. Kritika irakurri nahi baduzu, klikatu "segi irakurtzen" jartzen duen loturan, hemen beheraxeago. 

Zuk ere irakurri duzu "Alter ero" liburua? Egin zure iruzkina edo kritika propioa hemen

2012/10/23

Alter ero: bigarren kritika

El Correo / Diario Vasco egunkarietan "Alter ero" liburuari dagokion kritika atera da, Javier Rojok idatzia. Aurreko kritikak legez, aho-zapore gazi samarra utzi dit, gozoa baino gehiago. Egaña eta Rojo bat datoz zenbait gauzatan: "By-pass" ipuina da gehien gustatu zaiena; eta badirudi "Ez da zinemazaleentzako herrialdea" dela gutxien gustatutakoa, edo gustatu ez zaiena (Rojok esplizituki aipatzen ez badu ere). Kritikaren justifikazioak, ordea, desberdinak dira bietan: Egañak tentsioari eusteko arazoak eta ipuinen bide lauegiak (bihurgunerik gabeak) aipatzen ditu; Rojok, berriz, idazlearen dudak igartzearen kalteak aipatzen ditu. Hemen jarri genuen Egañaren kritika; jarraian irakur dezakezu Rojorena ("segi irakurtzen" klikatuta). Zuk ere liburua irakurri duzu? Eman iritzia hemen klik eginez.
 

2012/10/19

"Alter ero": lehen kritika

Ibon Egañak Deia egunkarirako egin du "Alter ero" liburuaren kritika (2012-10-06), zenbait kontutan aho-zapore gozoa bai, baina oro har gazia utzi didana. Hemen irakurri dezakezu osorik:

2012/10/03

"Alter ero": eman iritzia!

Plazaratu dugu "Alter ero". Liburu-dendetan da ipuin-liburua. Susaren webgunean ere bai doan irakurgarri (hemen). PDF edo EPUB formatuan ere jaitsi daiteke, 3,63€ ordainduta (hemen). Eta orain zer? Nahiko nuke irakurleen iritziak jasotzea, txarrak, onak, erdipurdikoak. Zein ipuin gustatu zaizu gehien? Eta gutxien? Anonimoki idatz dezakezu mezu honi iruzkin bat gehituz edo zuzenean bertol@bertolarrieta.net e-postara idatziz.
Benetan eskertuko dizut, eta agian oparitxo bat jaso zenezake zurekin kontaktuan jartzeko e-posta bat jartzen baduzu. Mila esker! Bertol

Kalean da "Alter ero": hemen aurkezpenaren prentsa laburpenak

Kalean da "Alter ero" ipuin-liburua.
Atzo egin genuen aurkezpena, Ur Apalategi idazleak eta Gorka Arrese editoreak lagunduta. 25 bat lagun, San Jeronimo kaleko udal liburutegiko sotoan, prentsa, etxekoak eta lagunak tarteko.

Eskerrik asko etorri zineten guztioi.

Etorri ezin izan zenutenentzat, hona hemen Hitzen Uberan webguneko lagunek bertan ateratako bideoa (eta beherago prentsak ateratako laburpenak):



Prentsako laburpenak:

Kulturklik (2012/10/04): Alter ero (Arrieta, Bertol)
Hitzen uberan (2012/10/02): Bertol Arrietaren "Alter ero" liburuaren aurkezpena
Aldaba (2012/10/04): Bertol Arrietak bigarren liburua aurkeztu berri du; "Alter ero" izenburupean

Bertol
PD: liburua ohiko liburu-dendatan eros daiteke, eta baita pdf edo epub formatuan ere (3,63€), ebook gailuetarako prestatuta: 
https://susa-literatura.com/ebook/

2012/09/20

Alter ero: liburu-trailerra

Donostiako Zinemaldiaren aitzakian, liburuaren trailerra egitea okurritu zaigu. Hemen duzue. Ea gustatzen zaizuen.


                             "Alter ero", Bertol Arrietaren ipuin-liburua. Susa (2012).

Liburuaren aurkezpena, urriaren 2an izango da, Donostian, San Jeronimo kaleko udal-liburutegiko sotoan, goizeko 11:00etan. Gonbidatuta zaudete!

2012/09/12

Azala behar da, gero!

Azala behar da norbere liburuaren propaganda egiteko! Bada, horixe! Hementxe azala:



"Altero ero" ipuin-liburua: urrian zure ohiko liburu-dendan!

Eta parte-hartzeko deia: jakinik ipuin-liburua dela, zer iradokitzen dizu izenburuak?
Bota beldurrik gabe, mezu honi erantzunez.
Mila esker!

2012/03/18

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (VI): Zer den bizitza

Elefante bat. Elefante marroi-granate antzerako bat oparitu zion beltzak emazteari, tabernan tripa handiarekin ikusi zuenean. Gerrikoak, lepokoak, eraztunak, ordulariak saltzen ari zen, eta gu tragoa hartzen, abuztu bukaerako egun eguzkitsu batean; oporren amaierari neurria hartzen, aldez aurretik.

-   Da suerte –esan zion gaztelania txukunean, eta zortzi hilabete eta erdiko tripa handia seinalatu zuen behatzarekin – Para ti, para ti... –gehitu zuen gero, oparitu egiten ziola argi adieraziz.

Sartu zen moduan atera zen tabernatik, ezer saldu gabe, tragorik hartu gabe, eta ezer eskaini ez izana damutu zitzaidan, berandutxo, hala ere.

Hemen nago orain, seme lokartuari begira:  ba al da ederragorik, umetxo bat lotan goxo ikustea baino? Elurra epel erortzen zure egongelako leihotik?

Urte eta erdi da gaur semea jaio zela, eta haren jaiotza etorri zait gogora, urterdimuga honetan, eta jaiotzarekin batera, elefante marroi-granate txikitxo hau, esku ahurrean eroso eserita daukadana; atzeko hanken gainean eserita baitago elefantea, eta tronpa altxatuta. Hainbat gauza idatzi ditut dagoeneko aitatasunari buruz, baina oraindik ez dut hasiera kontatu... Urte eta erdi behar izan ote dut hau idazteko adorea biltzeko?

2012/02/23

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (V): bidaia, norberaren barrunbeetara

Duela hamabost bat egun, semearekiko harremanak ondo bideratzen ikasteko aitzakiarekin, komunikazio ez-bortitzari buruzko ikastaro biziki interesgarrian parte hartu nuen, Nerea Mendizabalen eskutik (Antiguoko Txintxirrin haur eskolan). Semearekiko harremanak soilik ez, ingurukoekin ditugunak ere egoki jorratzeko bidea erakutsi zigun Nereak, edozein gatazka-egoerari modu ez-bortitzean erantzuteko metodoa, baina, batez ere, norberaren barrunbeetara begira jarri gintuen, norberaren erraietarainoko bidaia proposatu eta geure buruak ondo ezagutzeko parada eman zigun. Bidaia hori, esan beharrik ez dago, ez da doakoa; mingarria da, barrenak mugitzen dizkizu, inori ez baitzaio norberaren miseriak argitara ekartzea gustatzen, baina bidaia bere helmugaraino eramanez gero, zinez eskertuko duzu, gure burua ulertzeak baitakar ingurukoak hobeto konprenitzeko bidea.

2012/02/05

Santa Ageda bezpera, elurretan

Bertol Arrieta ( cc-by: aitortu egiletza)


Donostiako Antiguo auzoan Ibaeta abesbatzakoak harrapatu ditugu, elur azpian kantari, Santa Ageda bezperan, eta hotza berotu digute.

Zortzi argazkiko erreportajetxo hau merezi zuten, gutxien gutxienik.

<<...baina eztarriz sano gabiltza
ta kanta nahi dugu gogoz! >>


2012/01/24

Kubako argazkiak, zuri-beltzean

2008an Kuban egindako argazkiak, webgunean.
Bertol Arrieta (CC 3.0: aitortu & baldintza berdinetan partekatu)

Behean duzun "X iruzkin" botoiari emanda utz dezakezu argazki hauei buruzko zure iritzia.
mila esker,
bertol

2012/01/10

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (IV): umetxoaren negarrari, jaramonik ez?


Inguruan asko ikusten ari naiz: negarrez ari den umetxoari, oraindik hitz egiten ez dakien horri, jaramonik ez egitea, negarrez uztea, bere kabuz (azkenean) isiltzen den arte. Edo umetxoak bakarrik lo egin dezan Estivill metodoa aplikatzea.

Ez naiz ni aditua gai hauetan, baina honi buruzko oso ikuspuntu interesgarria irakurri dut, eta hemen jarriko dut halako laburpen bat, norbaiti lagungarri gerta dakiokeelakoan.

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net