2012/10/19

"Alter ero": lehen kritika

Ibon Egañak Deia egunkarirako egin du "Alter ero" liburuaren kritika (2012-10-06), zenbait kontutan aho-zapore gozoa bai, baina oro har gazia utzi didana. Hemen irakurri dezakezu osorik:



Liburua: Alter ero / Bertol Arrieta / Susa, 2012
Kritikaria: Ibon Egaña / Deia, 2012-10-06

Beste niak

Aitarekin medikutara doan seme arduratua, eta lanpeturik hara eta hona dabilen anaia; Sobiet Batasunaren garaian eskubaloi jokalari izandako Sergei eta Siberian bizi den bere taldekide ohi hondoak joa; Julio Cortazar eta haren antza handia, handiegia hartzen ari den idazle euskalduna; tesi-defentsara doan irakaslea eta tabernan gurutzatu duen gizon maletaduna; zinema-aretora joan eta pantailako pertsonaiaren antza gero eta handiagoa hartu duen ikuslea. Bertol Arrietaren Alter ero bigarren ipuin liburuko pertsonaia askok beren arruntasunetik eta egunerokotasunetik aterarazten dituen norbaitekin egiten dute topo, beren antzeko bezain beste muturreko den beste ni batekin, hainbesteraino non protagonisten nortasuna eta bizimodua jartzen baitute zalantzan. Telefono dei bat, tupusteko enkontru bat, urrundiko gutun bat eta dantzan hasten da ipuinotako gizonen bizitza, zenbaitetan bi pertsonaien nortasunak bereiztea zaildu arte.

Pertsonaien arteko ispilu-joko hori ipuinez ipuin errepikatzen bada ere, ezin esan liteke molde berean osatutako kontakizunak direnik Arrietarenak, ez idazkeraren, ez estiloaren, eta ez narrazio-egituren aldetik. Trazu lodiz aritzeko arriskua gure gain hartuz, hiru klasetako ipuinak daudela esan dezagun: familia, bikote edo lagun harremanak ardatz dituzten narrazio jite errealistakoak, batetik; literatura eta idazketa gai nagusi duten ipuin metaliterarioak bestetik; eta fantasiaren ertzetan kokatuz (nahiz ez diren zentzu hertsian ipuin fantastikoak), eldarnio kutsua duten kontakizunak, hirugarrenik.

Lehen saileko ipuinetan lortu ditu Arrietak emaitza interesgarrienak. Semearen ikuspegitik aitaren gaixoaldi eta heriotzaz eta hark dakarren ondoez isilaz diharduen Bypass lehen ipuinean, esaterako, trebeziaz josten ditu askotariko familia harremanak zarauztarrak, lehertzen ez den tentsioari ongi eutsiz. Ordezko atezainaren balada narrazioan, bestalde, dotore ari da gorenean egondako kirolariaren gainbeheraz (Errusiako girotzea ongi baliatuz) eta lagunarteko erlazio anbibalenteaz. Bye itxierako ipuinak, aldiz, bikote-harremanak eta seme-alabadun lagunarteko giroak oso modu sinesgarrian jasotzen ditu. Zalu dabil ipuinotan egilea elkarrizketa bizi eta gertukoetan, eta asmatzen du narratzaileen ahotsa elkarrizketekin uztartzen, kostunbrismo garaikide halako bat marrazten. Ez dut uste, aitzitik, ipuinak biribiltzen asmatu duenik; zenbaitetan pertsonaien arteko tentsioa ez da aski ipuinari eusteko; bestetan (Bye-n esaterako) amaiera ironiko eta ustekabekoak ez du ipuinaren maila mantentzen.

Ipuin metaliterarioetan bestelako erregistroz ari da Arrieta: Julio Cortazarri omenaldia egiten dion Un tal Ekain, esaterako, artikulu trazan, oin-ohar eta guzti eman du, argentinarraren oinordeko dela frogatu nahi duen idazle euskaldunaren ikuspegitik. Ipuin perfektua-k, bestalde, idazle baten ipuin perfektuarekiko obsesioa du abiapuntu. Eta abiapuntuak, bietan interesgarriak izanagatik, helmugek hotz utzi naute; lauak eta bihurgunerik gabeak iruditu zaizkit ipuinen bideak. Eldarnioaren mugako kontakizunek asebete dute irakurle hau gutxien, batzuetan abiapuntutik beretik. Ez da zinemazaleentzako herrialdea, esaterako, ipuinaren jantzia handiegi geratzen zaion burutazio bat iruditu zait narrazio bat baino gehiago.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net