euskara etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
euskara etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/05/18

¡Pasa algo!

1988. urtean, Alvaro Bermejok euskarazko Donostia Hiria saria irabazi zuen gaztelaniaz idatzitako eta a posteriori beste norbaitek euskarara (berak ez baitaki) itzulitako ipuin batekin. Gutun-azalak ireki eta ipuinaren egilea nor zen ikusi zutenean, antolakuntzako kideek ezin izan zioten saria kendu —edo ez zuten horretarako ausardiarik bildu—, oinarrietan ez zetorrelako propio adierazia lanek jatorriz euskaraz idatzitakoak izan behar zutela. Gaztelaniazko ipuin onenaren saria jatorriz ingelesez idatzi ondoren espainierara itzulitako lan batek irabazi izan balu, ez litzateke zailegia baldintzazko esaldi honek izango lukeen amaiera asmatzea. Kontua da oinarrietako hutsune huraxe ondo baino hobeto baliatu zuela Alvaro azeri zaharrak batere mesprezagarria ez zen saria eskuratzeko, ez ordea bere patrika zulatuak —gizajoa!— betetzeko arrazoi sinple eta etikoki zalantzagarriarengatik, bai zera!, baizik eta salatzeko gaztelaniazkoaren gisako literatura oparo eta mundutarra eta euskaldunen mundu txiki eta itxiko literatura ez zirela parekagarriak, ezin direla inolaz ere diru-sari berdinarekin aitortu. Ba omen zen garaia gaztelaniazko jarduna zuten idazle txit azpiratuak lohiaren barrenetik kanpora zeruratzeko. Irabazi ondoren, salaketa argi eta ozen hel zedin heldu beharreko leku guztietara, pentsatuko duzue, fededun zintzook, uko egin ziola sariari, baina, alafede, kontrakoa egin zuen.

2014/12/14

#Eusgara

Euskararen Eguna dela eta, hainbat apunte edota galdera:
  1. Euskararen ezagutza handitu omen da azken urteetan baina ez erabilera. Euskara Batuaren ekarpena inork gutxik jartzen du zalantzan (nik ez behintzat), baina ez ote da garaia euskalkien erabilera sustatzeko, betiere testuingurua eta erregistroaren arabera, eta batez ere ahozkoan? Koldo Zuazok kontatzen du anekdota: bost urteko Elgetako ilobari galdera egin, zein dira asteko egunak?¸eta erantzuna: astelehena, asteartea, asteazkena, osteguna, ostirala, zapatua eta domeka. Eskerrak eskolarik ez den asteburuetan!
  2. Zaldieroren Mitxelena XVIak eta Yodak bezala, ez ote gara gehiegizko zuzentasunarekin larregi tematzen? Twitterren izan nuen eztabaida, duela hilabete batzuk, itsas-denborale ikaragarri hura izan zenean, eta olatu erraldoi haien erakusgarri hainbat bideo eta argazki argitaratu zirenean sarean, Zarautz aldeko asko “Itsasaldia” izenburupean. Ez omen du “itsasaldi” hitzak adiera hori ezein hiztegitan, ez omen da sekula santan horrela erabili, ea zertan ari ziren “denboralea” edo “itsas-denboralea” erabili beharrean hitz hura erabiltzen, beti omen gabiltzala erdal jatorria duten hitz aski jatorrak aurreiritzien erruz baztertzen… Agian, arrazoi zuten, baina nago ez ote ditugun goizegi eta errazegi kimatzen horrelako saiakerak. Beharbada, “denboralea” orokorregia egin zitzaien, apika luzeegia “itsas-denboralea”. Larriena, nire ustez, jendeari hizkuntzarekin jolasteko gogoa kentzea da. Pentsa, “itsasaldi” hartatik “itsazaldi” kuriosoa sortu izan bagenu, milaka zaldien indarrez datorren itsas-denborale ikaragarria adierazteko…
  3. Sautrela eta Tribuaren Berbak kalitatezko telebista baten erakusle dira. Pena daukat halako gehiago egon ez izanaz, zineaz edo musikaz dihardutenak esaterako, lasai eta oparo. Baina, eta, zenbat pelikula porno daude euskaraz? Ez dakizue? Ba nik bai: oker ez banago bakar bat. Jatorriz gaztelaniaz egina da, eta 2011ean bikoiztu zuten euskarara. Kalitate zalantzagarria baina audientzia ikaragarria duten saio horiek zergatik ez egin euskaraz, eta gaztelaniaz azpititulatu? Adibidez, “El conquistador del fin del mundo”?. Zergatik ez egin ETB2a gaztelaniara azpititulatutako euskarazko produktu hutsekin?
  4. Abian da .eus domeinua. Izan bedi sareko euskal komunitatearen bilgune. Webgune bat duzu? Pasa zaitez .eus domeinura!
  5. Bukatzeko, proposamen bat twitterren dabiltzan txiolari euskaldunentzat. Zer iruditzen ingelesezko WTF! (what the fuck?) akronimoa euskarazko 11I! (hamaika ikusteko!) jatorrarengatik aldatzen badugu?
  6. Irudimena (eta umorea!) behar dugu, euskaldunak mantendu eta erdaldunak pixkana-pixkana gure hizkuntzara erakartzeko, eta datorren urteko abenduaren 3a ez dadin bihur “el día del euskera”.

    Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014/12/04ean)

2013/05/25

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (X): hizkuntza dela eta ez dela (III)


Txundigarria da, zinez, hizkuntzaren eskuratzea nola egiten duten umeek. Soinu arraroenetatik hasita, ziztuan igarotzen dira silaba itxura dutenetara, eta horien errepikapenez lehen hitzak sortzera. Entzuna neukan p edo t hizkia erroan duten hitzak sortzea errazagoa dela umetxoentzat, m hizkia dutenak baino, eta horregatik esaten dituztela lehenago aita edo papá gisakoak, ama edo mamá lakoak baino, eta ez aiten harrotasuna puzteko balio lezaketen arrazoiengatik… Hala, nahiko ohikoa omen da egun osoa amarekin igaro arren aita izatea umeak dioen lehen hitza, ama saiatu eta nekatuaren etsipenerako usu.

Gure umeak, aldiz, ma deitzen zion amari eta na deitzen zidan niri, urtea ondo konplitua zuela. Hala, bioi deitzeko, mana kuriosoa oihukatzen zuen. Halakoetan (manaaaaaa!!!), zera itzultzen zuen tarte-hizkuntza arraroen nire itzulpen-motor berezituak: aita edo ama, berdin zait nor, baina etorri oraintxe bertan!

Garai hartan pasa zitzaidan kontatzera noana, siesta luze baten ondoren semea esnatu eta ni haren ondoan gertatu nintzen batean, hain zuzen. 

2013/04/15

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (IX): hizkuntza dela eta ez dela (II)


Ez zait sekula ahaztuko lehen edalontzia eskuetan geneukala egin zidan galdera:

-          Eta hik zergatik ez didak niri hika egiten?

Begi-zeharka begiratu nion finlandiar lagunari, eta klink edan nuen sagardoa.

Jo eta ma geratu nintzen. Urtebete eskas zeraman gurean, eta hika egitea nahi ez zuen ba tipoak! Lauzpabost baso sagardoren ostean bertsotan ere hasiko zaidak hau, egin nuen nire artean...

Gerora pentsatu nuen normala zela bere eskaera, hika egiten ikasi nahi duenari hika egitea baino hoberik ez dagoela, nahiz eta berak zuka erantzun gero (euskaraz egiten ikasi nahi duenari euskaraz egitea bezalakorik ez dagoen moduan, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun). Hain da erraza teoria, eta hain zaila praktika!

Gogoan dut semeari hitz egiten hasterako horixe izan zela hartu behar izan nuen lehen erabakietako bat: zuka edo hika.

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net