Txundigarria da, zinez, hizkuntzaren
eskuratzea nola egiten duten umeek. Soinu arraroenetatik hasita, ziztuan
igarotzen dira silaba itxura dutenetara, eta horien errepikapenez lehen
hitzak sortzera. Entzuna neukan p edo
t hizkia erroan duten hitzak sortzea
errazagoa dela umetxoentzat, m hizkia
dutenak baino, eta horregatik esaten dituztela lehenago aita edo papá gisakoak, ama edo mamá lakoak baino, eta ez aiten harrotasuna puzteko balio lezaketen
arrazoiengatik… Hala, nahiko ohikoa omen da egun osoa amarekin igaro arren aita izatea umeak dioen lehen hitza, ama
saiatu eta nekatuaren etsipenerako usu.
Gure umeak, aldiz, ma deitzen zion amari eta na deitzen zidan niri, urtea ondo
konplitua zuela. Hala, bioi deitzeko, mana
kuriosoa oihukatzen zuen. Halakoetan (manaaaaaa!!!),
zera itzultzen zuen tarte-hizkuntza arraroen nire itzulpen-motor berezituak: aita edo ama, berdin zait nor, baina etorri oraintxe
bertan!
Garai hartan pasa zitzaidan kontatzera noana,
siesta luze baten ondoren semea esnatu eta ni haren ondoan gertatu nintzen
batean, hain zuzen.
Han hasi zitzaidan bere ohiko ma edo na haien ordez, papa gora eta papa behera. Hurbil izan nuen zirrarazko malkoa, aitor dut: hainbeste hitz aukeran eta huraxe izatea eta ez beste bat semearen ahotik irteten zen lehenengoa… (Gaztelaniako hitz bat izateak nire gibel euskaltzaleari eragiten zion hazkura ez txikia, hitzaren esanahiak berak leunduta zetorren kasu hartan). Baina berehalakoan desagertu ziren nire emozio zantzuak, ohetik ordura arte ia ezagutzen ez nion trebetasunarekin jaitsi eta karrikotxea seinalatuz silaba haiexek errepikatu zizkidanean: apapa!, kalera joan nahi zuela, alegia… Ai, kaleari kale eta haragiari haragi deitu beharrean apapa eta txitxi darabiltzaten amona errukarri eta sufrituen mesedeen truke ordaindu beharreko peaje txikiak…

Nork ez ditu antzeko anekdotak, umetxoen lehen
hitzak tarteko. Gogoan dut frutazko pure goxoa prestatu eta auzoko parkera
emaztea eta hiruok joan ginenekoa ere. Han zebilen umea, txirristan gora eta
behera, beste haurren gurasoekin elkarrizketa ezin interesgarriagoan murgilduta
geunden bitartean gu ---parkeko elkarrizketa sakon
horietako bat dudan bakoitzean, suizidioaren harrak gela berri bat estreinatzen
du nire bihotzeko habian---. Hizketa-gai sakonen bat ahotan hartuta genbiltzan,
bada, txirrista baten gailurretik semeak zera oihukatu zuenean, denok ondo
entzuteko moduan oihukatu ere:
-
Amaaaaaa, putaaaaaaaaaaaa!
Inozo aurpegia nola disimulatu ez dakien
horietakoa bainaiz, fruta poltsatik ateratzera jo nuen berehala, “je, je,
fruta, fruta nahi du…” edo antzeko azalpen pulamenturik
gabea ematen nuen bitartean. Amak ez zuen, horratio, kinka hartan gehiegi
sufritu; aitzitik, ni izan nintzen gure solaskideen jomuga, jakin ezan zer erakusten dion honek semeari
gisako begirada-puñal zorrotzak sentitu bainituen leun hondoratzen bizkarrean
barna, L7-L8 pare horretan. Auskalo, beti esan izan didate imajinazio gehiegi
dudala.
Edo supermerkatutik ateratzean atea irekitzen
zigun eskalea zertan ari zen galdetu zidan hartakoa.
-
Eskian ari dek –esan nion semeari zarauzkeraz.
-
Eskiatzailea da? –galdetu zidan
harrituta (ez zelarik tartean ez elurrik ez eskirik), aita, zerbait gaizki azaldu didak begiradarekin.
Ikaragarria da nola doazen pixkanaka hizkuntza
eskuratzen, soinua, silaba, hitz bat, bi hitz, eta bi hitz horietako bat aditza
bihurtzen deneko mirakulu itxuraz xume hori: konturatzerako, hortxe duzu
esaldia (aginterazkoa normalean)! Aita,
eman! Ama, etorri!
Hortik aurrerakoa, frenorik gabeko arrapalada
da. Aditza jokatzen hasten dira ziztuan, mendeko perpausak osatzen gero… Hika
egiten ere hasiko zait hau uste baino lehenago, seguru.
Aitortu beharra daukat, hala ere, gozamenik
handiena semeak zera esan zidan lehen aldian hartu nuela:
-
Aita, nik ez dut ikastolara joan
nahi.
Eta ez, preseski, ikastolara joan nahi ez
zuelako, baizik eta izenordainari erantsi zion ergatibo dotoreak nire zilbor
azpiko euskaltzain xaloa harrotasunez bete zuelako. Salbu dago euskara!, egin
nuen nire artean, eta Iratiko Bolizko dorrean bizi den Yodaren telefonoa
bilatzera jo nuen berehala listinera.
@zaldieroa-ren kortesiaz: www.zaldieroa.com |
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol