Egun-pasa polita egin genuen lehengoan Legazpi aldean, Chillida Lantoki-Museoa bisitatzeko aitzakiarekin. Uztaileko asteazken batean joan ginen andrea, hamar hilabeteko semea eta hiruok, eta lehendabiziko sorpresa Lantoki-Museoaren sarreran eman ziguten: asteburuetan soilik irekia. Atean bertan jartzen zuen telefonora deitu genuen, esperantza gutxirekin, baina are sorpresa handiagoa jaso genuen arratsalderako hitzordua eman zigutenean; ez sinisteko luxua, krisi garaiotan batez ere: guretzat bakarrik ireki zuten museoa, eta “esklusiban” eman zizkigun azalpenak neskato aurpegi luze batek (gehitxo makillatuta, nire gusturako), euskara argi eta txukunean.
- Asteburutan soilik irekitzen dugu –esan zigun, eskumuturrean tatuatuta zeukan tximeletari begira ez distraitzeko burrukan nenbilen bitartean. – Gustatzen zaizu? –galdetu zidan besoa niregana hurbilduz; oso polita, oso polita, esan nion. –Kostan geratzen dira turista gehienak… Mirandaolan egoten gara, eta norbaitek deitzen badu, hitzordua jartzen saiatzen gara.
Ikustekoa da lantoki-museoa. Donostiako Tabakaleran espazioa antolatze aldera egin behar edo egin nahi dutenaren filosofia dauka paper-fabrikak ere: bere horretan utzi dituzte horma zahar handiak, papera egiteko makinaria erraldoiaren parteak, sabai altuak… Eta horrek xarma oso berezia ematen dio lekuari.