Bere
nostalgia dauka jende askok iaztik, Rayuela argitaratu zela 50 urte
bete baitziren 2013an, eta jaio zela ehun urte beteko baitira
aurtengo abuztuan. Egingo dizkiote omenaldiak, berrargitaratuko
dituzte bere liburuak. Bada, beraz, nahiko aitzakia bere liburuak
irakurri edo berrirakurtzeko.
XX. mendeko ipuingile onenetarikotzat dauka hainbatek, baina Rayuela nobelagatik ezagutzen dute gehienek, honek eman baitzion nazioartean ospea. Oraintsu egin dudan berrirakurketan, txundituta geratu naiz beste behin: izugarria da Cortázarren kontatzeko modua (irakurri lehen paragrafoa adibide gisa: gogoangarria da ¿Encontraría a la Maga? galderarekin hasten den hasiera), eta hori gutxi balitz, pertsonaia bikainak sortzeko gaitasuna dauka (antiheroi gisa sortutako Horacio Oliveira memorablea da, eta la Maga, berriz, literaturaren historiako emakume liluragarrienetakoa dela ezin uka). Ez da irakurketa errazeko liburua, baina literatura onaren plazeraz gozatu nahi baduzu, jarri zure mesanotxean lehenbailehen. Ez zaizu damutuko.

Nostalgiaz ari da La grande bellezza film italiar ezinbestekoa ere. Cortázarren eran baina bere estilo propioan, estetika txundigarriarekin eta pertsonaia bikainekin ondu du Sorrentinok edertasunaren —gaztetasunaren— galerari buruzko pelikula itzel hau. Igarotako urteen mirak eta heriotzaren nolabaiteko gertutasunak ataka existentzialista estuan jartzen du protagonista gautxoria bere 65. urtebetetzeaz geroztik, eta haren urratsei segika, eta Erromaren dotorezia heldua metafora gisa hartuta, ipuin txikiz osatutako collage ezin ederragoa osatzen du zuzendari italiarrak, une askotan Fellini gogora ekartzen duen surrealismo finarekin.

