2014/01/24

Harri txintxarren terapia

Uste dut Cortázar izan zela esan zuena nostalgia dela sorkuntzarako motor indartsuena.
Bere nostalgia dauka jende askok iaztik, Rayuela argitaratu zela 50 urte bete baitziren 2013an, eta jaio zela ehun urte beteko baitira aurtengo abuztuan. Egingo dizkiote omenaldiak, berrargitaratuko dituzte bere liburuak. Bada, beraz, nahiko aitzakia bere liburuak irakurri edo berrirakurtzeko. 


XX. mendeko ipuingile onenetarikotzat dauka hainbatek, baina Rayuela nobelagatik ezagutzen dute gehienek, honek eman baitzion nazioartean ospea. Oraintsu egin dudan berrirakurketan, txundituta geratu naiz beste behin: izugarria da Cortázarren kontatzeko modua (irakurri lehen paragrafoa adibide gisa: gogoangarria da ¿Encontraría a la Maga? galderarekin hasten den hasiera), eta hori gutxi balitz, pertsonaia bikainak sortzeko gaitasuna dauka (antiheroi gisa sortutako Horacio Oliveira memorablea da, eta la Maga, berriz, literaturaren historiako emakume liluragarrienetakoa dela ezin uka). Ez da irakurketa errazeko liburua, baina literatura onaren plazeraz gozatu nahi baduzu, jarri zure mesanotxean lehenbailehen. Ez zaizu damutuko.


Nostalgiaz ari da La grande bellezza film italiar ezinbestekoa ere. Cortázarren eran baina bere estilo propioan, estetika txundigarriarekin eta pertsonaia bikainekin ondu du Sorrentinok edertasunaren —gaztetasunaren— galerari buruzko pelikula itzel hau. Igarotako urteen mirak eta heriotzaren nolabaiteko gertutasunak ataka existentzialista estuan jartzen du protagonista gautxoria bere 65. urtebetetzeaz geroztik, eta haren urratsei segika, eta Erromaren dotorezia heldua metafora gisa hartuta, ipuin txikiz osatutako collage ezin ederragoa osatzen du zuzendari italiarrak, une askotan Fellini gogora ekartzen duen surrealismo finarekin.




Formularik ez dago nobela —pelikula— on bat egiteko (formulak haustean datza, agian, formula sekretua), baina, hain desberdinak izanagatik, aipatutako bi lanek dituzten antzekotasunek ematen digute pistaren bat: a) kontatzeko modua liluragarria da bi lanetan, eta are garrantzitsuagoa dena, kontatzen denaren mesedetan dago kontaera, betiere kontatzen dena estali gabe; b) kontatzen denak mamia dauka; azaleko gauzei erreparatzea ondo dago tarteka, baina zuri eta niri kezkatu/beldurtu/min egin/hunkitu egiten gaituzten kontuei buruz ari dira, oro har; c) pertsonaiak ondo eraikita daude, ondo karakterizatzeaz gain indarra eta sinesgarritasuna dute, istorioak nola. Horrela esanda, a, b, c, erraza dirudi. Kontua da oso zaila dela a b c horietako bakoitza ondo egiten.

Gauza bat segurua da: literatur lan bat —pelikula bat—, bikaina bada, berrirakurtzeko/berrikusteko gogoa sartuko zaizu, klasikoekin gertatzen den zerbait da, ez da kasualitatea. Bide batez esanda, Rayuela da berrirakurri dudan liburu bakarrenetarikoa. La grande belleza bigarren aldiz ikusteko irrikan nago (zinematan dago oraindik!, ez galdu aukera!, ez da-eta telebistan ikustekoa).

Bigarren irakurraldian, kuriosoa da, Rayuelari ahulguneak eta guzti aurkitu dizkiot. Lehen bikainak iruditu zitzaizkidan pasarteak, orain ez zaizkit hain onak iruditu; aitzitik, lehen garrantzirik eman ez nien batzuk apartak iruditu zaizkit orain. Norbera ere aldatzen doan seinale, bizirik gauden seinale. Auskalo!, igual irudituko zait liburu arrunt bat, hemendik hamar urtera.

Film italiarrak garai hobeen nostalgia badu kontakizunaren motor gisa, galdutako maitasunaren bihozmina du sorburutzat Rayuelak. Bizitza bere osotasunean dastatu nahi eta ezin dabil Horacio Oliveira, kasik bere alderantzizkoa den la Maga zoragarriarekin elkartzeko aukera kasualitatearen esku utzita. Azkenean ez zaio nostalgia besterik geratuko, flamenkoz hustutako terraza baten moduko nostalgia eder eta mingarria soilik.

Parisen hil zen Julio Cortázar, duela 30 urte. Nostalgiko sendaezinak Montparnasseko kanposantura joaten zaizkio bisitan. Udazkeneko egun euritsuetan, harri txintxarrak jartzen dizkiote hilobi gainean.

(2014/01/24ean, Urola-kostako Hitzan argitaratua)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net