2014/01/24

2014ko pelikulen inbentarioa

2014an zinematan ikusitako pelikulen inbentarioa egingo dut hemen (eta zinemetatik kanpo ikusitako aipagarrienak ere gehituko ditut), eta saiatuko naiz pelikula bakoitzaren kritikatxo bat -edo iruzkintxo bat, bederen- egiten.

2014/12/30: Mommy
Estetika berezi eta dotorearekin, eta Truffaut-en "Les quatre cents coups" (1959) bikaina gogoratzen duen gidoiarekin, pelikula oso ona ondu du Xavier Dolan gazteak. Gertutik jarraitzeko moduko ibilbidea darama Dolanek, 25 urte eskasekin: http://es.wikipedia.org/wiki/Xavier_Dolan

2014/12/13: Magia a la luz de la luna
Ona da Allenen azken pelikula. Ona gidoia, onak aktoreak, forma aldetik txukuna eta mamia ere badu. Baina Augusto Monterrosok esan ohi zuen bezala, istorio on bat idazteko ez dago formula majikorik, eta formula majikoa lortzen baduzu, igarri egiten zaizu, eta iada ez dauka graziarik. Hori gertatzen zaio W. Alleni nire ustez. Pelikula on eta atseginak egiteko formula majikoa lortu du, baina kitto. Ez doa harago. "Zelig"-en egin zuen eran arriskatzea nahiko genuke, aurretik eginda dituen formulak errepikatzen ibili beharrean. "La maldición del escorpión de Jade"tik gertu dagoen pelikula honek gozo-gozo baikaramatza, baina kasik sekula harritu gabe, aberatsenen saloi garesti eta -ai- erosoegi horretako besaulkian eserita.

2014/11/27: Loreak
Bikaina iruditu zait Garaño eta Goenagaren filma. Gidoi, argazki eta aktoreen lan paregabearekin, sotilki baina dotore egiten du aurrera pelikulak, sentsibilitate eta samurtasun handiarekin egin ere. Ez galtzekoa!

2014/11/20: La sal de la tierra
"La sal de la tierra" filmeko argazki bat
Salgadoren argazki-erreportaje aparten bidez eta musika dotorearekin, munduaren ustela erakusten digu Wendersek, XX. mendeko gatazka gordinei erreparatuz. "Gure historia, gerren historia da", diosku Salgadok, baina baita "gu gara, gizakiak gara, lurraren gatza". Hainbeste sarraski eta gero ere, bada esperantzarik. Lastima irudiekin hain argi geratzen den mezua, filmaren bukaeran idatzita eta hain esplizitu ematea.

2014/11/13: Lasa eta zabala
Ondo dago pelikula, Lasa eta Zabalaren auzia kontatze hutsak bai baitu meritua. Euskal Herriko historia beltzenetakoaren pasarte honek badu hemendik aurrera  kontakizun zinematografiko duina, eta ez da gutxi. Baina pelikulak baditu "zinematografikoki" hainbat arazo, nire ustez. Hasieran du nabarmenena. Pelikularen lehen ordu erdia igaro arte, ez dakigu zein izango den protagonista. Lasa eta Zabalari segika hasten da filma, Alicanteko poliziari gero, eta Iruinen rola jokatzen duen Unax Ugalderekin geratu arte, noraezean dabil apur bat, nire ustez. Ikuspuntua zeinena izango den argi geratzen denean, hasten da pelikula ere kilateak irabazten. Eta, hala ere, Iruinen pertsonaiari "pertsona"ren ikuspuntua falta zaiola iruditzen zait, bere abokatu lanaren kanpoko bizitza, alegia. Bestalde, Iruinen pertsonaian sakontzeko, abokatuari laguntzaile "fiktizio" hori gehitzea ere, gutxien-gutxienez zalantzagarria zait: batetik, errealitateari hain lotuta dagoen pelikula batean, kontaera desbirtuatzen duelako (batez ere, benetan gertatua ezagutzen dugunontzat); bestetik, helburu zinematografikoekin egina izanik ere, lortzen den emaitza irregularra delako: tramari egiten dion ekarpena nabaria eta onuragarria da, baina pertsonaia zuriegia da nire ustez, planoegia, zintzoegia, xaloegia, "aingeruegia" infernu beltzenean. Lan txukuna "Lasa eta Zabala", baina zinematografikoki irregularra.

2014/11/10: 20000 days on earth
Nick Cave musikariari buruzko rockumental ederra. Bere sorkuntza-prozesuari buruz, baina batez ere zuzenekoen magiari buruz dotore -eta in crescendo- diharduen pelikula ona.


2014/10/29: Magical girl
Oso ona! Badu zerbait pelikulak, berezia egiten duena, eta nik uste tonoa dela, pelikularen tonoa. Almodovarrena izan zitekeen istorio melodramatiko bat abiapuntu gisa hartuta, kontatzeko tono askoz sosegatuagoarekin, emaitza berezia lortzen du. Ikustekoa!

2014/10/22: Relatos salvajes
Ona. Batez ere, azken laburra gustatu zitzaidan, baina denek dute maila ona.


2014/10/01: Lucy
Eskasa

2014/09/22 - 2014/09/29 (Zinemaldikoak)
Pasolini (A. Ferrara): Ona
Boyhood pelikulako irudi bat
[+gogoratzea ere merezi ez duten beste bi pelikula]


2014/09/15: Boyhood (R. Linklater)
Haurtzarotik nerabezarorako jauzia, bizitzari zentzua hartu nahi dion protagonistaren begietatik. Ona da pelikula, oso ona, baina saldu zidaten maisulanetik urrun samar geratu zait (akaso, espektatiba handiegiak nituen). Nire ustez, guraso bananduen pertsonaietan dago pelikula honen altxorra: ondo baino hobeto definituak, bata besteari kontrajarriak, bizitzaren filosofia (ustez) desberdinei atxikita bakoitza. Bizitzaren absurdua, poliki kontatua (eta 12 urteko errodaje baten beharrik gabe egin zitekeena, emaitzari kalterik eragin gabe).

...iruzkin gehiago jarraian...


2014/09/12: Cinema Paradiso (G. Tornatore)
Bikaina! Pelikularen 25. urteurrenaren harira, pantaila handian ikusi ahal izan dugu Tornatoreren (iadanik) klasikoa. Zinearen magiari buruz, maitasunari buruz, bizitza triste eta eder honi buruz. Ez galtzekoa! Alfredo zaharrak Totori esaten dionak laburbiltzen du ondoen pelikula: "Hagas lo que hagas, ámalo".

2014/07/10: Solo los amantes sobreviven (J. Jarmusch)
Oso ona. Estetikoki zoragarria. Urteko onenen artean.

2014/06/20: Her (S. Jonze)
Oso ona.

2014/05/27: Viva la libertà (R. Andó)
Pelikula atsegin eta ikuserraza egin du zuzendari italiarrak,
Viva la libertà filmeko fotograma bat
"La gran belleza"k bogan jarri zuen aktore italiarra (Toni Servillo) protagonista (bikoitz) gisa duela. Trukatutako bikien istorio topikoegia oinarri hartuta, gaur egungo politikarien ausardia eta irudimen falta kritikatzen ditu, txukun batzuetan, errazkerian eroriz besteetan. Pelikulan zehar inplizitu samar geratzen den bikien arteko harremana da, agian, zinta honen lorpenik handiena.


                                                      2014/05/20: 10.000 km
10000 km filmeko fotograma bat
Bikote egonkor batean bitako batek urrutira joan beharrak harremanean sortzen dituen arrakalei buruzko pelikula oso ona. Bi aktorerekin eta bi barne-lokalizaziorekin (hemengo etxea eta hango etxea) soilik egindako filma. Bikaina da mutilaren interpretazioa, aparta kontatzeko modua (interneteko mezu/bideo eta abarrak bikain baliatuz) eta ia tatxarik gabekoa gidoi benetan sinisgarria. Hasiera miresgarria dauka, eta ez bereziki plano-sekuentzia bakarrean eginda egoteagatik.  


2014/05/16: Aprendiz de gigoló (J. Turturro)
Woody Allen bere aldamenean aktore-lanetan jarrita, maisuaren lekukoa hartu-nahia-edo marraztu du
Turturrok pelikula atsegin honetan, Allenen oso estiloko lana onduz. Elkarrizketa zirtolariekin, baina gehitxo aurreikus daitekeen istorioaren garapenarekin, sexuaren eta laztantzearen eta laztanduak izatearen beharraren eta bakardadearen eta maitasunaren inguruan hausnarka jartzen gaitu zuzendariak, gutxitxo ernegatzen gaituen zinta honekin. Allenen pertsonaia miresgarria (eta honen interpretazioa) da, agian, pelikulako gauzarik aipagarrienetakoa, eta gai hauek lantzeko, errazkerian eroriz, judu ortodoxoen muturrera joan beharra ahulgunerik handiena. 

2014/05/15: Paradiso

Ona iruditu zait Truebako Ostegunen baitan ikusitako dokumental hau. Plano fijo irekiekin, argazki dotorearekin, fluoreszente zaharren argiarekin eta sotiltasun handiarekin, Madrilen martxan dagoen X zinemako sala bakarra markotzat hartuta, haren inguruan biltzen den jendearen erretratatu, batzuetan umoretsua, besteetan garratza egiten du zuzendariak, pertsonak pertsonaia bihurtuz (oso modu naturalean, oro har). Plano batzuen gehiegizko luzapena eta bikote protagonistaren istorioaren indar txikiegia dira, agian, bigarren mailako aktoreek pertsonek eta hauen arteko elkarrizketa ia surrealistek sostengatzen duten pelikula bitxi honen ahulgunerik handienak.

2014/05/10: 10.000 noches en ninguna parte
10000 noches en ninguna parte
Estetikoki ederra da, kontatzeko modua ere berezia dauka eta badu mamia. Musika eta soinuaren erabilpen dotoreak dauzka, eta aktoreak ere bikain ari dira (aipagarria Andrés Gertrúdixen eta Susi Sánchezen lana). Pelikula ona izateko ia osagai guztiak ditu, eta ona da, baina badu zerbait belarrira kirrinka egiten didana: "a qué huelen las nubes" edo "te gusta conducir" estiloko plano horiek agian, edo Lola Dueñas aktorearekin "bizi" duen harreman infantilegia beharbada, edo bukaeran dena bukatzeko behar hori, edo... Hala ere, gogoan hartzeko bi eszena baditu gutxienez: anai-arrebek amarekin jatetxean egiten duten bazkariarena, eta "Jeanette momentu" zirraragarria. Pelikula ona, alegia, baina...


Gran Hotel Budapest filmeko fotograma
2014/05/07: Gran Hotel Budapest
Estetika txundigarria daukan pelikula ona, barre handiegirik gabe, baina irribarrea ahoan ikusten dena. Mami gutxiegi, hala ere, nire gusturako. Forma aldetik bikain, baina fondo aldetik urri, alegia.

2014/04/12: La imagen perdida
Stop motion bidez egindako dokumentala, Camboyako sarrarskiari buruzkoa. Panpinen eta artxiboko irudien bidez soilik egindako pelikula honek badu mamia, baina forma berritzaileak ez nau asebete.

2014/03/21: Nebraska (A. Payne)
Nebraska pelikulako fotograma bat
Bikaina. Agian, aurten zinematan ikusi dudan pelikularik onena (oraingoz). Istorio txiki eta hunkigarria, bere txikian, handia. Zuri-beltzeko argazki zoragarriarekin eta aktore bikainekin, poliki baina zuzen, sotilki, egiten du ikuslearen bihotzerainoko bidea, gidoiak dituen jauzi txiki baina esanguratsuen erritmoari jarraika. Familia-harremanen eta Estatu Batuetako lurralde zokoratuenen erretratu zoragarria.


2014/03/12: Joven y bonita (F. Ozon)
Oso ona. Prostituta gisa lan egitea erabakitzen duen hamazazpi urteko neskatilaren istorioa. Abiapuntu hau ondo justifikatu gabe hasten da pelikula, baina hori irentsiz gero, dotore egiten du aurrera, sinesgarritasun handiarekin. Tabu eran bizi dugun gai arantzatsu bati buruzko oso pelikula ona.

2014/03/13: La venus de las pieles (Polanski)
Ona. Zinea, antzerki eran. 

2014/02/24: Oslo. 31 de agosto (J. Trier)
Ia urtebete drogarik probatu gabe daraman drogazale baten 24 orduko eguna kontatzen du pelikulak, baita dotore kontatu ere. Jendearen eguneroko bizitzaren hutsaltasuna azaleratzen du, suizidioarekin tentatuta dabilen protagonistaren atzetik. Ondo kontatua, su-itzalgailuen eszena benetan ederra aipatuko nuke, gogoan hartzeko modukoen artean txertatua geratuko zaidana ziurrenik. Aktore protagonistaren lana ere txapela kentzekoa da.


2014/02/20: Gente en Sitios (Cabestany)
Fama handiarekin zetorren Donostiara, ahoz ahokoaren (txioz txiokoaren) bidez goraipatua, baina usteak erdia ustel, eta halaxe joan zen atzokoa ere. Lagun koadrila batek grabatuta dirudien pelikula honek ez du estetikan erreparatzen. Zuzendariari pereza ematen omen dio planoak prestatzeak, iluminazioan eta soinuan erreparatzeak... Halakoetan, zer esan, gutxienez edukia ona izan dadila, ezta? Ba ezta hori ere! Martes y trece txarrenen edota José Motaren pareko esketxak, bata bestearen atzetik jarrita. Aitortu beharra dago: bizpahiru onak dira, baina beste gehienak... Gaur egungo gizartearen edo pentsakeraren edo heriotzaren edo harremanen halako hausnarketa bat ikusi duten bisionarioentzat, zer esan, oparitzeko mesedez euren betaurrekoak. Ados. Presupuestorik gabe egin da, mediorik gabe, ados. Badu meritua. Baina batak ez du bestea kentzen. Surrealismoan eta absurdoan, benetan diotsuet, nahiago ditut Faemino eta Cansado. Mila bider nahiago! Hala ere, mila esker Sade Cine-ri halako proposamenak (zuzendari eta guzti) ekartzeko egiten ari den ahaleginagatik! Pelikula eskasa izanda ere, beti dago ikasteko zerbait!

2014/02/07: Historia de la meva mort (A. Serra) 
 
Truebako ostegunen baitan ikusi dugu Locarnoko sari nagusia irabazi zuen film hau, SadeCines egiten ari den ahaleginari esker. Bere osoan, nire iritziz, ez du ezer asko balio pelikulak, baina baditu detaile/eszena gogoangarriak. Interesgarriena, zalantzarik gabe, pelikula amaitutakoan iritsi da: zuzendariarekin solasaldia. Espainiar estatuko zine guztia kaka zahar bat dela esanez eta berea maisulan bat, horrela hasi da bere interbentzioa, pentsa! Bilbotar itxura horren atzean, ordea, diskurtso artistiko sendoa dauka kataluniarrak (batzutan iraingarria ere badena), eta zentzuzko gauzak esaten ditu. Esaterako, inozentzia ezin dela interpretatu, kontraesan bat dela inozentzia interpretatu nahi izatea, eta inozentzia irudikatzeko askoz hobea dela inozentzia hori berezkoa daukan aktore ez-profesional batekin jardutea. Benetan gustagarria izan da berari entzutea. Hala eta guztiz ere, bere teoria artistikoa praktikan jartzerako orduan lortzen duen produktuak, nire uste apalean, ez du funtzionatzen inondik inora.

2014/01/27: El lobo de Wall Street (Scorsese)
Baditu une barregarriak Scorseseren azken pelikulak, eta aktoreen lana ere aipagarria da, baina kontatzen duena kontatzeko hiru orduko pelikula egitea gehiegizkoa da, (bi ordura ekarri izan balu, gaitzerdi) eta ez du entretenimenduaz harago gauza handirik eskaintzen.

2014/01/15: A propósito Llewyn Davis (Coen anaiak)

Ohi baino intimistago eta pausatuago Coendarrak, baina pertsonaia memorableekin (aktore bikainekin eta musika zoragarriarekin) orain ere, oso ona zorterik gabeko folk kantari bati buruzko euren azken pelikula.
Musikaren jatorrizko bertsioak erreprodukzio-zerrenda honetan entzun ditzakezu. 



2014/01/18: Antes del anochecer (Linklater) [2013koa]

Bi haurren gurasoen arteko tirabirak, artifiziorik gabe emanak. Emakumeen eta gizonen kezkak eta beldurrak, eta euren arteko desberdinatasunak, ipurdi bistan uzten dituen oso pelikula ona. Aktoreen lan bikainarekin, eszenaratze xume-xumearekin eta dialogo zorrotzekin ondutako filma. Akzio bila bazoaz, hau ez da zure pelikula, baina aitatasunaz edo amatasunaz, amodioaz, sexuaz, eta baita heriotzaz ere hausnartu nahi baduzu, ez egin kale!




2014/01/20: Nymphomaniac Vol. 1 (Lars Von Trier) 


Estetikoki aipagarria, baina kontatzen duenak ez du ekarpen interesgarririk. Gogoangarria da, hala ere, emazte mindua bere hiru seme-alabekin aita eta maitalea dauden apartamentura joaten deneko eszena bikaina.




2014/01/23: La plaga (Neus Ballús) [2013koa]

Fikzio moduan egina dagoen dokumental txukun honek ez nau asebete, ez nau konbentzitu. Bizitzaren petralkeriak harrapatuta dauzkan pertsonak, aktore lanetan jarrita, artifiziala egin zait pelikula, faltsu usaina hartu diot, eta iruditu zait ez ote zuen hobe, drama hau benetako aktoreekin errodatu balu, eta errealitate petralaren istorio sinesgarriagoa sortu horrela.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net