- Rayuela (J. Cortazar)
Rayuela argitaratu zela 50 urte bete dira aurten, eta aitzakia horrekin liburua berrirakurtzea erabaki nuen (oraingoan, ordena ez jarraituan; zenbakizko ordenan, alegia). 20 bat urterekin saiatu nintzen irakurtzen lehendabiziko aldiz, eta orduan ezin izan nuen ehungarren orrialdera iritsi. 30 bat urterekin egin nuen bigarren saiakera, eta gozatu ederra hartu nuen. Aurten, 38 urterekin, hirugarren aldiz ekin diot liburua leitzeari, eta esan beharra dago ikaragarri gustatu zaidala. Harrigarriena, hala ere, zera izan da, paregabe gisa gogoan nituen kapituluak (pianistarena, esaterako) ez zaizkidala orain hain onak iruditu, eta aitzitik beste kapitulu batzuk izugarri gustatu zaizkidala. Denborak ez baitu liburuan zirrikiturik eragin, baina bai nigan...
Liburuak duen bertuterik onena, nire ustez, pertsonaia paregabeak (mitikoak!) eraikitzeko trebetasuna da: ez bakarrik hainbestetan aipatua izan den La Maga, inoiz irakurri dudan emakumezko pertsonaiarik xarmangarriena (Capoteren Tiffanyseko Holly Golightly-rekin batera), baita antiheroi gisa aurkezten zaigun Horacio Oliveira bera ere.
Horretaz gain, Cortazarren kontatzeko modua dago. Hau baino ederragorik ez dut sekula ezagutu. Rayuelaren lehen paragrafoa, esaterako, irakurritako nobela-hasiera onenen zerrendan lehen postuan dago, zalantzarik gabe.
Hala eta guztiz ere, oraingo irakurraldian "Rayuela"ren ahulguneren bat ere ikusi dut: Argentinako zatian behera egiten du nobelak, eta bukaera gehiegizkoa iruditu zait oraingoan, nobela guztian zehar mantentzen den sotiltasunaren aurkakoa, eta hori ez zait batere gustatu. Eskerrak! Jainkotuegia baineukan Cortazar!
- Bidaia sentimental laburra (Italo Svevo)
Nobelatxoaren erditik aurrera indarra galtzearen eta aurreikusteko moduko bukaeraren poderioz, hasierako inpresio bikaina lausotu dit liburu honek. Garrantzizko ezer gutxi kontatzen duen arren, detaile txikietan nola erreparatzen duen eta hauek nola helarazten dizkigun ikusteagatik besterik ez bada, irakurtzea merezi du liburuak. Hauxe eta beste hainbat klasiko liburu elektronikoetan erraz, dohainik eta euskaraz irakurtzeko aukera eskaintzen da hemen. Ez galdu aukera! -2013/08/28-
- Demian (H. Hesse)
Pertsonaia nagusiaren bidaia iniziatikoa kontatzen du liburu honek, eta bi esaldi hauek laburbiltzen dute nobelatxoa:
"Pertsona batentzat, bere buruarengana daraman bidea hartzea baino kontu desatseginagorik ez dago" eta "Nire barnean naturaltasunez ernetzen zen hori bizitzen saiatu nahi nuen soil-soilik. Zergatik egingo zitzaidan horren zaila?"
Jainkoa eta deabrua dikotomiari buruz, debekatutakoaren nozio aldakorrari buruz, gauza guztiak zalantzan jartzeari buruz, eta norberak bere bidea egiteari buruz, norbanakoaren askatasunari buruz, besteak beste, oso hausnarketa interesgarriak dituen liburua, nobela gisa baino saiakera gisa idatzita asko irabaziko lukeena; izan ere, nobelaren "alderdi estetikoa" da liburu honen alderik ahulena. Irakurri beharrekoa. -2013/08/28-
- Kristalezko begi bat (Miren Agur Meabe)
Ona Meaberen nobela eguneroko itxurako hau. Bere kristalezko begia ardatz hartuta, eta ideia oso literario horren orbitan, bizi dituen maitasun-minak kontatzen dizkigu egileak. Begiaren inguruko gorabeherak iruditu zaizkit pasarte onenak; maitasun-minaren ingurukoek, berriz, hasieran bai baina bukaerarako ez ote duten indarra galtzen, detaile esanguratsu berririk gabe gehiegi errepikatzearen ondorioz agian. Lehen erdia pasatxo-edo bikaina du liburuak, eta guztiz gomendagarria da hortaz. -2013/08/18-
-Putas asesinas (Roberto Bolaño)
Unibertso berezi baten jabe bihurtu da Bolaño bere testuekin, errealitatearen azpiko zuloak aztarrika bilatzen dituen luma zorrotzarekin. Hainbeste aldiz entzun eta hain gutxitan aurkitzen den estilo propio hori izatea lortu zuen idazle gutxi horietako bat da "2666" nobela bikainaren egilea. Ipuin-bilduma honetan, satorrak ere nekez iristen diren bazterrik zikinenetan paratu ditu, berriz, idazleak/poetak/literatoak, eta beti zeharka (lagunaren lagunak kontatuta bezala) iristen zaizkigu borobildugabeak diruditen istorio hauek. Nabarmentzekoak dira "Prefiguración de Lalo Cura", "El retorno" eta "Buba" ipuinak, baina batez ere "Dentista" bikaina. Bolañok sortutako "Manifiesto infrarealista" hemen irakur dezakezu. -2013/08/15-
- Nora ez dakizun hori (Irati Jimenez)
Argumentuari erreparatzen badiogu besterik gabe, ahalegintzen bagara liburuaren trama bospasei lerrotan laburbiltzen, hego-amerika aldetik etortzen zaizkigun sugetzar horietako baten antza hartuko diogu ziurrenik: ez dago nondik hartzerik. Baina geure barnean daukagun haurra ateratzen badugu -eta horretan bikain laguntzen du egileak ondutako kontakerak-, kokatzen badugu geure burua amaren magalean, beste ipuin baten zain -eta beste bat, eta beste bat- egoten ginenean bezala, egilearen atzamarretan eroriko gara agudo, eta puzzle itxurako egitura bihurrian harrapatuta ikusiko dugu geure burua, ez puzzlearen osaerak gehiegi axola digulako, puzzlearen pieza bakoitza ipuin eder bat delako baizik. 146. orrian "zeu zara amnesikoa" hitzekin iradokitzen hasten den ipuin labur ahaztezin hori bezala (baina ipuin hori ondo ulertzeko, kontuz!, aurreko orri guztiak irakurri behar dira! Ez egin orri hori irakurtzeko astakeria, aurreko guztia irakurri gabe). -2013/07/21-
- Antes de conocernos (Julian Barnes)
Prosa fineko liburua, ziztuan irakurri nituen lehen hiruzpalau kapitulu bikainak. Protagonistaren jeloskortasun erregresibo obsesiboak, ordea, ez ninduen harrapatu, eta hortik aurrera indarra galtzen doala iruditzen zait. Azken kapitulu esageratuegiak ere liburuaren hasierak eragindako indarra baretu dit. Jack izeneko pertsonaia ezin zinikoagoaren nondik norakoak eta elkarrizketak irakurtzea, ordea, plazer handia izan da. -2013/06/25-
- La última noche (James Salter)
Harreman pertsonalei buruzko ipuin-liburu ona. "La última noche" izeneko ipuina famatu dute, baina "Bangkok" izenekoa are hobea da nire ustez. Ipuin ia guztiek dute erakargarritasun punturen bat. Irakurtzekoa. -2013/06/18-
- Bitan esan beharra (R Arregi Diaz De Heredia)
Baditu hiruzpalau poema zirraragarri liburuak (XXX), eta horixe da poesia-liburu bati eskatzen diodana. Gutxirekin konformatzen naizela pentsatuko du askok, baina zenbat poesia-liburu irakurri ote ditugu liluratuko gintuen poema bakar haren bila eta bila. -2013/05/08-
- El que apaga la luz (Juan Bonilla)
Ipuin-liburu irregularra iruditu zait. Hiruzpalau ipuin bikainak dira ("El terrorista pasivo", "Las musarañas", eta batez ere "La vida que no había sido escrita" eta "La nube de Oort"), beste bizpahiru, ordea, oso txarrak, ez dakit, sobera landu gabeak balira legez... Edizio berriaren ajeak? Arrakasta izan zuen liburuaren lehen edizioak eta nik esku artean izan dudan edizioan hasierakorako baztertua ere gehitu dituzte... Hor egon liteke arazoa. Dena dela, aipatutako ipuin bikain horiek irakurtzeagatik besterik ez bada ere, merezi du! -2013/04/27-
- Amor y vejez (Chateaubriand)
Maitasuna eta zahartzaroari buruzko gogoeta interesgarria, hamar orriko liburuxka txikian. Osorik irakur dezakezu hemen. Beste zenbait gauzaren artean, honakoa dio:
<<Y, sin embargo, mis días pasaban, y estaba espantado por su rapidez, y me decía: "Vamos, date prisa por ser feliz! Un día más, y ya no podrás ser amado". El espectáculo de la felicidad de las nuevas generaciones que surgían en torno a mí me inspiraba los arrebatos de la envidia más negra; si hubiese podido aniquilarlas, lo habría hecho con el placer de la venganza y de la desesperación.>> -2013/03/2-
- Eta, Karmele? (Samara Velte)
Absurdoaren teatrotik gertu, Becket handiaren "Waiting for Godot" antzezlanaren oihartzunekin eta elkarrizketa --oro har-- bikainekin ondu du bere lehen liburua zarauztar idazle gazteak. -2013/02/18-
- Artzapezpikuaren bisita (Adam Bodor)
Lehen berrogei orrietan Bodorren estiloak eta kontamoldeak liluratzen duen arren, behin horretara ohituta ez dit ezer berezirik ekarri nobelak hortik aurrera, elkarrizketa batzuen surrealismo ukitu zoragarri hori ez bada. -2013/02/09-
- La invención de Morel (Bioy Casares)
Milimetrikoki pentsatutako nobela bikaina, hitz bat soberan edota faltan ez daukana. Aho-zabalik
utziko zaitu #hilAurretikIrakurriBeharrekoa -2013/02/05-
- Los Cachorros (Vargas Llosa)
Vargas Llosari orain arte irakurritakoekin (Pantaleón y las visitadoras; La tía Julia y el escribidor) gertatutakoa pasa zait ipuin honekin ere: gustura irakurtzen da, ondo kontatua dago (daukan kontaera berezi hori da liburuaren ezaugarri esanguratsuena), baina kitto. Ez dut uste Vargas Llosari beste ezer irakurriko diodanik. -2013/01/02-
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol