2013/01/24

"Alter ero": bosgarren kritika

"Alter ero" liburuari zegozkion kritika guztiak amaitu zirelakoan nengoen, baina bosgarrena argitaratu berri da ustekabean (ezetz seigarrenik atera!). Argiaren webgunetik irakur dezakezu kritika osorik: http://www.argia.com/argia-astekaria/2354/alter-ero

Edo arazoren bat izanez gero, hemen jarraian, "segi irakurtzen" botoia sakatuta.



Liburua: Alter ero / Bertol Arrieta / Susa, 2012
Kritikaria: Saioa Ruiz Gonzalez / Argia (2354. alea) / 2013-01-27
  

Ispiluan den beste ni-a

Izugarri gustura irakurri dut Bertol Arrietaren Alter Ero narrazio
liburua. Arin irakurtzen diren zortzi ipuin laburretan pertsonaia
maskulino bana topatzen dugu betiko errealitatean txertatuta.
Hala eta guztiz ere, bada errutina horretan pertsonaiek
erakusten duten egiteko modu berezi bat, errealitate arruntenetan
aurkitzen dena baina besteengan ikusten ez dugun arte, harrapatzeko
zail xamar suerta datekeena. Ispiluaren metodoa inkontzienteaz
kontziente izateko metodo ezin hobea iruditzen zait.

Hari narratibo landugabeegiak eta idazkera sinpleegia izan
arren, ene ustez, guztiongan bizi den Alter Ero inkontziente hura
biziki ondo islatzen jakitetik abiatzen da Arrietaren gaitasuna.
Horrek pentsatzera eraman nau Arrieta bera ez ote den sekula
psikoanalisian aritu. Ez erotasunagatik, terapia psikoanalitikoaren
defendatzaile sutsua nauzue, baizik eta errealitatea perzibitzeko
modu eta perspektiba berezi batetik idazten jakin duelako.

Narrazio gehienetan ageri diren pertsonaiak neurotiko obsesibotzat
har daitezke: Ipuin perfektua idatzi nahi duen narrazio
horretako pertsonaia, Un tal Ekain izena duen ipuin bereko pertsonaia,
bere burua Cortazarren oinordekotzat daukana, edota
Laurak eta hodei ipuineko pertsonaia, erlojuetan orratz handiak
etengabe irentsi baitu txikia!

Arrietak, baina, ez ditu horrela tratatzen. Egiten dutena deskribatzera
mugatzen da, oso arruntak diren egoeratan txertatuz,
halakoxea baita egunerokotasuna, eta bizitza, azken finean. Baina
hain da arrunta, askotan begirada lanbrotu egiten zaigula, eta gure
beldurrez, obsesio eta frustrazioez ohitura egiten dugu, stand-by
egoeran (ipuin baten izenburuaren antzera) geratzeraino. Denbora
beti bera, bizitzaz aldatu nahia eta ezin (ausartu ez?), iraganeko
frustrazioen arantzak erauzi nahia (zenbat dira ikasketa unibertsitarioak,
gurasoen influentziak bultzaturik egin dituztenak?),
egonkortasunari Bye esateari panikoa, zenbait profesiotan dauden
obsesio perfekzionisten azaleratzea (idazlearen inspirazioa versus
teknika); nor ez da luzez ezerezari begira geratu, inspirazioa noiz
iritsiko den zain? Edo, idazteari ekin aurretik milaka liburu irentsi
behar dugunaren obsesioa nork ez du inoiz ukan? Ipuin perfektuko
pertsonaiak panikoa dio idazlearen profesioari.

Bertol Arrietak narrazio liburu interesagarria eskaintzen jakin
digu. Gure izakeraz (izanaz?) hausnartzeko eskuliburu gisa eta,
espresioa onartzen badidazue, etxetik ibiltzeko dosi
psikoanalitiko ttipi moduan hauteman dut nik. Guztiz
gomendagarria.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net