Aurten zinean ikusten ditudan pelikulen inbentarioa eramango dut hemen (eta zinetatik kanpo ikusitako aipagarrienak):
- 2013/12/11: La gran belleza (Sorrentino)
Nostalgiari buruzko pelikula ederra da "La gran belleza", edertasunari buruzkoa, baina batez ere edertasunaren galerari buruzkoa, bizitzari buruzkoa baina bizitzaren gainbeherari buruzkoa. Eta bikain egina dago filma, estetikoki dotorea, eta Fellini gogora ekartzen duten xehetasunekin borobildua, batez ere absurdoaren eta surrealismoaren erabileragatik, Jarmuschen eran sortzen dituen pertsonaia harrigarri horiengatik, eta atzeko teloi handi eta metafora gisa Erroma erabiltzen duen moduagatik.
Protagonistak 65 urte betetzen dituen egunean hasten da pelikula, neurri gabeko festa baten ondoren, bat-batean bere bizitzaren gainbehera datorkiola ohartzen denean. Nostalgiaz betetako bidaia bat egiten du filmak, eta pertsonaia nagusiaren atzetik istorio txikiz osatutako collage indartsua osatzen du Sorrentinok. Komikotik badu, elkarrizketa dizdiratsuekin; aktoreen lana bikaina da, argazki-lana eta musika dotoreak; baditu une hunkigarriak, eta baita mistizismorako tartea ere (agian, azken horretantxe dauka nire ustez ahulguneren bat, izatekotan).
Pelikula borobila ondu du, dena dela, Sorrentinok, eta aurtengoa izanagatik, klasiko kutsua hartzen diozu zinematik ateratakoan. Izateko bidean da.
- 2013/12/22: De tal padre, tal hijo (H. Kore-Eda)
Sei urte eta gero, eurekin hazi duten umea eurena ez dela jakingo du aita zorrotzeko bikote japoniar gazte batek, semea beste familia batekoarenarekin trukatu zietela jaiotzean. Antena 3 kateko igande arratsaldetako pelikula siesta arazleen gidoia dauka, beraz, Kore-Edaren honek, baina alde ederreko finezia eta dotoreziarekin egina dago. Japoniar gizartean hain errotuta dagoen lanarekiko atxikimendua eta aitatasun afektibo baten hutsunea leuntasun handiarekin eszenaratzen ditu Kore-Edak, Bach-en piano doinu sotilak tarteko, eta Canneseko sari berezia eta Donostiako publikoaren saria eramateko balio izan diote merituok. Kritikaren eta publikoaren arrakastak hauspotuta joan nintzen zinemara, baina gidoi negar arazleak, pertsonaien jokaera askotan ulertezinak (nahiz eta gehienetan sinesgarriak izan) eta kameraren mugimendu leun baina etengabeak aztoratuta eta apur bat mariatuta atera nintzen. Aitatasunaren balioei buruz gogoeta egin nahi duenarentzat egokia izan liteke pelikula (eta ni neu naiz horietako bat), baina zer nahi duzue esatea, hala eta guztiz ere, ez nau konbentzitu.
- 2013/12/18: La vida de Adele (A. Kechiche)
Adele izeneko nerabe baten begietatik kontatutako pelikula honek, ezin gertuagoko lehendabiziko pertsonan kontatzen dizkigu protagonistaren ibilerak, bere sexualitatearekiko zalantzetatik abiatu eta desioaren eta maitasunaren zirrikituak ondo arakatzeraino. Bikain kontatutako pelikula da lehen planoaren erabilera ia obsesiboak apur bat aztoratzen bazaitu ere, baina hori da segur aski zuzendariaren asmoa, eta ondo lortzen du horrela protagonistaren larruan sentiaraztea, zeure
egiteraino bere desioak, beldurrak eta minak. Horretarako, bikote protagonistaren lan ezinhobea goraipatu beharra dago, hain gutxirekin hainbeste esateko duten gaitasuna: parkean lehen aldiz elkartzen direnekoa da ziurrenik pelikulak duen unerik gogoangarriena, hunkigarriena, daukan sentiberatasunarengatik eta desioaren adierazpen sotilarengatik (sexu eszena esplizitu gehienak baino askoz ederragoa dena bidenabar esanda, nahiz eta sexu-eszenak ere ederrak diren bere gordintasunean). Justu kontrakoa gertatu zait, ordea, bukaera aldeko tabernako eszenan, non sinesgarritasuna kinka larrian jartzen baita Adeleren erreakzio, nire ustez, gehiegizkoan.
Pelikula ona Kechicherena, Cannesko zinemaldiaren Urrezko Palmorria eta Fipresci sariarekin besapean etortzeagatik, espektatiben azpitik geratu bazait ere. Nabarmendu beharrekoa da nobela luzeen gisan, nola xehetzen dituen Adeleren ibilerak errealismo ikaragarriarekin, eta nola lortzen duen ikusleak protagonistarekiko, eta bereziki bere minarekiko, erabat enpatiko bihurtzea ere.
Kritika gehiago hemen...
- 2013/12/30: Mud
Urteko onenen zerrendan agertu ondoren ikusi dut pelikula eta, esan beharra dago, harritu egin nauela, ez pelikulak ordea!, kritikari hain izen handikoen irizpide aldrebesak! Urdaiazpikoak emango al zizkieten edo?!
Pelikula ez dago gaizki, gustura ikusten da, eta baditu gauza onak: hala nola, nerabe baten lehen maitemintzeari buruzkoak, eta nerabeen mundu idealizatuaren eta errealitatearen arteko aurrez aurrekoa. Bigarren mailako aktoreek ere bikain dihardute. Baina...
Baina gidoia ez da sinesgarria bizpahiru alditan, eta pelikula estatu batuarrek saldu izan dizkiguten topikoak saltzen dizkigu honek ere (modu sotilxeagoan bada ere). Azkenean heroiak dira marineak eta ohoreagatik hiltzea ondo dago eta edertasuna da balio duena eta maitasuna platonikoa da eta abar eta abar...
Pelikularen bukaera... Ez aipatzea hobe izango da igoal. No comment, eurek esaten duten moduan.
- 2013/11/20: Blue Jasmine (W. Allen)
Ondo dago Allenen pelikula, baina ez da bere film onenen mailara iristen, ezta hurrik eman ere. Bere pelikula gehienek dituzten ezaugarriak ditu: oso musika ona eta naturaltasun handiz jokatzen duten aktore bikainak. Baina onenek duten gidoi magistral horietako bat falta zaio, zuribeltzari atera izan ohi dion zukua, elkarrizketa jenialak... Gustura ikusten da, hala ere.
- 2013/11/15: Días de pesca en la Patagonia (Sorín).
Sorínek erabili ohi dituen baliabideekin egindako oso pelikula ona: elkarrizketa xume, aktore bikain eta sinesgarriak, eta istorio minimoei zuku guztia ateratzeko abilezia. "Historias mínimas" bikainaren mailara ez da iristen, baina gertu geratzea lortzen du filosofia berarekin.
- 2013/10/03: The act of killing; J. Oppenheimer
Loa galaraziko dizun dokumentala. Ikaragarria. Zalantzarik gabe, urteko pelikuletako bat.
-2013/09/22: Le week-end; Roger Michell
Hanif Kureishi idazlearen gidoi bikainarekin, eta aktoreen lan paregabearekin, aurtengo Donostiako Zinemaldiko kritikarien txaloak jaso zituen pelikula honek, nahiz eta gero gizonezko protagonistak soilik lortu saria (Jim Broadbent-entzat aktore onenaren zilarrezko maskorra). Elkarrizketa finekin, aldapan gora eta behera zaramatza zuzendariak, bikote protagonistaren amodio-gorroto harremanaren erritmora. Amodioaren eta gorrotoaren arteko marra zein fina den trebezia handiz erakusten digu pelikulak, behinola maiteminduta zeudela Paris ezagutu eta sentipen haien bila leku berera bueltan doan ingeles bikote zahartu eta lehortuaren ikuspegitik. Jeff Goldblum ere bikain, bere bigarren mailako rolean. Guztiz gomendagarria.
-2013/07/07: Stories we tell; S. Polley
Bizitzari, maitasunari buruzko dokumental hunkigarria eta hori baino askoz gehiago. Ez galtzekoa!
- 2013/04/26: La caza (The hunt); T. Vinterberg.
Festen (Celebration) paregabearekin liluratu gintuen zuzendariaren beste pelikula bikain bat da egunotan zinematan ikus daitekeen "The hunt". Umeei eginiko sexu gehiegikerien gaia beste behin abiapuntutzat hartuta, batere merezi gabe larrutik ordainarazten dioten protagonistaren azalean jartzen gaitu Vinterbergek, gure gaur egungo gizartean oso larritzat jotako bekatuari buruz eta bekatu honen tratamendu zentzugabeez eta arriskutsuez gordin jarduteko. Ia musikarik gabe eta aktoreen lan bikainarekin, eta azken sekuentzia gogoangarri batekin, pelikula borobila ondu du daniarrak.
Ezinbestekoa.
- 2013/04/12: Efectos secundarios (Side effects), Steven Soderbergh-ena
Depresioa gainditzen laguntzeko pilulen negozioaren atzean ezkutatzen dena da pelikula honen abiapuntu interesgarria, harik eta ezusteko jauzi (ez oso sinesgarri) bat ematen duen arte. Jauzi horretara arte bikain zihoan pelikula, thriller arrunt bihurtzen da orduz geroztik nire ustez. Entretenigarria.
- 2013/03/03: Searching for sugar man (Malik Bendjelloul)
Arrakasta izaten ari da Rodriguez izeneko musikariari buruzko dokumental hau. Indartsu hasten da filma, kontzertu baten ondoren eta eszenategian bertan bere buruaz beste egin zuen musikagileari buruzko istorioa aurkezten baitzaigu, baina indarra galtzen doa apurka-apurka, abiapuntu horri segidarik eman ezinik, harik eta... berriz indarra hartzen duen arte. Ez da film bikaina, baina baditu une hunkigarri askoak, eta baita musika zoragarria ere! Ikustekoa!
- 2013/02/27: Hitchcock (S. Gervasi)
Eskasa da pelikula, oro har. Anthony Hopkins handiak ez du asmatu nire ustez Hitchcock-en rola jokatzen (edo oso txarra da bikoizketa), eta misteriozko pelikulei dagokien musika ez doakio ondo istorio batere misteriorik gabekoari. Hellen Mirrenek antzezten duen pertsonaia da film honetan salbatzen den gauza bakanetarikoa: bikain ari da Hitchcock-en emaztearen rolean eta gainera bere pertsonaiarena da pelikula honetako kontu interesgarri bakarra, hainbesteraino ezen Mrs Hitchcock beharko lukeen izenburutzat. Gervasi-k hobe zukeen emaztearen ikuspuntua hartzea, sortzaile handi eta berezi baten itzalean dagoen emakumearena baita pelikula honek kontatzen duen istoriorik interesgarriena. Bestalde, Psycho filmeko dutxaren eszena grabatzeko gorabeherei buruzkoa da pelikulak daukan eszenarik onena.
- 2013/02/05: Amour (Michael Haneke)
Hainbat sarik loriatua, tartean Cannes-eko nagusia, ezin ikusi gabe utzi
Amour, jakinik gainera azken urteotako zuzendari interesgarrienetako
bat dagoela atzean: Michael Haneke.
Beldurtu gintuen "Funny Games"-ekin, harritu "Cache" bikainarekin eta lor
daitezkeen sari guztiak erdietsi zituen "Das wiese band" ("La cinta
blanca" gaztelaniaz) filmarekin. Amour gordinak ere ez zaitu epel
utziko, eta maisu baten eskua sumatuko duzu kameraren atzean.
Pelikulak badu bere ahulunea, nire ustez, hilzorian dagoen emakumearen
gaixotasunak aurrera egin ahala bere gainbehera gehitxo nabarmentzen denean, ez baita hori filmaren gairik interesgarriena, nahiz eta beharrezkoa den progresio hori erakustea gainontzeko kontuez aritzeko. Harremanez, heriotzaz edota maitasunaz aritzen denean irabazten baititu kiloak pelikulak.
Bestalde, lauzpabost une gogoangarri uzten dizkigu filmak, erraz ez
ahazteko moduko horietakoak, norberaren imajinarioan betirako txertatuta
geratzen direnak (hala nola pianoarena, usoarena,
burukoarena...), eta Hanekek ohi duen ukitu enigmatikoa ere badauka. Gainera, Ramon Agirre donostiarra ageri da rol txiki bat jokatzen.
Ezin askoz gehiago eskatu: ez galtzekoa da Hanekeren Amour.
- 2013/01/16: Las sesiones (Ben Lewin)
Ona. Ondo egina dago “Nacional 7” eta “Intocable” filmak gogora ekartzen dituen “Las sesiones” pelikula. Abiapuntua ikusita melodramatismora jotzeko aukera handiak zituena, artez aldendu du zuzendariak bide horietatik.
Aktoreen lan paregabearengatik eta ispiluaren eszena bikainarengatik soilik merezi du pelikulak, baina askoz gehiago da, galdera interesgarriak planteatzen baititu filmak elbarri baten sexu eta maitasun egarriak aitzakia hartuta: nork ez du behar sexua? Bizi al liteke bat sexu-harremanik gabe? Eta maitasunik gabe? Zein da gizakiaren behar handiena? Prostituzioa zilegi al da etikoki? Batzuetan bakarrik? Bi pertsonarekin edo gehiagorekin izan ditzakegu sexu-harremanak aldi berean, baina maitasun afektiboa ez?
Pertsonaien artean gatazkarik apenas dagoen arren, pertsonaia bakoitzak bere barne-gatazka bizi du, eta horrek darama aurrera pelikula. Hala eta guztiz, iruditzen zait Helen Hunt-ek bikainki antzezten duenari protagonismo gehiago emanda, dezente irabaziko lukeela: gizonezko protagonistaren eta apaizaren erlijio kutsuko gatazka moral txepelaren gainetik, berea baita, zalantzarik gabe, interesgarriena. Gainera, bere sentimenduen progresioa azkarregia da, guztiz sinesgarria izateko.
Bestalde, pertsonaia ia denak eredugarriak dira (baita apaiza ere!); ez dago ia jende gaiztorik pelikulan, eta elkarrizketak ez dira distiratsuegiak.
Ikustekoa, hala ere.
- 2013/01/09: Una pistola en cada mano (Cesc Gay): bikaina! Woody Allen kataluniarrak pelikula bikaina ondu du, bere "En la ciudad" onaren gai beretsuekin (bikote-harremanak), baina hura gaindituz. Gizonak zenbaterainoko zokormazoak garen erakusten du, tarteka algara handiak eragin eta ia beti irribarre (batzuetan triste) batekin ikusten den komedia gazi honetan. Elkarrizketa eta aktore ezinhobeekin zein pelikula onak egin daitezkeen ikasteko lezioa.
- 2013/01/02: Más allas de las colinas (Cristian Mungiu): oso ona. Bat nator Javier Ocaña kritikariak dioenarekin (El País):
"dominan los planos fijos, cuadros de histrionismo en plena congregación
de voluntades dementes que pueden durar varios minutos, haciendo
extensible el concepto tiempo real hasta rozar, pero no superar, el
límite de lo soportable. Desde luego, no estamos ante una película apta
para todos los paladares, pero su metodología alcanza la precisión
absoluta en su último tercio, cuando también somos nosotros los que
habitamos ya ese recóndito lugar de la contemporaneidad que,
paradójicamente, parece alejado de la mano de Dios cuando sus habitantes
buscan justo lo contrario."
Azken plano aipagarria dauka, gainera.
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
-
Behin irakurri nion Jim Jarmusch-i elkarrizketa batean garai batean 500 pelikula ikusten zituela urteko. 500 pelikula! Jota geratu nintzen, ...
-
(Ordena zehatzik gabe) In the mood for love (Wong Kar-wai) la ciénaga (L. Martel) Historias mínimas (J.C. Sorín) Lost in translation (...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol