Ez da posible izan. Ezin izan diogu gehiago eutsi:
pasa den larunbatean zentro komertzial batera joan ginen, zentro komertzial
gorrotagarrienean hartu genuen aterpe. Aitortzen dugu. Ia hiru urte eutsi
diogu, elurrak, txingorrak eta euri amaiezinak jasan ditugu ahal izan dugun
moduan, inguruko liburutegi guztiak eta bertako haur txokoak, frontoi estaliak,
tabernak eta kafetegiak, akuariumak, museoak, elizak, antzokiak ezagutu ditugu,
baina agortu zaizkigu ideiak, agortu ipuinak, mozorroak, marrazkiak, eskulanak,
puzzleak, baloiak, pilotak, panpinak, kamioiak, hondeamakinak, trenak,
hegazkinak –are, baita telebistak eta ordenagailuak eskaintzen dizkigun
leihoak ere–, bukatu zaigu imajinazioa, azken euri-izurrite eternalak hutsik
utzi gaitu, ez dakigu nora joan, ez dakigu zer egin, alderrai gabiltza etxeko
zoko ezkutuenetatik, jostailu berriren bat izan daiteken ezer non topatuko,
1002. ipuina nola asmatuko, nola aterako probetxua apal hautseztatuetan
pilatutako erlikia merkeei, eta ez dugu erdiesten, ez zaigu ezer bururatzen, eta
okerrena dena, ezin diogu buelta eman kontuari.
Horregatik, mesedez eskatzen diogu Eusko
Jaurlaritzari edo Europar Batasunari edo jakintsuen komiteari edo Francoren
itzalaren biboteari, arren, ordain dezatela Lorenzo askatzeko eskatzen dutena,
otoi, eman diezaietela haiei eskatzen
duten guztia, helikoptero bat Kaiman Irletara joateko, dolarrak, euroak eta
yenak, eman diezaietela dena.
Edo, bestela, egin ditzatela parke estaliak
behingoz, egin dezatela zerbait –eta azkar!–, umeak ditugun gurasoen
suizidio-tasak gehiago gorantz egin ez dezan bederen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol