El Correo / Diario Vasco egunkarietan "Alter ero" liburuari dagokion kritika atera da, Javier Rojok idatzia. Aurreko kritikak legez, aho-zapore gazi samarra utzi dit, gozoa baino gehiago. Egaña eta Rojo bat datoz zenbait gauzatan: "By-pass" ipuina da gehien gustatu zaiena; eta badirudi "Ez da zinemazaleentzako herrialdea" dela gutxien gustatutakoa, edo gustatu ez zaiena (Rojok esplizituki aipatzen ez badu ere). Kritikaren justifikazioak, ordea, desberdinak dira bietan: Egañak tentsioari eusteko arazoak eta ipuinen bide lauegiak (bihurgunerik gabeak) aipatzen ditu; Rojok, berriz, idazlearen dudak igartzearen kalteak aipatzen ditu. Hemen jarri genuen Egañaren kritika; jarraian irakur dezakezu Rojorena ("segi irakurtzen" klikatuta). Zuk ere liburua irakurri duzu? Eman iritzia hemen klik eginez.
Liburua: Alter ero / Bertol Arrieta / Susa, 2012
Kritikaria: Javier Rojo / El Correo - Diario Vasco / 2012-10-20
Errealitate malgua
Bertol Arrietaren bigarren liburua da Alter ero izenburuarekin agertu den narrazio liburu hau. Zortzi narrazio biltzen dira liburu horretan eta guztiek, aldez edo moldez, errealitatearen ifrentzuan dagoen beste errealitate baten berri ematen dute. Izan ere, narrazio gehienetan honelako planteamendua ikus dezakegu: errealitatean arrazoiren batengatik errealitatea bera kolokan jartzen duen osagai bat aurki daiteke, misterioaren hazia izan daitekeen osagaia baina fantastikoa izan gabe. Osagai misteriotsu hori definitzen oso zaila da, ohiko presentzia bat balitz bezala agertzen baitzaigu, itxuraz inolako misteriorik gabea. Bada, hala ere, sendoa dirudien errealitatea ez dela hain sendoa erakusten du osagai horrek, azaleko normaltasunaren atzean ezohiko zerbait gordetzen da-eta. Liburuari batasuna bilatu nahian aurki litekeen planteamendu orokorra hori izanik, ipuinetan horrek erakusten dituen formak oso desberdinak dira, eta hori dela-eta ematen du liburua pixka bat desorekatua dela. Ipuin batzuk interesgarriak iruditu zaizkit, hala nola lehenengoa, non egoera guztiz errealista batean ezinegona sortzen duen honako osagai hau agertzen zaigun: Gizon bat ispilura hurbiltzen da noren aurpegia aurkituko duen zalantzan, ia-ia iradoki ere ez den siniestrotasuna tartean sartuz istorioan. Besteetan, ipuina estilo lanketa ironikoa da, Cortázar-en oinordekoaren istorioarekin gertatzen den bezala, non seriotasun osoz emandako argudioen atzean absurdua baino ez baitago. Baina honelako istorio interesgarrien ondoan hain interesgarriak ez diren beste batzuk aurki ditzakegu, ezer berezirik eskaintzen ez dutenak (ez konta moldearen aldetik ez gaiaren aldetik).
Bestalde, iruditu zait idazlea dudatan bezala mugitzen dela ipuin batzuetan, teknika desberdinak probatzen arituko balitz bezala, zeren arrazoi argirik gabe pasatzen baita lehenengo pertsonatik hirugarrenera narrazio berberaren barruan. Edonola ere, desorekak eta dudak badaude ere, interesgarria iruditu zait liburua, batez ere lehenengo narrazioetan. Istorio horiek errealitatean osagai siniestroren bat ere egon daitekeela erakusten dute, errealitateak alderdi desberdinak dituela, ez dela dirudien bezain finkoa.
Hori gertatzen denean, gizakia umezurtz bezala geratuko da, kontrolatzerik ez duen errealitate malgu eta ezegonkor baten erdian galduta, bere munduari eusten dioten oinarriak galduta.
Irakurri det liburua eta asko gustatu zait. Segi idazten!
ErantzunEzabatuEskerrik asko!
EzabatuBertol