RUTA BOLAÑO
"Ruta Bolaño"
delakoari segika topatu nuen hain ezkutuan zegoen jatetxe txiki eta
apaina, kale ziztrin eta estu hartan, hain estua, non mahaien lerro
bakar bat soilik kabitzen baitzen, pasatzeko lekua ere justua utzita.
Baina itzala kategorikoa zuen, etxeek egindakoa, lodi-lodia, ez toldo
edo sonbrillek sortutako artifizial eta mehar hori (eskertzekoa
izaten da halako babesa, batez ere abuztuan, eta batez ere Blanesen
gisako herri mediterranear batean bazaude), eta hara eraman nituen
bikotea eta semea, goiz osoa idazle txiletarraren peskizan jardun
ondoren.
- Probetxuzko zerbait egin
duzu, behintzat -esan zidan emazteak, leku hartan planto egin
genuenean. Gustatu zitzaion, antza, eta eskerrak, zeren, lau ordu
luze semea berarekin hondartzan utzi ondoren, nola edo hala ordaindu
beharko nuen nire bohemiotasun gutxi-asko antzeztu haren prezioa.