2014an irakurritako liburuen inbentarioa eramango dut hemen:
- Bihotz sinplea (Flaubert). Pasarteren bat dezente gustatu zaidan arren, ez zait nobela ona iruditu, egilea Flaubert bera izanagatik. Zer egingo zaio, ba. Ez du nire klasiko gogokoen artean tokia egitea lortu.
- Muskuiluak afaltzeko (Virgit Vanderbeke). Oso ona!
- Lolita (Nabokov). Liburuaren lehen herena bikaina iruditu zait, baina hortik aurrera luzeegia egin zait eta bukatu ezin ibili naiz. Gustura irakurriko nuke gai berarekin hasiera batean Nabokovek egin zuen ipuin luzea (berak propio suntsitua).
- La leyenda del santo bebedor (J. Roth). Ona.
- Degenerado (Chloe Cruchaudet). Gerra handitik desertatu ostean, zigor ez zezaten emakumez jantzita hamar urte egin zituen Paul Grapperen benetako istorioan oinarritutako nobela grafiko benetan bikaina.
- Contra el tiempo (A. M. Shua). Mikroipuinetan aparta omen den idazle argentinarraren ipuin luzeen antologia hau gustura irakurri dut, baina ipuin-liburuetan usu gertatzen den moduan, zapore gazi-gozoa utzi dit. Ederki hasten da liburua, hiru ipuin bikainekin: "Como una buena madre", "La revancha" eta "La sala del piano", baina ondorengo ipuinek ez dute mailari eustea lortzen, "La señora Luisa contra el tiempo" apartarekin ez bada.
- El cuaderno dorado (D. Lessing). Zapore gazi-gozoa utzi dit D. Lessing nobel saridunaren nobela mardul honek. Zati batzuk benetan bikainak iruditu zaizkit, beste batzuk, ordea, eskas samarrak, eta orri dezente sobran dituelakoan nago. Gizonei buruzko emakumeen ikuspuntua eta aske izan nahi duten (60. hamarkada aldean izan nahi zuten) emakumeen zailtasunen kontakizuna da, zalantzarik gabe, liburu honetako indargune handiena, eta pertsonaia nagusiak bere buruari egiten dion gehiegizko psikoanalisia ahulena.
- Samina (M. Duras). Oso ona.
- Bartleby y compañía (Vila-Matas). Oso ona ezaren literaturari buruzko liburu hau, bukaeran indarra galtzen duen arren.
- Marinela (Pessoa). Ona! "Oraina arretaz begiratuz gero, iadanik iragana iruditzen zait."
- El amante (M. Duras). Oso ona.
- Sueños de Bunker Hill (Fante). Ona. Erditik aurrera metxa galtzen du bikain hasten den liburu honek. Nahiko barre, Bandini antiheroi gizajoaren abenturekin.
- Años Luz (J. Salter). Oso ona. Zahartzeaz eta zatartzeaz. Bikote-harremanei buruz. Elkarrizketa bikainak, baina pertsonaia gehitxo denak ondo definitzeko.
- El fútbol, a sol y sombra (E. Galeano). Ona.
- Brasil, país de futuro (Zweig). Interesgarria.
- Baita hondakinak ere (I. Astiz). Ez naiz poesia-liburu gehiegi irakurri zalea, baina honako hau benetan ona iruditu zait (pena daukan azal irentsezina; ikus aldameneko argazkia). Kritika bikainak zituela entzuna nuen, eta oraingoan ados egon behar kritikariekin. Aipagarriak dira, besteak beste, "Audiogida", "Maitasun sorpresa demografikoa", "Garaipenna", "Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua" (hau apur bat esplizituegia iruditu zaidan arren), "Esperimentu metafisikoa logelan", "Objektuak" eta "Euskal Herria (Ginsberg erara)". Eta bikainak "Esperimentu presentziala eskaileretan", "Denbora neurtzeko", "Oroitzapena (zuzendua)" eta "Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko" hunkigarria. Ezin gehiago eskatu.
- Euli giro (U. Alberdi). Gorabeheratsua iruditu zait Uxue Alberdiren azken ipuin-liburua. Nago, zenbait ipuinetan, bukaerari halako indarra eman nahian edo, ez ote diren neurriz kanpoko gertaerak kontatzen ipuinaren hondar hitzetan. Uxue bertsolariaren ajeak, akaso. Baina baditu ipuin onak, eta baita kontatzeko trebetasuna ere. Aipamen berezia merezi du "Opariak" ipuin bikainak; liburuko onena, nire uste apalean.
- 14 (J. Echenoz). Ona Echenozen azkenengoa. Gerra handia eta orduko ikaragarrikeriei buruz dihardu ehun orri eskasetan, bidaia turistiko bat egiten dabilenaren kontaera neutroarekin. Desertzioaren kontakizuna ez zait berehalakoan ahaztuko.
-Wilson (D. Clowes). Komiki ona. Wilsonen bizitza orri bateko istorio
motzen bidez josia. Alde handia dago batetik bestera, baina batzuk oso
onak dira.
-Zebra efektua (H. Cano & I. G. Holgado). Komiki ona. Canoren gidoi ona, eta marrazki dotoreak.
-Bonsái (A. Zambra). Nobela motza. Gustura irakurri dut, baina ez nau asebete.
-Intemperies. Babes bila (L. Oñederra). Nire uste apalean, ez du larregi asmatu Oñederrak nobela honekin. Pertsonaiak ez daude nahikoa karakterizatuta, neutroegiak dira; elkarrizketak oro har ez dira zorrotzegiak (batuaren ordez gipuzkera erabiltzea, batzuetan bai, besteetan ez, koherentzia handirik gabe, oso arraroa egin zait); eta Eva haurraren atzean dagoen istorioa melodramatikoegia da, nire gusturako. Sinesgarritasunean irabaziko luke nobelak gehiegi iradokitzen ez duen umearen istorio horren ordez, sinpleago bat, normalago bat izango balu, bikote protagonista elkar ezagutzeko aitzakia gisa. Hala ere, badaude eta gustura irakurri ditut emakumeen eta gizonen izaerari eta jokaerari buruzko gogoeta
interesgarriak.
-El metro revisitado (M. Augé): saiakera honek baditu kontu interesgarri zenbait, baina kitto.