Bat-batean barneratzen duzun gaitasun bat da. Ahalegin
berezirik egin gabe. Atzo ez zeneukan, eta gaur bai. Egun batetik bestera
gertatzen da, harrigarria badirudi ere. Eta abilidade berri hori eskuratzeko, ez
duzu ikasten jardun behar, ezta praktikatzen edo entrenatzen ere. Berez
datorren zerbait da, nahi gabe zugan sortzen dena, ezerezetik etorria,
betidanik zure baitan egon balitz bezala.
Baina ez da horrela. Ez da betidanik izan
duzun gaitasun bat. Eta ez zeneukanean, harritu egiten zintuen besteengan erraztasun
hori ikusteak, trebetasun hori normala balitz bezala nola erabiltzen zuten egiaztatzeak,
eta zuk, inozo horrek, zertan ari ziren ulertu gabe, behatzen laguntza behar
zenuen euren parean jartzeko…
Igaro dira egun ilun horiek, ordea. Orain, zu
ere euretako bat zara. Eta okerrena da ez dakizula nola gertatu den, ezta
zehazki noiz gertatu den ere. Atzo izan ote zen, herenegun, edo duela bi aste,
auskalo!, baina bat-batean norbaitek zure semeak zenbat denbora duen galdetu
dizunean, bai, zuk ere halaxe erantzun duzu: hamabost hilabete. Eta harrituta
begiratu diozu zeure buruari, euroak pezetatara bihurtu behar ez bazenitu
bezala sentitu zara, semearen adina hilabeteetan emateko eta hilabete horiek
zenbat denbora diren ulertzeko gai zarela ikusi duzunean.
Eta pentsatzea, lehen, duela ez horrenbeste,
gorrotatu egiten zenituela urte eta erdi
esan ordez hemezortzi hilabete zioten
odolgabe haiek…