2015/05/18

¡Pasa algo!

1988. urtean, Alvaro Bermejok euskarazko Donostia Hiria saria irabazi zuen gaztelaniaz idatzitako eta a posteriori beste norbaitek euskarara (berak ez baitaki) itzulitako ipuin batekin. Gutun-azalak ireki eta ipuinaren egilea nor zen ikusi zutenean, antolakuntzako kideek ezin izan zioten saria kendu —edo ez zuten horretarako ausardiarik bildu—, oinarrietan ez zetorrelako propio adierazia lanek jatorriz euskaraz idatzitakoak izan behar zutela. Gaztelaniazko ipuin onenaren saria jatorriz ingelesez idatzi ondoren espainierara itzulitako lan batek irabazi izan balu, ez litzateke zailegia baldintzazko esaldi honek izango lukeen amaiera asmatzea. Kontua da oinarrietako hutsune huraxe ondo baino hobeto baliatu zuela Alvaro azeri zaharrak batere mesprezagarria ez zen saria eskuratzeko, ez ordea bere patrika zulatuak —gizajoa!— betetzeko arrazoi sinple eta etikoki zalantzagarriarengatik, bai zera!, baizik eta salatzeko gaztelaniazkoaren gisako literatura oparo eta mundutarra eta euskaldunen mundu txiki eta itxiko literatura ez zirela parekagarriak, ezin direla inolaz ere diru-sari berdinarekin aitortu. Ba omen zen garaia gaztelaniazko jarduna zuten idazle txit azpiratuak lohiaren barrenetik kanpora zeruratzeko. Irabazi ondoren, salaketa argi eta ozen hel zedin heldu beharreko leku guztietara, pentsatuko duzue, fededun zintzook, uko egin ziola sariari, baina, alafede, kontrakoa egin zuen.

Sumindu egin nintzen zinez, urte batzuk geroago, istorio honen berri izan nuenean, hizkuntza bakoitzaren hiztun —eta idazle— kopuru konparaezina aintzat hartu gabe eta bisionarioek duten ziurtasunarekin, euskara eta bere literatura gutxiestea baino ez baitzuen helburu Vermejorrek nire ustez (eta bide batez sos batzuk poltsikoratzea, dena esan behar bada). Nire minaren altzoan lo-zomorro geratu beharrean, ¡ACCIÓN MUTANTE!, ekintzetara pasatzea deliberatu nuen behingoz.

Ipuin bat idatzi, euskara hutsean, eta gero, nik neuk itzuli nuen gaztelaniara, eta Donostia Hiria sariketara aurkeztu, zeinaren epaimahaian, ez duzue sinistuko!, Alvaro bera baitzegoen. Mendeku perfekturik bada, ur izoztuan egosten ari nintzen huraxe zen perfektuetan perfektuena. Beste zenbaitek sobran ez daukan dotoreziarekin, sariari uko eginez irudikatu nuen nire burua, irribarretsu, bizkarrez soilik sartzen diren labanen tankerako hortz zorrotzak erakusten nizkien bitartean prentsako argazkilariei, nire begiradak helburu bakar —harrapazak!—, adiskide on Alvaro.

Ez nuen irabazi urte batzuk lehenago nork eta Roberto Bolaño orduan ezezagunak eraman zuen 500.000 pezeta inguruko sari miserable hura; ezin izan nion ipuin bikain bateko argumentua zeukakeen benetako istorio hari, tamalez, eskatzen zidan bukaera borobila —agian, borobilegia— eman.

Baina gauza bat esango diat, Alvaro, hagoen lekuan hagoela: nahiago nikek hire ipuin saritu hura itzuli zuen euskaldun haretxek berak artikulu zirtzil hau irakurri, itzuli eta hiri bidaltzeko lana hartuko balu... Eta ez iezadak horrela begiratu, gero, e! Ez begiratzeko horrela esan diat!!! Zer! Zer nahi duk, e! ¡Pasa algo!

 Urola Kostako Hitzan argitaratua (2015/05/14)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net