Beste askoren moduan, oporretarako
zenbat egun geratzen ziren kontatzen zuen horietakoa nintzen ni ere
13-14 urteren bueltan. Beste askok ez bezala, ordea, sufrikario hura
esplizituago bihurtzen nuen, mahai gainean arkatzez idazten
nituelarik aste santua igaro ondorenetik udako opor desiratu haietara
arte falta ziren egunak (1, 2, 3, 4, 5, 6, 7 .......133, 134, 135),
eta banan-banan ezabatzen, goizero-goizero, zenbaki bat (egunero
bakar bat), udarako falta zirenen ilara luzea apur bat murriztuz,
hareazko erloju krudel bihurturik nire mahaiko txoko hura. Denboraren
iragaitearen eszenaratze hark, zenbakien ilara luze hark, astunago
bihurtzen zuen itxaronaldia, zalantzarik gabe, baina baita ederrago
bilakatu ere oporrak hartzen genitueneko une majiko hura. Azken
astean, bost zenbakiz soilik betea nire mahaiaren goiko txokoa,
ilargira doan kohetearen atzerako kontaketa nola, hala egiten nuen
nik ere egunen ezabaketa, eta ezin duzue irudikatu 5 zenbakia, 4a,
3a, 2a, eta azkenik 1a ezabatzean hartzen nuen plazer ikaragarria.
Ben Johnsonek, aitzitik, 100 metroak inork baino azkarrago egin
zituen urteak ziren, dopina nabarmen azaleratu zen lehen aldia, Carl
Lewisen mesedetan. Sergei Bubka 6 metroko jauzia egitera iritsi zen
eta Reala berriz ere klub aberatsenen pare jarduten. Sabrinarekin
amesten genuen orduko gau lizunetan.
Fluorraren garaiak ziren. Igerilekutik
ekarria zirudien likido hark gure ahoko labadoran jiraka zirauen
bitartean, Koldo etortzen zitzaigun ipuin bat kontatzera. Ipuin
txikiak ziren, inprobisatuak akaso, baina gozatu egiten genuen
irakasle bat pailazoarena egiten ikusten. Kutxa handi baten barruan,
beste kutxa bat, eta barruan beste bat, eta barruan beste bat, eta
barruan beste bat eta azkenengoan galtzontziloak topatu zituen
harena, bere tontoan, ez zait sekula ahaztu. Erlijiora joan ordez,
etikara joaten ziren lau-bost umeak, artean arraroak ziren garai
haietan. “Aviso de bomba” zela eta, haur guztiak ikastolatik
ateratzen gintuzten batzuetan. Ikaratuta, etxeraino joan nintzen
behin, gelara bueltatzeari uko eginda (ikastola osoa ondo arakatzeko
denbora nahikoa izan ez zutelakoan). Hamarkada hasierako beldurrak,
ezer ez gertatzearen ondorioz, errutina dibertigarri bihurtu ziren
hamarkada bukaerarako (edo gu gixondu ginen), horrenbeste ezen
klase-orduren bat galtzeko egiten ziren bromazko deiak ugaldu egin
baitziren. Bertsoen lilura ere ezagutu genuen urteotan, eta
Amurizaren “Aita izena kanta beharra” hezurretan ondo itsatsita
daramat ordudanik, Agurtzane andereñoaren magalaren goxotasuna
bezainbeste.
1975. urte esanguratsuan jaio ginenok
Francoren heriotzak eta diktaduraren amaierak ekarri zuen gutxi
gorabeherako “lasaitasunaren” lehenengotariko umeak izan ginela
esatea ez da gehitxo esatea. Salbuespenak salbuespen, bizimodu
normal-normala egiten genuen, etxean bezala jarduten ginen ikastolan,
eguneroko xextra txiki eta arruntekin noski, baina euskara hutsean
ikastearen normaltasun barean: 1965. urtean amesten zena lortua zen
azkenik! Horixe bakarrik, baina hori guztia izan zen 80. hamarkada
hartan Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak erdietsi zuena:
bizikleta aldapa behera jartzea. Gaur egun, kasik latzagoa da
erronka, pedalei eragiten ikastearen garrantzia apur bat baztertu,
eta bizikletarekin hegan egiten erakutsi behar baitzaie haurrei, eta
horretarako bide bakarra dago: ikasleen alboan jarri eta beraiekin
hegan egitea. Agian, horrela, ez da mahaiko goiko txokoan oporrak
iristeko falta diren egunak idatziko dituen ume inozorik izango. Edo
agian bai. Zeren, denok dakigun moduan (guztiok izan baikara ikasle),
eskola guztiek daukaten gauzarik onena horixe da: oporrak, adiskidea,
oporrak.
Salbatore Mitxelena ikastolaren 50. urteurrenaren harira idatzitako testua, 1975. urtean jaiotakoen izenean
(artikulu honen bertsio laburtua Urola Kostako Hitzan argitaratu zen, 2015/06/20an).
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol