Nobelatxoaren une batean, izen bereko protagonistak idazlearen etxera deitzen du, eta idazlea ez dagoenez, enkargua hartu nahi dio telefonoz bestaldean daukanak. Non harrapa zaitzake?, galdetzen dio. Ni ez naute harrapatzen, erantzuten dio Nadjak.
Arrazoiaren munduan bizi gara, zentzuarenean, zentzumenen kaltetan. Konturik txikienak ebazteko ere, arrazoiz jokatzea erabakitzen dugu, tentuz egiten dugu gure ekintza ñimiñoenaren hautaketa, tarterik egin gabe bat-batekotasunari, berezkotasunari, naturaltasunari, zer esanik ez zoriari. Etxetik atera aurretik, hartu aterkia eta mugikorra. Ez jo kalera, ez baduzu helburu jakinik. Ez hitz egin ezezagunekin. Ez maitatu, behar baino gehiago.
Kontrako eredua erakusten digu André Bretonen Nadjak. Arrazoiari muzin eginez, dado bat airean bota eta horren araberako jolas bat balitz bezala bizi du mundua emakume honek, intuizioaren menera daramatza bere urratsak handik eta hemendik, oroimenik ez balu legez erlazionatzen da ingurukoekin.
Surrealismoaren gailurretako baten gisa hartua da aspaldidanik Bretonen liburutxoa, baina hori baino askoz gehiago da: bizitzeko modu bat deskribatzen da bertan, eta ez edozein, baizik eta, Bretonen iritziz, benetako askatasunera eramaten duena. Askoz erakargarriagoak dira ustekabean jazotzen zaizkizun gertaerak, arrazoiz eta tentuz pentsatutako ekintzek garamatzatenak baino, dio Bretonek.
Nadja da emakume honen izena, ez bere gurasoek ipinitakoa, berak bere buruarentzat aukeratutakoa baizik, «errusieraz, esperantza hitzaren hasiera delako, eta hasiera soilik delako, hain zuzen». Nadja da askatasunaren izena.
Egidazu mesede, irakurle, eta esadazu: hartuko al duzu izen hori zuretzat, udako egun txoro hauetakoren batean bada ere? Esadazu egia, irakurle: ausartuko al zara?
Urola Kostako Hitzan argitaratua (2015/07/30)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol