2015/03/02

Hegoak (aitatasunaren ajeak eta biajeak XVII)


Batzuek ez dute argazkirik behar barruan dutena ikusteko. Haurdun geratu zen Olatz, eta ekografia egitera joaterako bazekien neska batez erdituko zela. Zorionak! Mutila izango da!, esan zion, ordea, ginekologoak.
Majo kosta zitzaion kontuari buelta ematea, ezin kanpotik inposatutakoari men egin, ezin muzin egin barruak agintzen zionari. Pozik egotera behartuta zegoela zirudien, gainera: Aurrekoa neska, oraingoa mutila, bikotetxoa osatuko duzue!, ze ondo, ezta?, esaten zion mundu guztiak. Alai jarri zioten izena, alaia izango zelako uste osoan.

Kasik hitz egiten ikasi baino lehenagotik, soinekoak, eta soilik soinekoak, erabiltzen hasi zen Alai, ile luzea uzten gero, belarritakoak eskatzen berehala. Ni neska bat naiz!, esaten zuen ozen behin eta berriz. Zortea izan zuen, zortea izan du: gurasoek hasieratik errespetatu dizkiote nahiak. Horixe besterik ez baitute behar haur transexualek (eta gainontzeko guztiek): diren bezala errespetatzea. Erraza da esatea, sinplea da begiratu batera; konplikatuagoa da gauzatzea.

Arrazoi zuen, bazekien zerbait bere amak, kanpoaldekoa erakusten baitigute argazkiek, barnealdekoa ekografiek, baina bakoitzak hondo-hondoan daukanaren fotoa egiten duen tresnarik ez baita sortu oraindik (eta ez ahal da sortuko!). Zakila dauka, esan beharko ligukete medikuek, zer diren, zer garen, ez baitaki inork norberak baino hobeto. Galdetzea ere ez da beharrezkoa; nahikoa da esaten digutena entzuten jarri eta aditzearekin.

Duela gutxi, mendian pixa egiten ari zirela zera esan zion aitak Alairi: zortea duzu!, pixa tente egin dezakeen neska bakarrenetakoa izango zara! Eta esatearekin batera ia, ahoa okertu zuen aitak, damututa, ez ote zion alabari bide eman zomorro arraro baten gisara sentitzeko. Gustatzen zait bakarra naizela pentsatzea, erantzun zion alabak, ordea; itzela baita berezia eta arraroa izatearen artean dagoen aldea.

Alaia da Alai, zakila daukan neska alai-alaia, eta ez du kaiolarik nahi.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net