Final gogoangarrian lortu zuen Xalak buruz buruko txapela, igandean. Perfekzioaren marratik gertu jokatu behar izan zuen Olaizolari irabazteko. Hilabetean, apendize bat galdu eta txapel bat irabazi du Lekuineko pilotariak.
Asko dira beste Xala bat ikusi zutenak, sutsuagoa, beroagoa, oldarkorragoa, emozionalki osoagoa. Beste adjektibo bat gehituko nuke nik: espiritualagoa, mistikoagoa. Kirol-lehia egin dutenetako batzuek zertaz ari naizen jakiteko zortea izango dute: bada une bat, bihotzak eta buruak bat egiten dutenean, emozioak urtetan landutako gaitasun guztiak airean jartzen dizkizunean, partidaren tentsioak eta zure kontzentrazioak marraztutako marra zuriak infinituan elkartzen direnean, ikusleen indarra zure sentitzen duzunean, adrenalina zainetan dantzan sumatzen duzunean, bada une bat garaiezina zarena, patua zure alde duzula badakizuna: zurea da garaipena, zurea izango da, ez dauka atzera bueltarik. Berdin dio kontrarioak zer egiten duen. Deitu inspirazioa. Deitu kirolariaren estasia, kirol-orgasmoa. Deitu nahi duzun bezala. Nik, nire hirugarren mailako eskubaloi-atezainaren paper xumean, hori sentitzeko zortea izan dut, eta, zinez diotsuet, zirraragarria da momentu hori.
Xalak ––badakit––, une mistiko hori bizi zuen kantxan, lehengo igandean. “Batzuetan begi itxiekin astintzen nuen pilota, eta dena barruan sartzen zen”, esan berri du (DV). “Patua izango zen, agian. Nork daki. Ebakuntza egin ez balidate, agian ez nukeen irabaziko”, esan du, era berean (Berria). Baina esan dituen guztietatik, hauxe gustatu zait gehien (Berria): “gertatzen zaizun guztia zerbaitengatik da, eta ahal bada, pertsonalki aberats zaitzan baliatu behar da. Hausten den hezurra sendatzen denean, gogorragoa bihurtzen da.”
Zorionak Xala! Zorionak txapeldun!
Xalaren artikuluari zer erantzun pentsatzen ari nintzela, Dan Lertxundi lagunarekin hitz egin dut, lehenago ere aipatu baitzidan kirolean eta psikologian asko erabiltzen ari den termino bat: "fluir" esaten zaio gazteleraz, eta hainbat liburu badira, besteak beste, Mihaly Csikszentmihalyi psikologoarenak (begiratu Interneten) gai honi buruz. Testu zati bat kopiatu dut, hara zer dioen: "Sentirse completamente en sintonía con lo que se está haciendo, saber que uno es fuerte y capaz de controlar su destino al menos por un momento, y conseguir un sentido del placer independiente de los resultados, eso es experimentar la fluencia."
ErantzunEzabatuHorretaz aparte, aipatu dit euskaraz badirela termino batzuk bere ustez oso egokiak direnak, edo berdin-berdina izan gabe, intuizio horretan sakontzen dutenak: esaterako, Maialen Lujanbio bertsolariak, "jarioa"z hitz egiten duenean, "oskarbi egotea" aipatzen du. Eta, azkenik, egokia da Iñaki Bidegainek atera dituen bi liburu aipatzea, biak pilotaren eta psikologiaren ingurukoak eta bietan Julian Retegi protagonista dela (batean Ladis Galartzaren kontrako partidua kontatzen du, besteak Titinen kontrakoa). Aurrenekoan "aprestua" hitza aipatzen du, itzulpen zailekoa erdaraz. "Jarioa" baino gehiago prestaketa lana du jatorri, baina esaten ari garenarekin lotua dago.
Izan ondo,
Xabier Etxabe Zulaika