Argazkia: sasoian.info |
Alfabetoarena okurritu zitzaidan gero. Euskal alfabetoak 27 letra ditu, baina ñ-a kentzen badugu (ñoñoegia delako) eta y grekoarekin hasitako hitzak euskaraz 20 soilik direla kontuan harturik (tartean, yanki, yarda, yemen, yate, yoga, yucatan eta yuppie), pentsatu nuen, bi buelta eginez gero gelditzen ziren 25 letra horiekin (joan eta etorria, a-tik z-ra, eta z-tik a-ra, y grekotik ostutako yo-yoa erabiliz), orduan ere 50 izango zirela, eta modu honetan ere gorazarre egin niezaiokeela urteurren hain seinalatuari. Ez nion jendeari gehiegi sufriarazi nahi, ordea!
Joan-etorria egin ordez, joatearekin bakarrik konformatuko gara. Bueltarako txartelik gabeko bidaia izango da gurea. Izan ere, bidaia zirraragarrienak halakoak dira, joanekoak soilik. Heriotza bezala, ezta? Ez baita berdina Siberiara joatea, bueltako txartelarekin edo gabe. Kubara bueltako txartelarekin edo gabe joatea berdina ez den modu berean.
Eta ez da alfabeto onena edo egokiena edo politena izango, baizik eta nirea. Esan nahi baita, nire ikuspegi pertsonal eta subjektibotik osatutako alfabeto bat izango dela, eta beraz partziala eta desorekatua, eta ez zurea izan zitekeen baino politagoa edo bereziagoa. Baina tira, niri eskatu didate hitzaldia egiteko, eta horretara noa. Lehen letrarekin hasi eta berehala konturatuko zarete zergatik diodan guztiz subektiboa eta partziala izango dela.
A: ATEZAINAK. Esango dizuete erotuta daudela. Esango dizuete taldeko pertsona berezienak direla, estrabaganteak, ez bereziak, arraroak!, espezie urri batekoak, bakanak, haizearen norantzaren jarraitzaileak, ilargiaren menpeko sorginak. Ez da horrenbesterako izango! Begira zer topatu dudan wikipedian. Gaztelaniaz, dakizuen moduan, cancerbero deitzen zaie atezainei. Hitz honen jatorria antzinako Grezian dago: can cerbero, Hadesen txakurra omen zen, tradizio ohikoenean hiru burukoa, baina Hesiodoren arabera 50 buruko txakurra omen zen, eta buztanaren ordez, ojo!, sugea zeukana. Infernutik hildakoak ez irtetea eta bizirik zeudenak ez sartzea, horixe omen zen bere egitekoa... Arraro samarrak izango gara, baina hainbeste ez, e!
B: BOLONDRESAK edo BOLUNTARIOAK: entrenatzaileak, delegatuak, direktibakoak, orain agian ez baina garai batean kotxea jartzen zuten gurasoak, mediku lanetan ibiltzen direnak... Talde handi hau ez litzateke posible hauen guztien lan eta eskuzabaltasunarengatik ez balitz. Bihoakie hemendik eskerrik beroenak.
C: Caceres, Cadiz, Cuenca edo Casablanca izan zitezkeen, baina CLOWN-ak aukeratu ditut, badakizue, pailazo berezi horiek. Makina bat jende xelebre eta pertsonaje eman baititu eskubaloiaren familiak. Ez zait sekula ahaztu Patxi Agirrezabal entrenatzaile genuela, bidaiak egiten genituenean Espainia sakonera, restop triste eta hotzetan malabarrak ikasten nola jartzen gintuen. - Ze zirkotakoak zarete? -galdetu ziguten behin.
- Ez ez, eskubaloi talde batekoak gara -erantzun zion taldeko graziosoak-, pailazoak soberan baditugu ere!
D: DIRUA. Zarauzko eskubaloiak inoiz izan ez duelako. Boluntarioetatik hasi, euren lanagatik xentimorik kobratu ez dutenak, eta jokalarietaraino. Argi eta ozen, eta harro, esan behar da, afizionatuak izan direla zarauzko jokalariak, afizionatuak soldataz, baina profesionalak dedikazioan. Eliteko kirolariak lagundu behar al dira diruz, ala 500 pertsona urte guztian zehar kirola egiten mantentzen duen “deporte de base” delakoa? Eliteko kirolak ez al lituzke bere kabuz lortu beharko diru-sarrerak?
E: ESKUBALOIA. Zarautzen ez, baina Zarauztik kanpo, Euskal Herrian, ez da ohikoena eskubaloian aritzea. Futbola zergatik ez?, galdetuko dizute; baloia eskuarekin hartzen duzue?! Futbolarekin konparazioan, anai/arreba pobrea da eskubaloia. Eskubaloia aukeratu genuen, eta ez saskibaloia. Ez dut gogoan nork esan zidan: atezainik gabeko kirol bat ez da kirol serioa! Eskubaloia aukeratu genuen, eta ez euskal tradizioan hain errotua dagoen arrauna. Euskal folkloretik kanpo geratzen da, beraz gure kirola, baina euskaraz egiten dugu hemen Zarautzen (nahiz eta kadetetatik seniorretara euskararen erabilera pixkana txikitzen den errezeloa badaukadan). Euskararen erabileran ere eredu izan behar luke herriko eskubaloiak etorkizunean ere.
F: FAMILIA. Eta ez sekta. Edonor bere altzoan hartzeko prest, baina joaten uzteko ere libre. Izan ere, horixe da sekta eta familiaren arteko desberdintasun handiena: sektetatik ez dizute ateratzen uzten.
G: GABINO eta bere autobusak. Autobus horiek hitz egingo balute! Pazientzia eta eskuzabaltasuna erruz gure txofer guztiek! Manuel zenak ere izan zuen moduan. Gogoan dut behin, mugikorrik gabeko garaietan, restop horietako batean geratuta, jokalarietako bat komunean zela nola alde egin genuen! Eskerrak ordu laurdenera edo konturatu ginen!
H: HAURRAK eta ez hain haurrak, nerabeak, gazteak. Zarauzko makina bat gazterentzat kabia da zarauzko eskubaloia, bigarren familia, bigarren koadrila.
I: IZUGARRIA. Latza, sinistezina, oiloipurdia jartzeko modukoa da kiroldegian sortzen den giroa (ia beti) eta batez ere egun handietan. Eta etxekoentzat beroa eta goxotasuna dena, paela errea kanpotarrentzat!
J: JUANANJEL.Gaixotasun anker batek eraman zuen gure ahobero maitatua. “Loreak” pelikulan azaltzen zen moduan, hildakoak ez omen dira guztiz hiltzen, haiekin gogoratzen garen bitartean. Baina hildakoak hilda daude, eta haiek gabe aurrera egiten eta bizitza bizitzen ere ikasi beharra dago!
K: KOJUAREN GOLA. Munoan jokatzen zutenean-eta, partidan mina hartzen zuena, aurrean uzten zuten, extremo, defenditzera jaitsi beharrik gabe. Hark gola sartuz gero, hala deitzen zioten: “kojuaren gola”.
L: LAXA. Urrian lau urte beteko dira txofer umila joan zitzaigunetik. Mutil herabea bezain bihotz onekoa, hil hurren zegoela lezio handia eman ziguna. Aitorrek deitu zidan, minbizia gainditu ezin, eta azkenetan zelarik, gurekin azken autobus-bidaia egin nahi zuela esanez, agurtu nahi gintuela alegia. Zubigainetik getariara eta getariatik zarautza egin genuen autobus-bidaia, galiziako azken herri galdura partida jokatzera joaten ginenean bezala. Pastelak eraman zituen Laxak. Halako zelaietan jokatzen dira partidarik gogorrenak, eta Laxak txapeldun bat zela erakutsi zigun.
M: MUNOA. Haiek ez ziren eskubaloi jokalariak, haiek gladiadoreak ziren. Erromako gladiadoreei galdetuz gero, zuk zer nahi duzu, lehoien kontra borrokatu ezpatarik gabe edo Munoan eskubaloian jokatu? Lehoiak, lehoiak!, esango lukete. Han zure burua lurrera plantxan botaz gero, bizitza osorako petxoa depilatuta. Han asmatu zen “depilación laser”! Pabenek eta Egiazabal eta enparauek ikusi zituztenean egurrezko eta erdi gomazko pista bigunak esan zuten, hemen zer egiten da, balleta? Boxeora kaskoarekin jardutea bezala! Hori boxeoa al da?!
N: NESKAK. Nesken kirola mutilenaren itzalean askotan, baina beti goi mailan. Eskubaloian, indarra eta potentzia nagusitu diren garaiotan, nesken partidak teknikoagoak, taktikoagoak, eta, beraz, dotoreagoak ez ote diren bihurtzen ari, susmo horixe daukat. Zarautzen, gainera, ohorezko mailara igotzea lortu zuten, agian zarauzko kirol talde batek lortu duen hazañarik handiena erdietsiz. Jokalari bat aipatu behar bada, Mele izango litzateke. Joko olinpikoetan ere parte hartu duen zarauztar bakanenetarikoa eta Zarauzko eskubaloiak eman duen jokalaririk handienetarikoa.
Kuriosidade gisa, hara ingeleseko Wikipediak zer jartzen duen (ez da Zarautz inondik inora aipatzen, ez jaioterri gisa ere!): Karmele Makazaga Urrutia (born 14 April 1964) is a Spanish team handball player who played for the club Hernani and for the Spanish national team. She was born in San Sebastián. She competed at the 1992 Summer Olympics in Barcelona, where the Spanish team placed seventh.
O: OHOREZKO MAILA. Ia-ia iaz mutilen lehen taldeak eskuratu zuena. Krisiak eraginda, eskubaloi mundutik dirua joan denean, argi geratu da harrobirik onenetarikoa zein den. Ohorezko maila lortu ez bazen ere, balentria handia izan zen iazkoa. Eta Zarauzko eskubaloiak ohorezko mailan egon beharrik ez dauka, eskubaloian ohorezko lekua badaukala jakiteko.
P: PATXIMAIA. Mito bat
zen ni txikia nintzenean: Tarzan deitzen genion, zituen txima
luzeengatik, eta bere benetako izena are indartsuagoa bazen ere:
Todor. 80. hamarkadako joko zikinaren tranpan erori, eta behar baino
lehen ebatsi zigun heriotzak. Bere irribarre eternoa (Obelix bezala,
txikitan marihuana lapiko baten barrura erori zela ematen zuen),
jantzita eramaten zituen handball-adidas zapatila urdin mitiko horiek
bezainbeste, ez dugu sekula ahaztuko. Eta ez ditugu ahaztuko, ezta
ere, eskubaloiaren familia handi honetan hildako lagun guztiak,
tartean Todorren anaia, Danel. Besarkada sentitu bat euren senideei.
Q: Hiztegian 12 hitz soilik daude Q letraz hasten direnak. Baina anekdota bat kontatuko dizuet. Joan ginen behin Oviedora, ligako azken partida jokatzera, eta gutxitan bezala hoteltxo batean hartu genuen ostatu (autobusean igarotzen genituen Galizira joaten gineneko gauak, esaterako). Hoteleko arduraduna izenak hartzen ari zela, Iker apuntatu beharrean, Iquer apuntatu zuelako, han hasi zen barrez Iker bera: “jajajaja, Iker q-rekin idatzi dik! Con q de kilo!” Nahiko barre egin genion gizajoari, eta adar jotzeak badirau oraindino. Jakingo balu, Real Academia de la Lengua Española delakoak aspaldi onartu zuela q-ren erabilera kilo hitzarentzat...
R: r oso letra erabilia euskaraz, baina r-rekin hasten diren oso hitz gutxi. Reikeavik, Rio de Janeiro, rock eta rugbi. Honekin geratuko naiz, beraz: “erre ke erre”, garaipenaren bila, etsi gabe, nola ibiltzen ohi diren Zarauzko taldeak.
S: SAN MIGUEL. “Donde va, triunfa” dio bere lemak eta horregatik bakarrik, merezi du gure patrozinadore izateak. Bueltako bidaian makina bat edaten ziren (eta dira) autobusetan. Donostiara iristen ari ginela (ordu bete faltan), restopean geratu eta larogei botila eskatu zituenik ere ba omen da. Bueltako bidaian soilik. Joaterakoan zintzo-arraio joaten ginen (lehen behintzat, bai; orain, ez dakit...).
T: tripatxoa. Aurreko San Miguel horien erruz atera zaiguna beteranooi.
U: uzta. 50 urteetan horren ondo landatu ondoren, zarauzko eskubaloiak jaso duena. Uzta, eta bikaina gainera!
V: garaipenaren ikurra hizkuntza askotan. Ondo pasa bai, baina konpetizioan inork gutxi erakutsi du zarauztarron grina!
W: WHISKI. Ibrahim Nadabo gizon beltz, indartsua izan genuen gurean urte batean. Musulmana zenez, ezin omen zuen zigarrorik erre, ez alkoholik edan, ez txerrikirik jan. Gero, txerrikia, babarrunekin eta horrela, laguntzeko, jaten zuela esan zigun. Gero, erre ere tarteka zigarroren bat edo beste erretzen zuela, eta azkenean, whiski petakarekin ibiltzen zela jakin genuen. Bere potentzia eta saltoa izugarriak ziren.
X: Espediente X, edo tercer milenio! Partida baten bezperan, 11-11 bukatuko genuela amets egin nuen. Oso emaitza arraroa, gol gutxirekin bai, baina 20 golen bueltan ibiltzen ginen garaietarako. Iritsi zen partidaren eguna, eta partida amaitzeko minutu baten faltan, 11-10 irabazten ari ginen, eta ni atean. Ez zidatek, ba, sartuko. 30 segundo. Eutsi dedio! 10 segundo... Gol. Kaka zaharra! 11-11 bukatu zen partida. Ezin izan nion ametsaren patuari izkin egin! Eta okerrena zera da: partidaren aurretik emaitza taldeko guztiei esan niela, baina gaur egun, gogora ekartzen diedanean gertatutakoa, inor ez da ezerekin gogoratzen!
Y: grekoa kendu egin dugu hasieran, eta kendutako yo-yoa erabiliz, zera esango nuke, yo-yo gutxiago, eta zuk-zuk gehiago egin beharko genukeela, eta honela iristen naiz azken letrara.
Z: ZUK egiten duzulako handi Zarauzko eskubaloia. Zuk eta zuk eta zuk eta zuk. Eta mila esker horregatik! Eutsi horri!
Berdura plazan, 2015eko urtarrilaren 30ean emandako hitzalditxoa,
Zarauzko eskubaloi atalaren 50. urteurrenaren harira.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol