Egin behar duzuna aurrez ondo pentsatzean datza lehendabizikoa: nondik hasi, nora jo, zein hitz ukitu, eta zein ferekatu ukitzera iritsi gabe, edo zeini putz egin laztantzera iritsi gabe, zeini hortzak sartu, nondik bueltatu, nora igo, nora jaitsi, zein hitz goxatu eta zein mespretxatu, eta ondo mamitu nola heldu bukaerara, bertsolarien gisan sari potoloena amaiera borobil bat egitean datzala dakienaren zuhurtziarekin.
"Emak Bakia baita" O.Alegriaren pelikulako fotograma bat |
Bigarren bide honetan urrunago joan ziren surrealistak, eta idazketa automatikoa deiturikoa defendatu zuten. Arkatza orriaren gainean kokatu, eta modu ez-kontzientean sortutako pentsamenduak idaztean datza idazketa modu hau, horrela soilik ekidin daitezkeelakoan aurrejuzku moral, erlijioso edota sozialak. Poetaren benetako nia inolako zentsurarik gabe azaleratzen zuen ustean erabili zuten metodo hau André Bretonek eta enparauek.
Antzeko metodoei jarraiki egindako "Emak bakia baita" pelikula da azken urteetan ikusi dudan liluragarriena. Man Ray artista Euskal Herrian bizi izan zeneko etxearen bila egindako bidea kontatzen du Oscar Alegriak bere filmean, eta bide hau ez du edonola egiten, zoriak gidatuta baizik, eta poesiaz betetako kontakizun ederra lortzen du. Ben Rivers eta Ben Russell zine esperimentaleko zuzendariek ere irudiak grabatu, elkarrizketak egin, eta muntatzerako orduan eta une horretan soilik erabakitzen dute kontatu nahi dutena zer den eta nola erakutsiko diguten. Koldo Almandozek martxan daukan "Zineborroak" proiektuarekin ere, antzera jokatzen du. Berak dioenez, literaturan eta bestelako arteetan ohikoak diren zirriborroak egiteko ohiturarik ez dago zinean, eta horixe egitea aldarrikatzen du: zinerako zirriborroak, zertarako izango diren ondo ez dakizun film zatiak.
Egile askoren ustez, sorkuntzarako beharrezkoa da nolabaiteko kaosa, eta onuragarria da subkontzientean dagoena nolabait azaleratuko dizun halako prozesu erdi mistikoren bat. Arazoak gero datoz. Egindako hori norbaiti erakutsi behar diozunean. Zure baitan sortu den zurrunbilo hori bera beste norbaiti sorrarazi nahi diozun unean hasten dira problemak. Zeren kaosa ordenatzea beti izan da zaila, eta horrelako zerbait egin behar izaten da usu, hartzaileren bat helburutzat duzun momentutik. Zure sorkuntza-lana ez argitaratzea litzateke beste soluzio bat, eta orduan bai, orduan zeure kaosarekin lasai asko gera zintezke. Badira kanpaia jotzearen artearekin konformatzen diren artistak. Baina artea egitea maitatzea da. Zuk sentitu duzun zurrunbilo zoro hori beste norbaiti sentiaraztea. Eta maitatzeko, amodioa egiteko, bi era daude... (hasieran jarraitzen du).
Urola-Kostako Hitzan argitaratua (2014/02/27)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol