
Horregatik, barruak mugitzen dizkigu
ezinezkoak ziruditen ametsak betetzen irudikatzeak. Egingarri
bihurtzen diren utopiak dira ederrenak, utopiak ez diren utopiak.
Utopia bat zirudien Kataluniaren
independentziak duela gutxi arte. Utopia bat zen zure musua
herenegun.
Ohe bat iradokitzen du gure gogo estuak
amets hitza entzun orduko, baina edonon izan liteke toki bat
ametsentzat. Hautestontzi bat izan liteke, igandean izango dira
milaka, baina Europaren ametsa ez ote den amesgaizto bihurtu
pentsatzen hasita gaude...
Bozkatzea ere ahaztuko zaio hainbat eta
hainbat zarauztarri asteburu honetan, kiroldegi bat izango baitute
amesleku, eskubaloi zaleek behintzat: Alcobendaseko Ametsen
Pabilioia, hain zuzen, hantxe jokatuko dute ohorezko mailarako igoera
fasea. Behinola neskek lortutako balentria errepikatzeko zorian daude
herritarrak, lagunak, senideak: bi garaipenetara dute kirolarien
loria, datorren urtean eliteko jokalariekin aritzeko txartela. Eta
hori guztia xentimorik usaindu gabe, ez jokalariek, ez
entrenatzaileek, ezta hauen atzean lanean diharduten hamaika
boluntariok ere. Lortu, ez dakit lortuko duten (hortzak estututa, eta
zorroztuta, arituko direla segurua da!), baina zailena egin dute,
hala eta guztiz. Frogatu egin dute: ohorezko maila jada ez da utopia
bat.
PD: iganderako nortasun-agiriak-eta
irakurtzen dakien mutil bat behar da, zatar samarra aukeran: sudur
fin eta kokots luzeduna. Hamabi orduko jarduna. Ordaindu egingo da.
Idatzi bertol[abildua]bertolarrieta.net
helbidera.
Urola-kostako Hitzan argitaratua (2014/05/22)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol