2014/05/20

aitatasunaren ajeak eta biajeak (XIV): mundiala!

Duela lau urte, zehatz, lagun mina etorri zitzaidan zeharo kezkatuta, garagardo bat hartzera joateko erreguarekin, hirekin hitz egin beharra zeukaat. Ez naiz lagunen arazoei izkin egiten dieten bihozgabe horietakoa, eta are gutxiago problemaren soluzioa tabernan eztabaidatzekoa denean. Ezin izan nion beraz muzin egin halako betebehar gogorrari. Zortzietan Mogambon, adostu genuen.

Urduri zegoen, taberna kanpoko mahai altuan garagardoa bukatzear utzita ni iristerako, zigarroari zupada ematen ez bazen, beste eskuko hatzei azazkalak jaten. Susmo txarra hartu nion kontuari gizona hain larri ikusita. Ihesean zebilen bere lagunen bat gorde ote zuen? Lana galtzeko arriskuan ote zegoen? Emazteak ere, berak bezala, maitalea zuela jakin ote zuen? Baita zera ere!

- Espainiako Selekzioko kamiseta eskatu zidak semeak -esan zidan zigarroari beste behin gogor asko tira egin eta gero.
- Xabierrek? -hemezortzi urteko semea zen Xabier.
- Unaik! -sei urtekoa Unai.

Barrez hasi nintzen karkaila betean.


- Ba niri ez zidak batere graziarik egiten -serio-demonio zegoen-. Telebistarena duk erru guztia! Ikusi ditiztek mundialeko partida guztiak eta, joder, zeinek pentsatuko zian!, beti kaleratzen ditiztek final laurdenetan gehienera jota, baina kaka zaharra!
- Irabazlearen lilura duk...
- Ba sartzea zaukatek ipurtzulotik!
- Erosi egingo diok, ezta? -zirikatu nuen.
- Nahiago estoldetan bizi!
- Dotore asko egongo duk kamiseta gorriarekin. Sergio Ramos jarriko diok bizkarrean?
- J.M! J.M. Aznar! 
- Baina, hik, errespetuaren predikari goren horrek, norberak erabakitzen duenaren defendatzaile sutsuak, ez duk ba...

Antzarrak ferratzera bidali ninduen, baina baita alerta jarri ere gertakizunak, gure haurrak urtebete betetzear baitzeukan orduan.

Izan ere, umearen denborak eta erabakiak errespetatzearena oso ondo dago, oso polita da eta hori guztia, baina gauza batzuetan, zer nahi duzue esatea... Zenbait kontutan ez gaude amore emateko prest, ez horixe! Ez al dugu ba jada nahiko piperpoto ikusten inguruko balkoietan?! Gainera, gorriak eta horiak noiztik eman dute ondo!? Ezta Barçaren bigarren elastikoan ere!

Horregatik jarri dut martxan makinaria guztia, futbolari eta txapelketari muzin egitea ez baita nahikoa, kontuz ibili!, dena kutsatzen du mundialak. Saia zintezke, noski: egunkari-irrati-telebistetan futbolik ez ikusi, mundialaren inolako berririk jasotzen ez utzi... Baina batetik ez bada bestetik, iritsi egingo zaizu, iritsi egingo zaie zure umeei azkenean futbolaren odolaren arrastoa. Ni ez naiz fio, eta horregatik prestatu dut estrategia hau, zurekin, irakurle, konpartitu nahi dudana, lagungarri izango zaizulakoan:

SEME-ALABAK EZ ALIENATZEKO ESKULIBURUA

Erremedioa, euskal selekziorik ezean, begibistakoa da. Hasteko, mundiala irabazteko aukera dezente dituen talderen bat aukeratu behar duzu. Esaterako, Argentina. Pixkanaka egitekoa da lana, horregatik lehenbailehen hasi behar duzu. Hilabete eskas geratzen da mundiala abiatzeko! Ez galdu denborarik alferrik!

Komeni da, gero, aukeratutako herrialdearen (gure kasuan Argentinaren) historiarekin eta kulturarekin apur bat identifikatzea. Kantatu Gardelen tangoak, dantzatu Astor Piazzolaren erritmo dotoreen konpasean, egin barre Les Luthiers-en espektakuluekin ere, zergatik ez? Zure seme-alabak nagusiagoak badira, ikusi Campanellaren pelikulak; "Futbolín" uste dut egokia dela gaztetxoentzat... Ez sartu Sorínen pelikula minimalistak, ezta "Kamtchatka" bikaina baina gogorra ere: limurtu egin nahi ditugu, ez beldurtu! Literaturzalea bazara, Cortázar eta Borges leitzen emateko tentazioa izan dezakezu. Zuk ikusi, baina kontuan izan entrenamendurik gabe ez dagoela championsaren finalarekin disfrutatzerik.... Beno, ez dakit ulertu didazun, hor duzu Wikipedia.

Bigarren urratsa Argentina eta futbola lotzea da, edo hobeto esanda, Argentina futbol selekziorik onentsuena bezala saltzea, bai gaur egun, eta baita historikoki ere. Gaur egungoa nahiko erraza da: hor duzu Messi, munduko jokalaririk onena. Esplotatu "La pulga"ren onurak. Momenturik onenean ez badabil ere, ziur mundial bikaina egingo duela. Eta historikoki, zer esango dizut, bada, gauza errazagorik! Hartu Maradona eta "Jainkoaren eskua", hartu barrilete kosmikoa, gogorarazi Malvinak, eta Don Diegolek Inglaterrari emandako lezioa jarri segidan, ta-ta-ta-ta, de qué planeta viniste? Ez galdu denborarik bilatzen; hementxe duzu:




Kontu hauekin guztiekin, nik uste bidearen erdia baino gehiago eginda izango duzula. Azken egitekoa txapelketa hastean hasten da: jarraitu Argentinaren partidak, bizi euren golak euskal selekzioarenak balira bezala, animatu Messi eta enparauak, jarri argentinarren himnoa tarteka, jantzi etxea zuri-urdinez (gogoratu: Realaren elastikoa eta bufanda berrerabil ditzakezu!).

Ez da ohikoena izango, baina hau guztia egin ondoren hala eta guztiz ere Espainiako kamiseta erregutzen badizu, zer nahi duzu esatea, lasai hartu, ez da hain larria, okerragoa izan zitekeen: oraindik ez dizu kapote gorria eskatu... Lasaitzeko metodoa ere emango dizut: hartu arnasa apur batean, eta imajina ezazu zure semea edo alaba toreroz jantzita, urre koloreko traje distiratsua soinean, zezenari ezpata sartzeko prest... Hori bai mundiala, e! Ikusten? Ez da horrenbesterako!
                                                                 Barretartia blogean argitaratua (2014/05/14)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net