Cinema Paradiso, G. Tornatoreren pelikulako fotograma bat |
Ennio Morriconeren musika dotorearekin, leun egiten du aurrera pelikulak, eszena gogoangarriak txirikordatuz bat bestearen atzetik, zinemarekiko maitasuna erakutsiz plano soil bakoitzaren atzean, Totó txikiaren haurtzarotik heldutasunerainoko bidaia emozional hunkigarrian.
Paradisu txiki bat baitzen proiekzioko kabina Totórentzat, magia guztien sorlekua, istorio guztien abiapuntua, eta handik begiztatzen zituen ikusle liluratuengan zinemak sortzen zituen emozioak: algara, negarra, harridura, nazka, angustia, beldurra, hunkipena, samurtasuna, mina, asaldura.
Ez dut larregi maite inolako emoziorik sortzen ez duen zinema. “Cinema Paradiso” bezain hunkigarri, edo Pasoliniren pelikulak bezain asaldagarri, xume nahiz handi, larruazalean zirt -edo zart- eraginarazten didatenak ditut gustuko. Eta erantzunak eman beharrean -horretarako nahikoa eta sobera dugu Elizarekin- galderak egitera bultzatzen gaituztenak, hormarik ziurrenak dardarka jartzen dituztenak. Erantzunak, norberak baitauzka bereak.
Donostiako Zinemaldiaren aitzakian, badugu aukera altxor ederren bila aritzeko egunotan, baina baita zinemalditik kanpo ere, urte osoan zehar. Istorioak ikus edo entzutearen lilura ez zaizu sekula santan desagertuko, umetatik hasi eta nerabezarora arte zure atlas sentimentala osatzen lagundu dizun Alfredorik izan baduzu inoiz alboan, zinemara berarekin eramango zaituen norbait, Julio Verneren nobela potoloak -edo “Peter Pan”, edo “Altxor uhartea”, edo “Gizon ikusezina”- hitzez hitz irakurriko dizkizun bidelagun bat, enegarren ipuina entzun ondoren azkenean loak hartu zaituenean argia itzaliko duen jainko txiki hori.
Munduko ofiziorik ederrena baita istorioak kontatzearena. Aita izatearenarekin batera, segur aski. Eta hobeto edo okerrago egingo duzu, ofiziorik ederrenak zailenak ere bai baitira, baina garrantzitsuena ez da hori, adiskidea, inportanteena, egiten duzuna egiten duzula...
Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014/09/25)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol