Eta, ados, arinegi erabiltzen ditugu terminook
askotan, eta testuinguru literariotik kanpo soberan daude, baina nago ez ote
garen kontu hauekin arazoaren azalean geratzen, galtzen. Irudipena daukat ez ote
garen gehiegi tematzen, ez ote diogun garrantzia handiegia ematen hitz hauen
erabilera gaitzesteari edo debekatu beharrari, hitz hauen erabilera –ados, desegokiak–
desagerraraziz kolektibo azpiratuen problemak bukatuko balira legez.
Marikoiek nahi dutena diren bezala
errespetatzea da, maitatzen duten moduan lasai maitatzen uztea, txortan dagiten
moduagatik ez gutxiestea, ez kondenatzea.
Sexu-langileei berdin zaie puta deitzen
badiezu, baldin eta euren lanbidea lan bat soilik dela aitortzen baduzu.
Prostitutek nahi dutena gainontzeko langileek dituzten eskubideak izatea da:
bajarako eskubidea, erretiro duin baterako aukera, kontu normalak.
Hibai Arbidek PlayGround webgunerako lau sexu-langileri egindako elkarrizketa ezin interesgarriagoan, halaxe dio haietako batek: “nahiago dut, eta halaxe
deitzen diot nire buruari: puta. Terminoa geureganatzeko bide gisa ikusten dut,
hitzari buelta eman eta lehendik dituen zentzu negatiboak desagerrarazteko modua”.
Eta pixka bat aurrerago: “Zerbait beldurgarria egiten ari nintzela sinetsarazi
nahi izan zidaten, zergatik eta sexu-harreman ametituak diru-truk izaten ari
nintzelako soilik”.
Homosexualitateari nola, prostituzioari ere duen
estigmatik erdia kenduko bagenio, puta edo putaseme deitzen digutenean ez
ginateke hainbeste larrituko, akaso. “Eta puta banintz, zer?” gisako irribarre
bat eskaintzen asmatuko bagenu, iraina botatzen duenak bere arima
desitxuratuaren argazki ezin argiagoa jasoko luke, ispilu bihurtutako gure
aurpegian.
Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014-VIII-1)
Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014-VIII-1)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol