Sanmartzialetan izan zen, duela hamabost bat urte. Joan ginen
parrandara Irunera, eta halaxe genbiltzan, gozo-gozo, hogei urte izateak
ematen duten inozo sentipen epel horrekin, denboraren erlojuak artean
axola ez zitzaizkigula. Sanpelaiotan hasten ziren udako oporrak
guretzat, herriko jaietan, eta huraxe izaten zen ordularia etxeko
tiraderan uzteko eguna, San Joan sua baino errito garrantzitsuagoa.
Estudiante tunante, eta lanik egiteko obligaziorik gabe (ez beste lagun
batzuen tankeran, zortekoak gu!), festaz festa, parrandaz parranda
ibiltzen ginen orduz geroztik.
Sanpelaioak motzegiak iruditu, akaso, eta Irunera joan ginen
koadrilako lau mutil, ekainaren 28an, lesbiana, gay, bisexual eta
transexualen harrotasunaren egunean, eta San Martzial festak hasita
zeudela ondo bagenekielako, noski. Tabernan ari ginen kontu-kontari,
kantu-kantari, norbaiti bururatu zitzaionean, zen eguna izanda, hain
sarkorra den abesti harekin kantuan hastea: «maricoooon el que no bote, maricoooon el que no bote».
Han gerturatu zitzaigun 25 bat urteko mutil gaztea, sekulako saltoak
eginez, eta ahoa ondo beteta kantatuz gu geu hain sendo eta ozen abesten
ari ginen abestia, eta halaxe segitu zuen, jauzika eta brinkoka, harik
eta gure alboraino iritsi eta konturatu zen arte, sorpresa!, ez ginela
gu batere mugitzen, ez geundela saltaka alegia, lurrean ondo kieto
paratuta baizik, hankak harri, grabitatea lagun, jauzi egiteko imintzio
txikienik egin gabe, gainera. Ez dut boterik ematen, ergo…
Deskribatzerik ez dago gizajo haren aurpegiaren progresioa gure gorputz
lurrean ondo finkatuei begira, geldi-geldi propio, ondo serio genituen
aurpegi haiei so, «maricón el que no bote» kantatzen genuen
bitartean. Barretik irribarrerako bidea egin zuen tipo haren bisaiak,
irribarretik zalantzarakoa eta zalantzatik tragediarakoa. Antzekoa izan
zen bere jauzien joera ere, sabaia ia jotzetik hasi eta guztiz
desagertzera egin baitzuten.
Kirten hark taberna hura abandonatu beste erremediorik ez zuen izan,
eta, gure paretik desagertu zenean, garaipen-barreak irten zitzaizkigun
barren-barrenetik, besarkada suharrekin ospatu genuen. Ziurrenik, mutil
hura ez zen homofobo konbentzitua, gizartearen olatuarekin dantza egiten
zuen kaikua baizik, baina zer pentsatua emango zion gertatutakoak.
Keinu txikiz jositako garaipentxoa izan zen, hitzik eta eztabaidarik
gabekoa, orain modan dagoen bezala (eta hitz japoniarra dirudien
arren): baketsuki.
Urte asko pasatu dira hau gertatu zenetik, eta kontu hauetan dezente
aurreratu dela uste dutenetakoa naizen arren, egiteko ere asko dagoela
iruditzen zait. Nahiz eta zenbait euskal idazlek, esaterako, modu
naturalean agertu beren homosexualitatea, futbol profesionalean,
adibidez, tabu handia da oraindik gai hau. Neuer, Alemaniako selekzioko
atezain titularra, agertu da berriki prentsan, homosexual diren
futbolariei euren sexualitatearen orientazioa beldurrik gabe plazara
dezaten esanez, homosexual guztientzat onuragarria izango delakoan.
Erraza da esaten. Bestelakoa da, nire ustez, jorratu beharreko bidea,
eta Iruneko anekdotak eman diezaguke pistaren bat. Izan ere,
gainontzekoei gauzak eskatzen hasi ordez, zergatik ez du Neuer berak,
adibidez, publikoki esaten bera ere homosexuala dela, edo bisexuala,
nahiz eta guztiz eta osoro heterosexuala izan. Horretarako potrorik
bagenu —zeren horretarako bai behar direla potroak—, iraultzaren erdia
egina genuke.
Urola Kostako Hitzan argitaratua (2014/06/26)
Harpidetu honetara:
Argitaratu iruzkinak (Atom)
-
Behin irakurri nion Jim Jarmusch-i elkarrizketa batean garai batean 500 pelikula ikusten zituela urteko. 500 pelikula! Jota geratu nintzen, ...
-
Persepolis komikiaren iruditako bat Medikutara joan nintzen lehengoan, ez da broma. Komikiak ez zitzaizkidala gustatzen eta larrituta ne...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol