Musidramas (CC: aitortu, ez-komertzial, baldintza berdinetan) |
EHU-ko ikasle talde bat ikerketa bat egiten ari da, eta hiru galdera egin dizkidate (idazletzat hartuta...): Zergatik idatzi? Idaztea noraino da libre? eta Zein dira zure obra/idazle gogokoenak?
Hau da bidali diedan erantzuna.
Zergatik idatzi? Hainbat erantzun bururatzen
zaizkit, baina galdera batekin botako dut lehenengoa: zergatik ez?
Gero, nerabezaroan, lagunek-eta, nire idazteko
afizioarekin harrituta, zergatik idazten nuen galdetzen zidatenean ematen nuen
erantzuna emango nuke: hiri ez al zaik gezurrak esatea gustatzen? Beraientzat
hain arraroa zena niretzat gustagarria zergatik zen ulertarazi nahi nien…
Garai hartan, sariekin lotzen nituen nire
idazketa-lanak, eta sari haiek ematen zidaten aitortzarekin, bai etxean, bai
komunikabideetan. Hasiera-hasieran, dena esan behar bada, Zarauzko Udalak
antolatzen zuen Salbatore Mitxelena sariketa izan nuen akuilu. Lehen saria
irabazi nuen 8 bat urterekin (erdi kopiatutako bi bertsorekin), eta sariak
(garaiko 25.000 pezeta, liburutan gastatzekoak) gehiago irakurtzera bultzatu
ninduen ezinbestean. Eta irakurtzeak idazteko grina areagotu zidala esango nuke
(eta alderantziz; gainera, hainbat aldiz irabazi nuen sari hura…). Izan ere,
eta hau izango litzateke idaztearen nire arrazoi nagusia, besteen liburutan
lortzen nuen plazera sortu nahi nuen nik ere jendearengan. Oraindik ere
gertatzen zait, duela gutxi “Lost in translation” pelikularekin izan zen.
Pelikula ikusten nuen bigarren aldia zen, baina hala ere lehenengoan sortu ez
zidan zirrara sortu zidan; horrenbeste ezen, horrelakoetan, nik ere sorkuntzara
guztiz emana bizi nahiko nukeen (izan ere, idaztea sortzeko modu bat da, eta
honek beste galdera interesgarri batera garamatza: zergatik idatzi, eta ez
margotu, edo zinea egin edo…? Merkeagoa delako, seguruenik, eta marrazten
oso-oso txarra naizelako…). Zirrara hori sortzea jendearengan, ez dago
sentsazio hoberik! Horixe da nire helburu nagusia idazterakoan. Hurrengo kontua
litzateke zirrara hori sortzeko bide asko daudela. Gaur egun, hain zuzen,
zirrara hori lortzeko modu sotilenaren atzetik nabil nire literatur idazkietan.
Baina hori beste galdera baten erantzuna da…
Idazteko beste hainbat arrazoi:
-dibertitzeko
-ligatzeko
-nire arazoak eta buru-janak uxatzeko
-nire burua hobeto ezagutzeko
-barruan daramadan munstroa bezatzeko
-hilezkor bilakatzeko, ezinezkoa dela dakidan
arren
…
2) Idaztea noraino da libre?
Buf, buf, buf. Hori da hori galdera potoloa…
Gustura geratuko zineten… ;)
Lehendabizi “libre” izate hori definitu
beharko genuke…
Hiztegiak begiratuz gero, eta estrapolatuz,
libre idaztea litzateke guk nahi duguna eta nahi dugun eran idazteko gaitasuna
izatea, eta, era berean, limiterik, eragozpenik eta murrizketarik gabe idaztea.
Teorian, noski, libre gara nahi duguna
idazteko, baina praktikan, gizarte batean bizi gara, eta gizarteko tabuek,
norberaren aurreiritziek, ingurukoen aurreiritzi eta postiritziek, zalantzarik
gabe, eragina dute idazlearengan (edo gutxienez haren subkontzientean).
Txikitako anekdota batek lagun diezadake
oraingoan ere gai hau aztertzen. Ez dakit zenbat urte izango nituen (hamar,
hamaika), ikastolan idazlan bat idazteko eskatu zigutenean. Nik, idazlan
horretan, ikastolako andereñoa, nire gurasoak, arreba eta inguruko guztiak
akabatzen nituen, modu nahiko sadikoan, dena esan behar bada. Fikzioa zen,
noski, baina andereñoak nire gurasoei hots egin zien, badaezpada, dena ondo ote
zihoan galdetzeko. Beste anekdota bat: gaztetxoen bertso-paper lehiaketan hartu
nuen parte beste behin (hamabi bat urterekin). Gaia jarrita bi bertso idatzi
behar ziren ordubeteko tartean. Gaia honakoa izan zen: gehien maite duzunari bi
bertso. Haur guztiek aukeratu zuten ama edo aita edo amona edo dena delakoa.
Nik telebistari jarri nizkion bi bertsoak. Nire gurasoen erantzuna, ona
izanagatik (barre egin zuten nire erabakiaren kontura, zer erremedio…), eta
anekdota bera, ez dut ahaztu oraindik. Honekin guztiarekin esan nahi dudana
zera da, nahi gabe bada ere, norberak bizitakoak, bizi garen gizarteak, eta
abar luze batek, guregan eragin nabarmena dutela, eta idatzitakoa baldintzatuko
dutela, zalantzarik gabe, guk askotan kontrakoa uste dugun arren. Idazlearen
lana izango da aurreiritzi, muga, murriztapen… guztiak suntsitzea bere obraren
bidez. Literatur obra on bat egiteko ez litzateke bide txarra!
3) Gogoko obrak/autoreak
Batetik, esan beharra daukat ez zaidala
gustatzen gehiegi autoreak aipatzea, autoreen liburu guztiak irakurri gabe
dauzkadalako (normalean), eta autore guztiek (egongo da salbuespenik)
dituztelako obra txarra, onak eta erdipurdikoak. Beno, batzuk txarrak bakarrik…
Bestetik, aipatu beharra daukat, nire ustez,
nire literaturan eragin nabarmena izan duela zineak (ere), eta, beraz, gustuko
pelikulen zerrendarik gabe, hankamotz geratuko litzatekeela literatur lanen
zerrenda hau (baina ez didazuenez eskatzen…).
Gainera, gogokoak asko ditut, baina nik uste
bikainenak edo (Twitter-en nik erabiltzen dudan hitz bat erabiliz)
#hilAurretikIrakurriBeharrekoak jarri beharko nituzke zerrendan.
Hor doa (eta autopropaganda pixka bat eginez,
nire web orrira zuzenduko zaituztet):
28 liburu besterik ez dira, baina beno… lagin
ona dela uste dut.
(webgunearekin arazorik baduzue, esan, eta
bidaliko dizuet zerrenda beste modu batean).
Bukatzeko, iradokizun bat: zein obra ditugun
gogoko galdetzeaz gain, irakurritako zein ez ditudan gogoko galdetu beharko
zeniguten… Galdera konprometituagoa da, zinez, baina erantzunak oso
esanguratsuak lirateke…
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol