2011/10/19

Eskerrik asko, Laxa


Aurtengo (2011) maiatzeko bazkarian
Ostiralean (urriak 14) hil zen Laxa laguna. Benito Lertxundiren argitaratu gabeko hiru abesti entzuten eman omen zituen azken hatsak. Medikuek duela urtebete inguru diagnostikatu zioten minbizia ezin izan du garaitu, eta heriotzak behar baino lehenago eraman digu zoritxarrez, autobusean (Zarauzko eskubaloi taldearekin hara eta hona) hainbat aldiz gidari izan dugun adiskidea. Ingurukoak eta lagunak ondo agurtuta joan da, ordea, modurik dotoreenean, horretarako gutxik izango luketen ausardia eta irribarrearekin. 

Aspaldi utzia izan arren eskubaloia, urtero elkartzen gara, bazkari baten bueltan, garai batean elkarrekin ibilitakoak. Autobusean gidari izaten genituenak (Gabino eta Laxa, lankide eta lagun-minak) ere tartean izaten dira, akatsik egin gabe. Horrenbeste bidaia elkarrekin egin ondoren, eskubaloiko familiaren parte garrantzitsu bihurtu baitziren, aspaldi.

Aurtengo maiatzeko bazkarian izan genuen Laxaren gaixotasunaren berri aurrenekoz gehienok, baina indartsu sumatu genuen, ez hainbeste fisikoki (gaitzak eta gaitzari aurre egiteko tratamenduek erasana baitzuten ordurako), baina bai mentalki (eta horixe da garrantzitsuena, egin genuen gure artean; eta hala izango da, baina ez da beti nahikoa, horratik).

Urriaren lehen egunekin jaso nuen Txangurroren deia: ez omen zuen bueltarik Laxarenak, hamabost bat egun inguru soilik geratzen omen zitzaizkion. Segidan, Laxa agurtzeko plana egin zutela kontatu zidan: Gabinoren autobus batean bilduko ginela taldeko guztiak Laxarekin, garai batean Galiziako Lalin herrira edo Andaluziako Kordobara partida jokatzera egindako bidaien tankeran, garagardoak eramango genituela, eta topa egingo genuela gure lagunaren omenez. Berak halako agurrik nahi ote zuen, horixe izan zen nire galdera; hura guztia egiteko ea gai ikusten ote zuen bere burua. Gabinok hitz egin dik harekin eta kristoren ilusioa egin omen ziok, erantzun zidan Txangurrok. Ez zegoen ezetz esaterik.

Ahal izan genuen guztiak elkartu ginen Zarautzen, kiroldegi aurrean. Hamabost bat lagun, altura galdu gabeak artean, baina garai batean izan ez genuen tripatxoarekin ia denak. Sarri elkarrekin egoten ez ginenak besarkatzeko aukera baliatu genuen, egunean jartzekoa. Eta Laxa? Zubigainen jasoko diagu, azaldu zigun txofertzan aritu behar zuen Luisek.

Bere bi arrebek lagunduta jaitsi zen Aiatik Zubigaineko geldilekuraino. Kiloak eta ileak galduta azaldu zitzaigun begien aurrean, eta autobusetik jaitsi ez jaitsi egon ginen une labur batez, berak igo behar ote zuen zalantzan batetik, baina hil-hurren zenari zer esan ez asmatzeko beldurrez bestetik. Zalantza izpi haren ondoren, laguna besarkatzera jaitsi ginen berehala. Irribarreaz gain, pastelak ekarriak zituen Laxak; guk garagardoak eta besarkadak jarri genituen.

Autobusean, topa egiten.
Autobusera igo ginen, eta Getaria aldera abiatu. Txantxak egin genituen, abestiak kantatu, partida batetik bueltan bagentozen bezala. Topa egin genuen gure lagunarekin, bere arrebek argazkiak ateratzen zituzten bitartean. Hasi ginen moduan, Galiziako azken herritxoraino, geratu gabe, kostako bidetik joatea izugarria litzatekeela esan zuen norbaitek, eta bidaia eder hura egiteko gogo utopiko harekin ametsetan, isilik geratu ginen une batez.

Getariko portuan
Getariko portuan bota genuen aingura, azkenean. Pastelak jan genituen, duela hamar-hamabost urteko pasadizoak gogoratuz. Elur azpian, Txekiako eta Alemaniako mugen artean (no woman’s land), hotzak akabatzen, noraezean zegoen neskatilaren istorioa kontatu zigun Laxak, Asierrek eskatuta. Eskola bateko ikasleekin egindako bidaia batean, inork inon nahi ez zuen neskatila hura autobusean hartu beste erremediorik ez omen zuten izan (edonork gauza bera egingo zian, esaten zigun Laxak). Munich-era iritsitakoan, aireportura jo eta bere sorterrira bidali zuten hegazkinez, Minsk-era, hegazkin-txartela hiru gidarien artean ordainduta. Garai hartako hogei mila duro izango hituen, esan zuen Gabinok. Hilabete batzuk beranduago, telefonoz Aiako etxera deitu omen zion neskak Laxari, baina ezin omen izan zuten elkar ulertu; eskerrak ematen zizkiola, hori seguru ulertuko zion, gauza batzuk ulertzeko ez baita hizkuntza jakin beharrik izaten.

Hango eta hemengo bidaietan bizitakoak izan genituen hizpide, anekdotak, pasadizoak. Laxak ez zuen, ordea, bere egoerari buruz hitz egiteko adorerik falta izan, eta zetorkionaren aurrean lasai zegoela aitortu zigun. Bere buruarekin eta inguruarekin bakean zegoela, horixe ulertu nuen nik, etxeko lanak eginda utziko zuela mundu hau, alegia, eta lasai zegoela horregatik. Joateko inongo presarik ez zeukala ere esan zigun.

- Egun hauetan herrian-eta egin dizkidaten agur eta omenaldi eta antzeko guztien ondoren, baina, ezin izango zioat orain buelta eman gaixotasunari…! Zer pentsatuko ditek, bestela! –bota zigun, umorea galdu gabe.

Autobusera itzuli ginen, Zarautzera buelta egiteko. Itsaso ondoko errepidetik gindoazela, bidaia hori azkenekoz egiten duenaren lekuan jartzen saiatzeak ez zidan onik egin. Getariko arratoia, itsasoa bere handitasunean, Zarauzko bista ederra. Zer burutazio ibiliko zituen Laxak?

Kiroldegi aurrera iritsitakoan errotondari lau buelta eman zizkion Luis gidariak, bozina ozen joaz, Espainiako txoko urrunenetik garaipen onenarekin itzultzen ginenean bezala. Harrituta begiratu gintuzten ingurukoek. Zertan ari dira ero hauek?

Autobusetik jaitsi eta banan-banan besarkatu gintuen Laxak.
-          Eskerrik asko, Laxa –ez genuen besterik esaten asmatu.

Autobusera igo zen ostera, eta une batez arrebari besarkatuta geratu, lehen ilaran. Hantxe geunden guztiok, espaloitik autobuseko leihora begira, ez zen inor mugitu handik, ez genuen laguna utzi nahi, ez genuen azken agurrik nahi. Eta han zegoen bera, bizkarka, arrebari besarkatuta. Une batez pentsatu nuen horixe izango zela gordeko nuen Laxaren azken irudia, eta apur bat tristatu nintzen, baina autobusa martxan jartzearekin bat, buelta eman zuen Laxak, eta musu bat bota zigun espaloian berari begira geunden guztioi. Bejondaikela, pentsatu nuen, eskua agur gisa altxatzearekin bat.

Hamabost egun eskas pasa dira hau guztia gertatu zenetik, eta Laxa ez dugu gure artean jada. Gogorra izan zen azken besarkada hura, autobuseko leihotik jasotako azken musu hura (gogorra eta goxoa, bere arrebek esan bezala), baina gogorra izanagatik, orain, jada Laxa joan zaigula, eman geniezaiokeen agurrik onena eman geniola, burutazio horixe dabilkit. Edo, hobeto esanda, eman ziezagukeen agurrik onena eman zigula berak. Eskerrik asko, Laxa.

4 iruzkin:

  1. Kaixo
    Benetan hunkigarria eta polita iruditu zait idatzitakoa;behin eta berriro gogoratzen dut bidai hura eta ez zait inoiz ahaztuko. Esker mila zuei denoi opari eder horrengatik eta azken agurrarengatik Aia'ko elizan( ziur nago gustokoa izan zuela). Argazkiekin ez nago ahaztuta eta bidaliko dizkizuet Gabinorekin.Benetan mila esker nere familiaren partez.
    Bere arreba
    Ana

    ErantzunEzabatu
  2. KAIXO!
    oso polita idatzitakoa, oso ederra...gogorra eta goxoa....askotan kontatu dizkigu zuekin egindako bidaiak...eta azkeneako hori pozez kontatu zidan! pila bat gustatu zitzaion!
    hiletan egindakoa izugarria izan zen,bene-benetan! bihotzeraino iritsi zitzaidan...
    berak ikusi zuen zenbat jendek maite genion eta ez dugula inoiz ahaztuko...beti egongo dela gure bihotzetan!
    eskerrik asko danoi!
    mxu bat
    miren (bere lehengusua, iloba bat bezelaxe)

    ErantzunEzabatu
  3. Eskerrik asko, Ana eta Miren.
    Pozten naiz gustatu izana.
    Ana, etxekoei ondo iruditzen bazaizue, bidai hartako argazki bat gehituko nioke idatzitako testuari. Hitz egin etxekoekin, eta ados bazaudete bidalidazu argazki bat e-mail bidez, bale?

    Hau da nire helbidea: bertol.arrieta@gmail.com

    Besarkada bat.
    Bertol

    ErantzunEzabatu
  4. Sabin Balentziagari eta Ana Lasari eskerrik asko argazkiak bidaltzeagatik.

    ErantzunEzabatu

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net