2011/10/11

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (II): Emetuta


Gizonaren eta emakumearen arteko berdintasunaz ari ziren behin irratian, esanaz emakumeak gizonaren plazak eskuratu behar dituela (goi-karguak lanean, berdintasunezko errepresentazioa politikan­­­, eta honelako kontuak), harik eta entzule fin batek gauzak bere lekuan jarri zituen arte, oso zentzuzkoa iruditu zitzaidan argumentu batekin: gizona dela emakumearen plazak bete behar dituena, eta alderantzizkoan tematuegi gaudela gizarte alu (adjektiboa nirea da) honetan.

Baina gizon batentzat ez da okerragorik emetuta dagoela entzutea baino. Bi potrorekin egin behar dira gauzak, ondo egin behar baldin badira. Emetuta hago patxaran txupitoa eskatzen baduzu, emetuta hago kafea apar askorekin eskatzen baduzu, emetuta futbola ez bazaizu gustatzen…


Duela ez horrenbeste, gure semeak 8 bat hilabete zituela, emaztea kontzertu batera joan zen, beranduenez 2:30ean itzuliko zela esanez, eta nire kargu utzi zuen semea (gauez hain berandu arte lehendabiziko aldiz).

Banekienez behin lo hartutakoan amaren bularraren eskean esnatuko zela, 22:30ak arte ez ginen etxeratu, lo aurreko tarte hori ahalik eta gehien luzatzen saiatu ondoren. Jaten eman nion pixka bat, nik afaltzen nuen bitartean, eta bizkortu egin zen. 23:30ak baziren berriz nekatuta sumatu nuenerako, eta besotan hartu nuen orduan, ea musika suabea jarrita loak hartzen zuen. Lepondoan hozka ari zitzaidanez, txupetea ematea otu zitzaidan (ez du nahi izaten), eta horrelaxe, txupeteari hozkaka erdi lo zegoela, besaulkian eseri nintzen, artean besoetan neukala. Amak bularra ematen dion postura berean geundela ohartu nintzen: umetxoa nire bihotz ondoan neukan, titiaren partez txupeteari zupa eta zupa, begiak itxita. Erdi lo zegoen, baina erdi esna ere bai: sakonki loak hartu aurreko trantze horretan. Lo geratu orduko esnatu egiten zen, eta txupetea zupa eta zupa hasten zen berriz, eta ez zen guztiz lasaitzen eskuarekin buruan laztanak egiten nizkion arte. Ia ordubete egon nintzen ferekak egiten, azkenean loak hartu zuen arte, amaren altzoan lasaituta normalean, baina aitaren magalean gozo-gozo orduko hartan. Kostata, baina ondo konformatu zen azkenean.

Eta egin nuen, nire artean, batzuetan ederra dela emetuta egotea. 

Eta pelikula honetan tokatzen zaidan papera zein den argi eta garbi daukadan arren, emazteari noizean behin kontzerturen batera joateko esan behar diodala deliberatu nuen, horrela, semeari buruan laztanak egiten nizkion bitartean.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net