Pertsona bat hil eta sei zauritu zituen atzo
gazte batek Bilbon, jakingo duzue, egunkari guztiek dakarte berria. Irratia
entzuten ari nintzela jakin dut nik. Abizenen grafia euskaratzeari buruz ari
ziren, eta nik ere lehen abizenarekin arazo hori ez dudan arren (Arrieta horrek
ez baitu aukerarik ematen “castellanizatzeko”), nire bigarrenarekin
(Cortajarena) halako batean zerbait egin beharko nukeela pentsatzen ari nintzen
(halako mingostasun txiki baina eramanezina eragiten baitit C letra hori
abizenaren hasieran ikusteak), Bilboko berriemailearekin konexioa egiteko eten
dutenean abizenei buruzko jarduna.
Berriemaileak
kontatutakoak jarri nau egunkari bila. Xehetasun txikiek jarri didate oilo-ipurdia, uzkurtu didate
bizkarrezurra: “sukaldeko aizto bat erabili zuen, hamazazpi zentimetroko xafla
zuena”, “taberna barruan, beste gizon bati eta beste emakume bati eraso zien;
langileak sukaldean babestu ziren, eta atearen kontra ere sastaka ibili zen”,
“nora ezean zebilen, begirada galdua zuela”, “bere onetik aterata jardun du 31
urteko gazteak”…
Sarraskia gertatu
den tokiaren parean, estetika-zentro batean lan egiten duen emakumea gutxigatik
libratu da: “ni izan nintekeen hildakoa, normalean lehenago heltzen naiz, baina
gaur bidean lagun batekin egin dut topo, eta…”
Oilo-ipurdia jartzen
zaizu, bizkarrezurra uzkurtzen: ni izan naiteke hurrengoa, edo zu, zu izan zaitezke.
Zergatik ez? Geroz eta jende gehiago dago langabezian, geroz eta jende gehiago
geratu da etxerik gabe, itxaropenik gabe, ezer gabe, geroz eta ero gehiago
dabil kaleetan.
Berriz irakurri dut
berriaren hasiera: “Ustezko erasotzailea 31 urteko gizonezko bat da, B.A.K.,
eta Barakaldon bizi zen; ez zuen, itxuraz, inongo harremanik biktimekin…”. Izuak
hartu nau: edonor izan daiteke hurrengoa, ero asko dabil kaleetan, agian zu, agian
bera, agian…, ni izan naiteke hurrengoa, ni izan ninteke atzokoa.
Ni I.E.P nauk: imanol epelde pagola. Hire aldean sigla sinpatikoak dizkiat... Eta bai, iep egingo diat kasu hurrena ere...
ErantzunEzabatu