Tragedia
greziarretan ohikoa da patuaren halako jokaldi harrigarri eta askotan
ez-sinesgarri bat gertatu eta horren ondorioz iristea istorioaren esperotako amaiera
tragikora.
Alberto Varela (CC-Egiletza aitortu) |
Kirola atsegin
dutenek pena hartuko zuten, gaur, Kontxako Banderan gertatu dena ikusita:
patuaren jokaldi ustel batek (itsaso txarrak eta haize aldaketak, kasu honetan)
aukerarik gabe utzi ditu bigarren txandan arraunean egin dutenak: Astillero,
Hondarribia, San Juan eta Tiran. Alper-alperrik denboraldi guztiko prestaketak
eta entrenamenduak.
Kirolaz gain antzerkia
maite dugunok, ordea, tragedia greziarren oihartzunak sumatu ditugu gaur
Kontxako badian, eta arrauna maitatzeko beste motibo bat pilatu dugu: zorteak,
patuak, jainkoak (bakoitzak jarriko dio nahi duen izena) azken emaitzan izan
dezakeen eragin dramatikoa. Ez dut beste kirolik ezagutzen kiroletik kanpoko
alderdiek horrenbeste eragiten dutenik: ez futbola, ez eskubaloia, ez
txirrindularitza, ez atletismoa, ez tenisa, ez igeriketa, ezta izotz gainean
erratza pasatzen jokatzen den hura ere.
Baina guri, hain
finak, jantziak eta jasoak garenoi, esan dezagun egia, ez gaitu asetzen
indarren arteko borroka soilak, tragediaren epika eskatzen du gure barruak;
baldintza berdinetan jokatutako bigunkeria horiek ez dira guretzat.
Hobe lukete beste
zenbait kiroletan ere ahalegina egitea patuak edo zorteak indar handiagoa izan
dezan: futbola aldapan dagoen zelai batean joka liteke, eta aldapa behera
jokatzen duen taldea zoriz aukeratu, edo galtzen ari dena jarri aldapa behera;
eskubaloian, ate handiagoa defendatu beharko luke talde indartsuenak;
txirrindularitzan, bidegurutze bakoitzean ezkerrera edo eskuinera jo
erabakitzera bultzatu behar genuke ziklista, eta erabaki horien mende ibilbide
errazagoa edo zailagoa egin behar luke...
A! Eta tragediez
nazkatzen garenean, kirolari komikotasun handiagoa emateko zer edo zer asma
genezake! Pentsatuko dugu zerbait...
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol