2011/09/01

Autokritikaz gogoeta laburra eta adibide praktiko bat: “Itsaso urdin bertikala” laburmetraiaren autokritika

Makina bat aldiz tokatu zait entzutea idazleren bat edo bestelako artistaren bat bestek egindako lanaren kritika gordina eta gupidagabea egiten, eta pertsona horiexek berak mutu geratzea euren lanaren aurrean, edo, are okerragoa dena, eurek egindako lanei buruz lausenguak soilik botatzea. Kritika ugari, baina autokritika gutxi, bazterretan.

Egile asko lotsatu egiten omen da, bestalde, beren lehen lana urte dezente igaro ondoren berrirakurri edo berrikusitakoan. Stanley Kubrick zine-zuzendari handiak ere ez omen zuen etsi "Fear and desire" bere lehen lanaren kopia guztiak desagerraraztea lortu zuen arte (hala dio Wikipediak ere). "Gaztetako akatsa" deitu zion bere lehendabiziko lan horri. Ez omen zuen lan haren egile zela aitortu nahi, hain zen perfekzionista gizona...

Baina zer hobea zure lanari zuk zeuk egurra eman eta egindako akatsak mundu zabalean erakutsiz "ofizioaren" gako batzuk (egin behar ez diren hanka-sartzeak, behintzat) ematen saiatzea baino. "Ofizioaren" zailtasunak eta norberaren ezintasunak azaleratzea baita bestek zure akatsetatik ikasteko modurik onena, eta akatsetatik ikastea baino pedagogia hoberik, gutxi...
Hala, bada, 2008an, Araiako Apota tailerrak antolatutako laburmetraien gidoi-lehiaketa irabazi ostean, gidoi hura pantailara eramateko saria irabazita egin nuen laburmetraiaren autokritika egingo dut jarraian.

Autokritika irakurri aurretik, komeni da laburmetraia ikustea (hemen), eta nahi bada, gidoia irakurtzea (hemen). Laburmetraia ikusi aurretik gidoia irakurri eta zuk laburmetraia nola egingo zenukeen pentsatzea ariketa polita da, gero laburmetraia ikusi eta akatsak garbiago ikusteko bada ere.

Hona, beraz, “Itsaso urdin bertikala” laburmetraiaren autokritika:

Laburmetraia, esan dezagun garbi, txarra da. Istorioak ez du funtzionatzen, ez du konbentzitzen, gaizki egina dago, erritmo desegokia dauka. Gauza asko esan daitezke, baina hona hemen garrantzitsuenak:

1)      Gidoia, oraintxe bertan, ñoño samarra iruditzen zait. Eta gidoia denez laburmetraiaren abiapuntua, ondo aukeratzea eta ondo lantzea komeni da.
2)      Erritmoa ez da behar bezain geldoa. Laburmetrai honek erritmo geldoago bat behar zuen, mantsoagoa behar zuen. Itsasoko eta “balkoiko” eszenen tartekatzea azkarregia da.
3)      Laburmetraiak tonu poetikoa dauka (edo izan nahi du), baina aukeratutako planoak oso zurrunak eta objektiboak dira. Gainera, eszena bakoitzaren plano bakar bat grabatu genuen eta muntaketan aukera handirik gabe geratu ginen. Errodatzea ez da idaztea bezala: ezin duzu nahi adina konponketa egin, lehen zirriborroa idatzi eta gero. Errodatzean, “zirriborro” guztiak grabatu behar dira, eta muntaketan “zirriborro” desberdinen zati egokienak aukeratu.
4)      Balkoiko eszenarako lokalizazioa ez da buruan geneukana. Dorre luze bateko solairu altu bat nahi genuen, baina ez genuen lortu (diru arazoak tarteko).
5)      Laburmetraien izaera “ez-profesionala” dela eta, hasieran aukeratu genuen argazki-zuzendariak kale egin zigun azken unean (pelikula baterako lana eman zioten), eta azken unean lortutako lagun batek egin zigun argazki-zuzendari gisa jarduteko mesedea. Argazki-zuzendaria da zuzendari baten eskuin eskua; harekin prestatu behar dira filmaren nondik norako garrantzitsuenak. Argazki-zuzendariak kale egiten badizu, hobe duzu laburmetraia atzeratzea (nahiz eta hotelak, jatetxeak, aktoreak eta gainontzeko pertsona guztiak prest izan; ez egin zalantza: atzeratu!)
6)      Soinuaren erabilpena berezia da laburmetrai honetan (ikus gidoia, laburmetraia ikustean argi ez bazaizu geratu). Eta ez bazara konturatu, gaizki egina dagoen seinale. Bolumen normala eman genion laburmetraiari, ohikoa baino bolumen handiagoa eman behar genion arren.
7)      Protagonistaren janzkera eta makillajea (balkoian) ez dira egokiak: ederregi dago; itxura penosoagoa izan beharko luke (dagoen egoera emozionalean egonda).
8)      Produkzio lanetan gehiegi kateatu nintzen. Zuzendaria produkzio lanetan aritzea ez da komeni. Zuzendariak dagoen horretara egon beharra dauka, eta ez beste ezertara. Mundu horretan lan egiten dutenek garbi daukate hierarkiaren garrantzia; nik, aldiz, ez neukan. Hierarkiaren maila gorenean dagoena zuzendaria da, eta beste guztiak haren zerbitzura lanean ari dira. Zuzendari izateko hori horrela dela onartu behar da.

Beno, zerrenda luza liteke... Baina nire buruari makilakadak emateaz nazkatu naiz... Ea norbaiti baliagarri zaion laburmetrai on bat egiteko egin behar EZ direnen zerrenda hau.

Niri, kontsolamendu bat geratzen zait: ez dagoela txarra hobetzea baino lan errazagorik. Hurrengoa hobea baietz!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net