Egun-pasa polita egin genuen lehengoan Legazpi aldean, Chillida Lantoki-Museoa bisitatzeko aitzakiarekin. Uztaileko asteazken batean joan ginen andrea, hamar hilabeteko semea eta hiruok, eta lehendabiziko sorpresa Lantoki-Museoaren sarreran eman ziguten: asteburuetan soilik irekia. Atean bertan jartzen zuen telefonora deitu genuen, esperantza gutxirekin, baina are sorpresa handiagoa jaso genuen arratsalderako hitzordua eman zigutenean; ez sinisteko luxua, krisi garaiotan batez ere: guretzat bakarrik ireki zuten museoa, eta “esklusiban” eman zizkigun azalpenak neskato aurpegi luze batek (gehitxo makillatuta, nire gusturako), euskara argi eta txukunean.
- Asteburutan soilik irekitzen dugu –esan zigun, eskumuturrean tatuatuta zeukan tximeletari begira ez distraitzeko burrukan nenbilen bitartean. – Gustatzen zaizu? –galdetu zidan besoa niregana hurbilduz; oso polita, oso polita, esan nion. –Kostan geratzen dira turista gehienak… Mirandaolan egoten gara, eta norbaitek deitzen badu, hitzordua jartzen saiatzen gara.
Ikustekoa da lantoki-museoa. Donostiako Tabakaleran espazioa antolatze aldera egin behar edo egin nahi dutenaren filosofia dauka paper-fabrikak ere: bere horretan utzi dituzte horma zahar handiak, papera egiteko makinaria erraldoiaren parteak, sabai altuak… Eta horrek xarma oso berezia ematen dio lekuari.
Gainera, argiztapen egokia jarri eta burdin-talkaren hots sarkorra gehitu diote, irudi erraldoiak paratu dituzte paretetan, Txillidak burdina lantzeko erabiltzen zituen makinak ekarri dituzte… Atmosfera lortua dago, zalantzarik gabe. Eta gure bisita seme esnatu berriaren negarrek eten bazuten ere, eta nahi bezala ezin ikusi ahal izan genituen arren bertan dauden bideo guztiak eta Txillidak berak paperean egindako zenbait grabatu, bere lan egiteko moduaz eta lan-giroaz blaituta atera ginen paper-fabrika zaharretik. Forma lortua dago, esan zidan emazteak kanpoan, fondoa, berriz…

Irtetean, sarreran zegoen kartel zaharberritu batek harritu gintuen:
“Está terminantemente prohibido mostrar la fábrica, y, por lo tanto, se ruega no se pretenda visitarla.”
Edo horrelako zerbait. Semea negarrez ari zen, eta ez nuen argazkia ateratzeko betarik hartu…
Nola aldatzen diren gauzak, kamarada, esan nion emazteari, honek seme gosetuarentzat bularra ateratzen zuen bitartean, kartel hori jarri zuenak jakingo balu orain zertan bihurtu den paper-fabrika…
Berritu egin behar lukete kartela, edo hobe, ondoan beste bat jarri:
“Está terminantemente prohibido trabajar en la fábrica, y, por lo tanto, se ruega se pretenda visitarla”. Horra nire aholkua, museoko arduradunentzat.
Jatordu kontuak, hurrengo mezu honetan.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina
Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol