2011/08/04

Legazpi – Chillida Lantoki Museoa – Etxeberria jatetxea (II)

Nire lagun Etxabek esaten duen moduan (eta artista handia da bera, eta kasu egitea komeni), bidaiatzea ondo dago, eta kultura ere bai, baina bidaia kultural-gastronomikoak baino hoberik ez dago… Alegia, jan-edana ondo egitea izaten da gure tankerakoentzat, askotan, bidaiaren xede garrantzitsuenetarikoa. Beno, bale: garrantzitsuena.

Horregatik, Legazpira egindako egun-pasa honetan (ikus kronika kulturala hemen), Chillidaren lantoki-museoa irekita edo itxita zegoen begiratu ez, baina non jan behar genuen ondo planifikatuta abiatu ginen. Janarekin broma gutxi (Etxabek dixit).
 
Euskal Herriko txoko guztietan baititugu lagunak, Urretxuko kontaktuari deitu genion, gomendioa eman ziezagun. Albisua karrerako lagunak Etxeberria jatetxea gomendatu zigun:

-          Ondo jango duzue han. Hamasei bat eurotan ditek eguneko menua, eta lekua elegantea duk.


 
Interneteko gomendioak baino hobeak normalean bertako batenak, egin genuen gure artean, eta bertara jo genuen, bitan pentsatu gabe. Asmatu genuen. Pena izan zen Albisuarekin kafetxo bat hartzeko hitzordua egin ezin izana. Hurrengo batean, amigo.

Ilunantz zoragarri batean bildutako jantoki moketadun batera sarrarazi gintuzten, leku hura umearekin eta umearen kotxe-karro handiarekin joateko dotoretxoegia ez ote zen burutik pasatzen zitzaigun bitartean. Enpresa-gizonekin batera, errepidetako langileak zeuden euren buzo fosforeszente eta guzti, eta lasaiago geratu ginen horrela.

Zarauzko malekoitik Getariako arratoia erakusten zuen koadro handi baten azpian jarri gintuzten. Kontxo! Etxean bezala…, esan nion emazteari, Olatuen soinua soilik falta zaigu… Urretxuko gizajo hauek, erantzun zidan bere betiko umore puntuarekin, ez baitaukate itsasorik… Margotua behar…

Aldameneko mahaian bikote kurioso bat eseri zitzaigun: maitaleak zirela esango nuke, zergatik ondo ez dakidan arren. Berrogeita hamar urte ondo betetakoak, emakumeak bazuen dotorezia, eta baita gaztetan izandako edertasunaren kontzientzia ere: burua zut ibiltzen zen, bularrak nahi bezain tente ez zituelako edo. Emagaldua izandakoa zela otu zitzaidan (nire pelikulak…), agian entzun nion iruzkin batengatik: “yo he follado todo eso, y más…”, baina ez dago jakiterik: tarteka entzundakoek istorioa norberak nahi bezala osatzeko aukera perfektua ematen dute. Horra fikziorako parada paregabea…

Grazia egin zidan bikote honek egindako kontu batek: norberari ateratako platera gustukoa ez, eta platera aldatu ordez beraiek aldatu ziren lekuz! Beste arrazoiren bat tarteko izango zen, baina absurdo harekin geratu nintzen, poz-pozik.

A! postre gisa jan genuen euskal pastela (egin berria omen) bere izozkitxo eta guzti, inoiz jan dudan onenetarikoa izango zen.


kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net