Sanmartzialetan izan zen, duela hamabost bat urte. Joan ginen
parrandara Irunera, eta halaxe genbiltzan, gozo-gozo, hogei urte izateak
ematen duten inozo sentipen epel horrekin, denboraren erlojuak artean
axola ez zitzaizkigula. Sanpelaiotan hasten ziren udako oporrak
guretzat, herriko jaietan, eta huraxe izaten zen ordularia etxeko
tiraderan uzteko eguna, San Joan sua baino errito garrantzitsuagoa.
Estudiante tunante, eta lanik egiteko obligaziorik gabe (ez beste lagun
batzuen tankeran, zortekoak gu!), festaz festa, parrandaz parranda
ibiltzen ginen orduz geroztik.