Ez zait sekula ahaztuko lehen edalontzia
eskuetan geneukala egin zidan galdera:
-
Eta hik zergatik ez didak niri hika egiten?
Begi-zeharka begiratu nion finlandiar lagunari,
eta klink edan nuen sagardoa.
Jo eta ma geratu nintzen. Urtebete eskas
zeraman gurean, eta hika egitea nahi ez zuen ba tipoak! Lauzpabost baso
sagardoren ostean bertsotan ere hasiko zaidak hau, egin nuen nire artean...
Gerora pentsatu nuen normala zela bere
eskaera, hika egiten ikasi nahi duenari hika egitea baino hoberik ez dagoela,
nahiz eta berak zuka erantzun gero (euskaraz egiten ikasi nahi duenari euskaraz
egitea bezalakorik ez dagoen moduan, nahiz eta berak gaztelaniaz erantzun).
Hain da erraza teoria, eta hain zaila praktika!
Gogoan dut semeari hitz egiten hasterako
horixe izan zela hartu behar izan nuen lehen erabakietako bat: zuka edo hika.
Zarautzen bizi bagina zuka egingo nioke
seguruenik, ume txiki-txikiei hika egitea arraro samar gertatzen baitzait eta
ez baitzukeen arazorik izango aurrerago bere kasa hika ikasteko. Kontua da
Donostian bizi garela, eta Donostian euskaraz bizitzea ez dela Zarautzen
euskaraz bizitzea bezalakoa. Esate baterako, Donostian nire adineko inork ez du
hika egiten, eta egiten baldin badu izango da beste nonbaiten bizi izan delako
edo gurasoetako batek (seguruena aitak) hika egin izan diolako. Ez, ez dut azterketa
estatistiko sakonik egin; nire irudipenei buruz ari naiz soilik.
Kontuak horrela, izugarrizko pena ematen zidan
nire semeak hika natural aritzeko gaitasunik ez izatea, eta hori ziurtatzeko
modurik onena nik neuk berari hika egitea zela deliberatu nuen.
Halaxe egiten dut orduz geroztik, nahiz eta
aitortu behar dudan hasieran (umeak erantzuteko gaitasuna izan artean) hika egitea
oso arrotza zitzaidala eta egin behar izan nuela ahalegin berezi bat horretara
jartzeko. Hori bai, 2 urte bete dituenetik, errazago ateratzen zait hikako
jarduna.
-
Eta berak hika erantzuten badik? ––galdetu
zidan lankideak––. Haserretu egingo al haiz?
Garai batean ––eta batzuentzat orain ere bai,
akaso––, bekatu handia zen aitari hika egitea. Baina irakasleari ere hika
egiten zaion egunotan, “errespetu falta barkaezin” hau ordaindu beharreko
faktura onargarritzat jo nuen.
Hala ere, zuka egiten dit oraingoz semeak ia
beti (ez dakit zer gertatuko den etorkizunean). Baina aitortu beharra daukat
babarrun gorri platerka dastatu eta “earra ziok” esaten didan bakoitzean harrotasunezko
malkoak sortzen zaizkidala bihotzean (eta hanpatu egiten zait nire euskaltzain buztana
hankartean).
Gu Errenterian bizi gara, eta nik haurrei mondraueko euskaran eta hika egiten diet. Eta umeek Errenteriko jendearekin bertako gipuzkera egiten dute, baina etxeko hizkuntza, beraien artekoa eta gurasoekikoa, mondrauera dute. Hika, baina, ez dute egiten...
ErantzunEzabatuEdonola, nik ere txikitan inoiz ez nuen hika egin, nahiz eta inguruan asko entzun (aitari, amamari...). Baina entzun izanak asko erraztu zidan gero heldutan berreskuratzea, beraz pentsatu nahi dut orain hika egiteak zerbaterako balioko duela.
Interesgarria.
EzabatuEta Arrasatera zoaztenean ez al dute hika egiten bertako lagunekin?
Bai, noski! Hangoekin ere bai.
EzabatuAurreko zure mezuaren arabera, Errenterian ez dutela hika egiten ulertu nuen.
EzabatuOrain diozunaren arabera, berriz, "hangoekin ere bai" Arrasatekoekin "ere" hika egiten dutela ulertzen dizut...
Errenteriako lagunekin zuka eta Arrasatekoekin hika?
Ala biekin hika?
Ala biekin zuka? Ez zait argi geratu...
Mila esker,
Bertol
Hire lehengo ekipoko azpeitiar batek oaindik amakin axpeitieraz hitzeiten jarraitzeik, gurekin hik eta biyok bezela. Ume txikiyai ere hika! Ze errespeto merezi dik soldata janian utzi ta geo kaka ta near iteiken batek! "Hi txikito!" bat eta aurrea!
ErantzunEzabatuMantzak!
Lau edo bost hilabeteko umeari ere hika egiten al diok? Eta ez zaik gogorra egiten? Zer errespetu merezi duen? Defendatu ezin denaren errespetua, gutxienez. Ez al zaik iruditzen?
EzabatuAlabari ere hika egingo al hioke?
Ondo segi, Mantzak!
Gure kasua ere antzekoa da: Donostian bizi arren mutrikuarrez egiten ahalegintzen naiz gure txikiari. Eta aurreko batean irakasleak esan ez zidan ba, sumatzen ziola umeari gauza batzuk "arraro" esaten zituela!
EzabatuHikarik ez. Galdu genuen hori. Akaso hire babarrunak probatu beharko dizkiagu hasteko...
Egileak iruzkina kendu du.
ErantzunEzabatu