2013/12/04

Aita izena kanta beharrak (aitatasunaren ajeak eta biajeak XIII)

Ebakuntza egin diote aitari duela hiru aste, bihotzekoa, eta ez nolanahikoa gainera. Etxean da honezkero, eta primeran ari da errekuperatzen zorionez. Ondo bidean, "bizitza normala" egiteko moduan izango da laster. Horixe nahi genuke!

Trantze gogorra da halako operazio batena, bai operatu behar dutenarentzat, baina baita ingurukoentzat ere. Ez zen samurra izan kirofanorainoko bidea: aita, zeladorea lagun, ohatilan etzanda ebakuntzarako “trajearekin”, eta etxekoak aldamenean, aitari hauspoa ematen saiatzen. Poliklinikako langileek igogailuko sabaian jarritako pegatinari begira gogoratzen dut aita: "Murrizketarik ez!".

2013/10/30

Artistak maitatzearen arteaz

Cuttie and the boxer pelikulako fotograma bat
Pasa den Donostiako Zinemaldian pelikula bitxi eta gomendagarri bat ikusteko aukera izan nuen: Cuttie and the boxer. Japoniar margolari bikote baten istorioa kontatzen du filmak, dokumental formatuan. New York-era bere arte-ibilbideari bultzada bat ematera iritsi berri den neska gazte batek gizonezko margolari bat ezagutzen du honen arte-galeria bisitatzera joanda, eta gizonaren artista planta orbanik gabeak txundituta berarekin maitemintzen da, eta haurdun geratzen segituan. Gizona, artista izateaz gain, ordea, zurrutero galanta da, eta ez du bere gain hartzen haurra zaintzeko erantzukizuna, halako moduz ezen emakumeak berak bakarrik atera behar baititu aurrera etxeko-lanak eta umearekikoak, uko eginez bere artista-senari eta margotzeko grinari, gizonak bere artista-ibilbide halamoduzkoa jorratzen segi dezan.

Pelikulak eragiten dituen hainbat gogoetaren artean (gizonak azpiratutako emakumea, artearen historia kanonikoan emakumeen aipamen urria...), beste bat gailendu zitzaidan niri, eta uda honetan irakurritako saiakera batekin lotu nuen segituan: "Maitatzearen arteaz" da liburuaren izenburua, Erich Fromm da egilea, eta maitasunari buruzkoen artean erreferentziazkoa omen da. 

2013/09/19

Askatasunaren nostalgia

         - Ama, joango naiz behera?
         (baimena eskatzea ere)
         Baina hala izan zen, edo hala gogoratzen dut, akorduak edonor saltzeko duen eskrupulurik eza gorabehera: abuztuko, ez, uztaileko arratsalde sargori bat, eta bat-batean zaparrada (lehentxeago trumoiak, lehentxeago haizea bazterrak astintzen, lehentxeago bero-sapa menderakaitz hura), eta ni etxeko leihoan, hondartzatik iritsi berria, udaletxeko plazan tanta lodiak kotxeen sabaietan erortzen ikusten, hots berezi hura, latorrizko danborra, eta...
         - Ama, joango naiz?
         (galdetzea ere; zintzoak ginen, alajaina!)
         Jendea oroitzen dut, txaparrotan, hondartzako motxilarekin arkupetan zain, leihotik begira auzokoak, galernaren enbatak bertaratuta, soinuaren sorgorrak erakarrita (imanaren indarra baitu udako ekaitzak).

2013/07/26

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (XII): aita, kontatu ipuintxo bat

Egunotan, semeak gehien errepikatzen dituen esaldiak zein diren aztertzen jardun dugu, eta hara, atera zaigun ranking-a:
1) Aita, goazen jolastera (egunean hamar bat aldiz)
2) Aita, kontatu ipuintxo bat (egunean bospasei aldiz)
3) Aita, ez dut lotara joan nahi (egunean, hiruzpalau aldiz)

 ("aita" jartzen duenean, "ama" ere jarrita beste hainbestetan, noski)

Polita da idatzita uztea (ahaztu egiten baitzaizkigu bestela gauzak), handia egiten denerako batez ere, gogorarazteko zenbat aldiz zulatu zigun belarria egunero-egunero hitz horietxekin.

Ez. Ez pentsatu gaizki. Ez da mendekua izango hitz horiekin prestatutako letra-zopa bisitan etortzen zaigun bakoitzero janarazten badiogu.

Txantxak alde batera utzita, duela hiruzpalau hilabete liburu baten hasieran irakurri nuen zita eder bat jartzera nator, udako oporrak zapore gozoarekin hasteko. Liburua "El que apaga la luz" zen, Juan Bonillarena. Eta zitak honela zioen:

“ ... y cada  noche yo le contaba a mis nietas historias que no acababan nunca porque ellas no me permitían ponerle “el vivieron felices” y me pedían que las prolongase con nuevos personajes hasta que se rendían al sueño. Entonces las arropaba y me iba hasta la puerta, desde donde las miraba una vez más. Sentía allí que un narrador, en el fondo, no es más que eso: el que apaga la luz. Apagaba la luz y salía.” 
                                                  
                   W. Somerset Maugham

Ondo pasa oporrak!





2013/06/09

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (XI): Boto baten truke

Ez da posible izan. Ezin izan diogu gehiago eutsi: pasa den larunbatean zentro komertzial batera joan ginen, zentro komertzial gorrotagarrienean hartu genuen aterpe. Aitortzen dugu. Ia hiru urte eutsi diogu, elurrak, txingorrak eta euri amaiezinak jasan ditugu ahal izan dugun moduan, inguruko liburutegi guztiak eta bertako haur txokoak, frontoi estaliak, tabernak eta kafetegiak, akuariumak, museoak, elizak, antzokiak ezagutu ditugu, baina agortu zaizkigu ideiak, agortu ipuinak, mozorroak, marrazkiak, eskulanak, puzzleak, baloiak, pilotak, panpinak, kamioiak, hondeamakinak, trenak, hegazkinak ­–are, baita telebistak eta ordenagailuak eskaintzen dizkigun leihoak ere–, bukatu zaigu imajinazioa, azken euri-izurrite eternalak hutsik utzi gaitu, ez dakigu nora joan, ez dakigu zer egin, alderrai gabiltza etxeko zoko ezkutuenetatik, jostailu berriren bat izan daiteken ezer non topatuko, 1002. ipuina nola asmatuko, nola aterako probetxua apal hautseztatuetan pilatutako erlikia merkeei, eta ez dugu erdiesten, ez zaigu ezer bururatzen, eta okerrena dena, ezin diogu buelta eman kontuari.

Horregatik, mesedez eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari edo Europar Batasunari edo jakintsuen komiteari edo Francoren itzalaren biboteari, arren, ordain dezatela Lorenzo askatzeko eskatzen dutena, otoi, eman diezaietela haiei eskatzen duten guztia, helikoptero bat Kaiman Irletara joateko, dolarrak, euroak eta yenak, eman diezaietela dena.

Edo, bestela, egin ditzatela parke estaliak behingoz, egin dezatela zerbait –eta azkar!–, umeak ditugun gurasoen suizidio-tasak gehiago gorantz egin ez dezan bederen. 

2013/05/25

Aitatasunaren ajeak eta biajeak (X): hizkuntza dela eta ez dela (III)


Txundigarria da, zinez, hizkuntzaren eskuratzea nola egiten duten umeek. Soinu arraroenetatik hasita, ziztuan igarotzen dira silaba itxura dutenetara, eta horien errepikapenez lehen hitzak sortzera. Entzuna neukan p edo t hizkia erroan duten hitzak sortzea errazagoa dela umetxoentzat, m hizkia dutenak baino, eta horregatik esaten dituztela lehenago aita edo papá gisakoak, ama edo mamá lakoak baino, eta ez aiten harrotasuna puzteko balio lezaketen arrazoiengatik… Hala, nahiko ohikoa omen da egun osoa amarekin igaro arren aita izatea umeak dioen lehen hitza, ama saiatu eta nekatuaren etsipenerako usu.

Gure umeak, aldiz, ma deitzen zion amari eta na deitzen zidan niri, urtea ondo konplitua zuela. Hala, bioi deitzeko, mana kuriosoa oihukatzen zuen. Halakoetan (manaaaaaa!!!), zera itzultzen zuen tarte-hizkuntza arraroen nire itzulpen-motor berezituak: aita edo ama, berdin zait nor, baina etorri oraintxe bertan!

Garai hartan pasa zitzaidan kontatzera noana, siesta luze baten ondoren semea esnatu eta ni haren ondoan gertatu nintzen batean, hain zuzen. 

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net