2013/09/19

Askatasunaren nostalgia

         - Ama, joango naiz behera?
         (baimena eskatzea ere)
         Baina hala izan zen, edo hala gogoratzen dut, akorduak edonor saltzeko duen eskrupulurik eza gorabehera: abuztuko, ez, uztaileko arratsalde sargori bat, eta bat-batean zaparrada (lehentxeago trumoiak, lehentxeago haizea bazterrak astintzen, lehentxeago bero-sapa menderakaitz hura), eta ni etxeko leihoan, hondartzatik iritsi berria, udaletxeko plazan tanta lodiak kotxeen sabaietan erortzen ikusten, hots berezi hura, latorrizko danborra, eta...
         - Ama, joango naiz?
         (galdetzea ere; zintzoak ginen, alajaina!)
         Jendea oroitzen dut, txaparrotan, hondartzako motxilarekin arkupetan zain, leihotik begira auzokoak, galernaren enbatak bertaratuta, soinuaren sorgorrak erakarrita (imanaren indarra baitu udako ekaitzak).


         Sei urte izango nituen? Zazpi, zortzi, bederatzi? “Txikia nintzenean” gertatzen diren kontu horietako bat izan zen, itsaso leun anbiguo hark ia urpean lurperatu ninduenekoa bezala, udako beste ipuin bat.
         Uda baitzen, hori seguru, eta askatasunak gatz zaporea uzten zigun ezpainetan, ile menderaezinak kaskoan. Presarik gabeko egun hankaluzeak ziren, amaierarik ez zutela ziruditen udak, mugarik gabeko lurraldeak gure oinetako maiztuek korrika zeharkatzen zituztenak, herri zabala zen Zarautz garai hartan, eta katuak harrapatu nahian ibiltzen ginen Iñi eta biok kotxe azpietan.
         - Ama... Ama... Ama!
         - Zer?!
         - Behera joango naiz!
         - Nora behera?
         - Plazara!
         Eta segundo gutxi batzuetako duda, zalantza pertinentea, leihotik zaparrada erortzen ikusten duten amaren begi eskuzabaletan, gogotik ari zuen:
         - Zeren zain zaude, ba! -eta ama batek soilik egin dezakeen irribarre hori.
         Eta bihotza danbadaka, nire urrats azkarrek eskaileretan emandako kolpeak nola, samaldan jaitsiz laukizuzenen malda, amildu beharrean arnasa eta dena, jo beharrean hormak eta lehenengo solairuko auzokoa. Eta iritsi beheraino azkenean, ireki ezkaratzeko atea, pasa korrika arkupeak, igaro kotxe tarteetatik, paratu plazaren erdian, aurpegia zerurantz (begiak ondo irekita hasieran, itxita gero), besoak zabalik, eta sentitzea, sentitzea tanta lodi haiek aurpegian-begietan-azalean, tanta lodi haien segida etengabea, hots hura belarrietan, hezurrak ere busti arte arroparen azpian.
         Eta, zer nahi duzue esatea, baina iruditzen zait, horrenbeste urte igaro eta gero ere, huraxe izan dela akaso askatasunaren zirrara sekula santan bizien aditu dudan unea. Eta nostalgia sentitzen dut, ez bereziki ume-garai haiena, baizik sasoi hartan, uda haietan, dastatu genuen askatasunarena.
         Nire momentua izan zen hura, horrenbeste urte pasa ondoren ere hainbeste aldiz gogora ekartzen dudana, begiak ireki nituenean bukatu zena: ama ikusi nuen leihoan irribarrez, eta inguruko putzu guztietan sartuz egin nuen etxerako bidea. Edo agian ez. Oroitzapenak beti oroitzapen.
         Horrexegatik galdetu nion lehengoan amari, ea gogoratzen zen gertaera honekin, ea nola gorde zuen berak akorduan. Eta oraindik jota naukan erantzuna bota zidan, ez zela hura sekula gertatu ziurtatu baitzidan, gogoratuko zela bera bestela, ez direla kontuok erraz ahaztekoak, eta abar eta abar. Min gutxiago egingo lidake masaileko batek.
         Egunak pasa ditut jota: nire baitan altxor baten moduan gordetako oroitzapen hori, inoiz bizi uste izan dudan askatasun unerik handiena, nire asmazio bat soilik izan dela pentsatze hutsak (faltsua!, gezurretakoa!) barraskilo-eskailera baten tarteko hutsunetik erortzen ari nintzeneko sentipena eragin dit; labirinto-bertigoa.
         Irakurtzen ari nintzen Herman Hess-en “Demian” liburuan aurkitu dut nire kezken erantzuna, kausalitatez:
         <<Nire jaioterriko filisteo ondraduekin oroitu nintzen, duintasunak gainezka egiten zien agure jaunekin, zeintzuek zorioneko paradisu baten gomuta gisa gordetzen baitzituzten euren ikasle garaiko oroitzapenak, eta urte haietako “askatasun” galdua gurtzen baitzuten, poetek eta bestelako erromantikoek haurtzaroarekin egiten duten moduan. Leku guztietan gertatzen zen gauza bera! Denek bilatzen zuten “askatasuna” eta “zoriontasuna” iraganeko ezein puntutan, norbere erantzukizunaren eta norbere bide bereizituaren ikuskizuna aurrean izatearen beldur hutsaz. >>
         Eta kezka, norabidez aldatzeaz bat, ez zait handitu besterik egin.
         Datorren astean, uda bukatuko da. Haurrak, ikastolara doaz. 
                                                   [Urola Kostako Hitzan argitaratua (Arkupean gehigarrian); 2013/09/19.]


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Egin hemen zure iruzkina edo kritika..
Mila esker!
Bertol

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net

kontaktua: bertol@bertolarrieta.net
www.bertolarrieta.net